BUELTATU

ELKARRIZKETA

"Histocell eta IK4-TEKNIKER hezurra eta kartilagoa birsortzeko produktu bat lantzen ari dira elkarrekin"

Bioteknologia etengabe garatzen ari da, eta bioteknologiako ikerketak beste alor batzuekin bat egiten ari dira; besteak beste, nanoteknologiekin eta mikroteknologiekin.

Begoña Castro. Histocell-en Sortzaile eta Hango Zuzendari Zientifikoari

Begoña Castro Histocellen sortzailea eta hango zuzendari zientifikoa da. Enpresa bioteknologiko bat da Histocell, eta Bizkaiko Teknologia Parkean du egoitza. Ehunen ingeniaritzan eta terapia zelularrean espezializatua dago, hots, lehenago aipatutako teknologien arteko mugan, eta IK4-TEKNIKERrekin batera lan egiten du proiektu batzuetan. Esperientzia interesgarri horretan oinarrituta, sektore horrek Euskadin zer egoera eta zer etorkizun dituen azaldu du.

Zer da ehunen ingeniaritza? Zer lan egiten du Histocellek alor horretan?

Medikuntza Birsortzaileko tresna nagusietako bat da ehunen ingeniaritza. Teknologia horri esker, kaltetutako ehunak edo organoak ordezkatzeko ehun-egiturak garatu daitezke zelulak biomaterial berriekin eta seinalizazio-molekulekin elkartuz.

Histocellen, ehunen ingeniaritza eta terapia zelularra garatzen ditugu, zenbait ehun konpontzeko eta birsortzeko: lesio osteoartikularrak, orbaintzea, nerbio-sistema eta birika-konponketa. Garapen horietan, biomaterial bat sortu behar izaten da, eta biomaterial horren diseinua baldintzatu egiten dute tratatu beharreko ehunak berezkoak dituen ezaugarri mekaniko eta metabolikoek.

Histocellen, bai gure aldetik, bai enpresa farmazeutiko batekin lankidetzan, produktuen lehen fase klinikoetaraino garatzen ditugu produktuak, izan osasun-produktuen alorrean, izan terapia aurreratuko medikamentu. Horraino iristeko, biomateriala industrializatu eta eskalatu egin behar da, produktua araupean lortu behar da, eta fase klinikoei ekiteko baimen arautzaileak behar dira.

Nanoimprinting teknologiak zer aplikazio du ehunen ingeniaritzan?

Nanoimprinting-ari esker, biomaterialen barne-egitura guztiz kontrolatuz sor daitezke biomaterialak. Hala, porositate-patroiak homogeneoki banatzen dira biomaterial osoan. Aldamio polimerikoak eraikitzeko erabiltzen da teknika hori, batez ere. Horregatik, ehunen ingeniaritzako garapen batzuetan soilik aplikatu daiteke.

Nanoimprinting-aren bidez material berriak garatzeko, ekipo berezi eta oso garestiak eta langile espezializatuak behar dira. Aldamioak neurrira egin daitezke bezero bakoitzarentzat, baina, horretarako, batetik, araudiak ezarritako fabrikazio-baldintzetan sartu behar da teknologia hori (araudiaren arabera, ezinbestekoa da prozesu osoan esterilitatea mantentzea), eta, bestetik, fabrikazio-gastuak ondo zaindu behar dira, berez handiak baitira.

Ehunen ingeniaritzan teknika hori ikuspegi berritzaile batetik erabiltzen ari dira: ehunak eraikitzeko, zuzenean zelulak hiru dimentsiotan nanoinprimatzen dituzten ehunak, hori egiteko euskarri-biomaterialik erabiltzen ez dituztenak, garatzen ari dira maila esperimentalean.

Zenbat erabiltzen dira, gaur egun, mikroteknologiak eta nanoteknologiak ehunen ingeniaritzan? Zer joera izango da aurrerantzean?

Ehunen teknologian aplikatutako nanoteknologia nanopartikula biologikoetan oinarritzen da (proteinak, lipidoak, ATP edo DNA) aldamioak egiteko, zelulak kapsulatzeko edo birsortze-prozesuan nolabaiteko zeregina duen faktore jakin bat modu kontrolatuan askatzeko sistemak garatzeko. Hala, zelulaz kanpoko matrizearen egitura hierarkikoa duten egitura ez-toxikoak garatu nahi dituzte, non propietate kimikoak eta gogortasuna bat datozen ordezkatu nahi den ehunaren propietateekin.

Mikroteknologiak eta nanoteknologiak hasiera-hasieratik daude ehunen ingeniaritzan, haren osagai guztiak eskala horretakoak baitira. Zelulaz kanpoko proteina askoren egitura haritsua da, eta hari horien diametroak eskala nanometrikokoak eta mikrometrikokoak dira. Teknologia bat baino gehiago dago egitura zelular horren antzeko materialak prestatzeko: electrospinning-a, automuntaia eta fase-bereizketa. Zenbait produktu natural (adibidez, kolagenoa, zeta-fibroina eta fibrinogenoa) eta material sintetiko (PGA, PLLA, PLGA eta PCLa) erabili izan dira nanopartikulak eta mikromaterialak prozesatzeko.

Zer aukera dago zentro teknologikoak (adibidez, IK4-TEKNIKER) eta biologiaren alorreko enpresak (adibidez, Histocell) eremu horretan lankidetzan aritzeko?

Orain arte, Histocellen kasuan, IK4-TEKNIKERrekin batera egindako lana zentro horrek gainazal bioaktiboak sortzen duen ezagutza zabalean oinarritu da; gainazal bioaktiboek zelulek material batean duten banaketa edo haien jokaera biologikoa mugatu dezakete. Elkartu egiten dira IK4-TEKNIKERrek osagaiak eta gainazalaren egitura kontrolatuz gailu berriak sortzeko duen ahalmena eta Histocellek biologia zelularraren inguruan duen ezagutza. Gainazal horiek ondorio klinikoak dituzten zelula-mota batzuetan eragiten dituzten aldaketak ikertzen ditu Histocellek, alor bioteknologikoak produktu berriak sortzeko.

Gaur egun, Histocell eta IK4-TEKNIKER Europako proiektu batean ari dira elkarlanean, analisi-kit bat eta hezurra eta kartilagoa birsortzeko ehunen ingeniaritzako produktu berri bat sortzeko.

Diru-laguntza lor dezaketen ikerketa-programez gain, beste lankidetza-modu bat ari da sortzen: produktu berriak sortzeko garapena lankidetzan egitea. Proiektu horietan, enpresaren (adibidez, Histocellen) eta zentro teknologikoen artean ordaindu behar da ikerketa. Baina garatutako produktuaren jabetza ere partekatua da, eta, beraz, aukera dago bi aldeek teknologia horri eta etorkizuneko royaltyei etekina ateratzeko.

Zer garapen- eta aplikazio-egoera dute teknologia horiek Euskadin? Eta Europan?

Nola Europan, hala Euskadin, teknologia horiek fase esperimentalean daude, eta hor ikusiko da garapenen ahalmen terapeutikoa. Dena den, martxan dauden proiektuek merkaturatzeko moduko produktuak eman ditzaten, oztopo ugariri egin behar zaio aurre oraindik: prozesuen industrializazioa, garapen berriek lehendik dauden teknika eta produktuen aldean eraginkorrak direla frogatzea, merkaturatze-kostuaren kontrola eta produktuaren sorrerako fase guztietako baldintza arautzaileak.