BUELTATU

PROIEKTUAK

PVD //
Teknologia eguzki-energiari aplikatua. Independentzia energetikoa eta teknologikoa.

Euskal Zentro teknologikoak PVD teknologia erabiltzen du plaka fotovoltaikoen funtsezko pieza bat —CIGS xurgagailua, hain zuzen— garatzeko.

Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren ATON proiektuak, IK4-TEKNIKER partaide duenak, 18 milioi euroko aurrekontua du, eta eguzki energia sortzeko teknikak ikertzea eta garatzea du helburu, horretarako Espainiako teknologia bakarrik erabilita.

Unisolar Taldea da kimenaren burua, eta enpresak (Acciona, Acerinox...) eta CSIC-eko ikerkuntza-zentroak dira gainerako partaideak. Esportazio-buru izango den eguzki-paken industria nazionala sustatzea da xedea.

Eguzki-energiak Espainian izan duen gorakadak badu ahulgune bat: instalatu diren ia eguzki-instalazio guztietako plakak atzerriko teknologiaz fabrikatu dira. Espainiak mendekotasun handia du energia iturri inportatuekiko —hala nola petrolioarekiko eta gasarekiko—, eta horrek eragin zigun, halako batean, tokiko alternatiben bila jardutea, hala nola energia eolikoa eta eguzki-energia. Orain, berriz, helburu hari gaineratu zaio Espainiako teknologia erabiltzen duen eguzki-industria sortzeko gogoa.

Hori dela eta, Ekonomia eta Lehiakortasun ministerioaren Centro para el Desarrollo Tecnológico e Industrial (CDTI) delakoaren ATON proiektuak xafla meheko zelula fotovoltaikoetan oinarrituta eta Espainiako teknologia bakarrik erabilita eguzki-energia sortzeko teknika berriak ikertzeko eta garatzeko helburua ipini dio bere buruari, eta 18 milioi euroko aurrekontua du horretarako.

Proiektu honetan, puntako ikerkuntza egiten duten beste 25 enpresa eta erakunderekin dihardu, lankidetzan, IK4-Tekinkerrek, eta haren helburua da teknologia nazionala darabilen eguzki-energiako industria garatzeko Espainiako industriak dituen gaitasunak bultzatzea. Hala, Unisolar Taldeak gidatzen duen ATON proiektuak —2009.urtean abiatu zen eta aurten amaituko da— sektore honetan esportazioaren eta teknologia-transferentziaren merkatua sustatzeko eta kualifikazio handiko lanpostuak sortzen laguntzeko asmoa ere badu.

Azken urteotan, asko ugaritu dira mundu osoan instalazio fotovoltaikoak, funtsean, eguzki-jatorriko elektrizitatearen presentzia ugaritzeko eta berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko.

ATON proiektuak proposatzen duen ikerkuntzak joera hori bi helburu nagusi erdiesteko aprobetxatu nahi du: alde batetik, partzuergoa osatzen duten partaideek beren teknologia eraginkor eta baliabideak optimizatuta ustiatzea; bestetik, nahikoa jakintza lortzea aurrera begira energia fotovoltaikoaren sektorearekin erlazionatutako ekoizpen- zein zerbitzu-ekipoen salmenta garatzeko proiektu bat abiarazteko.

Beste 12 enpresa erreferentzialekin eta 13 ikerketa-zentrorekin batera hartzen du parte ATON proiektuan IK4-TEKNIKERrek, 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Enpresen artean nabarmentzeko modukoak dira Acciona, Acerinox eta Maser, eguzki-energiaren sektorean lider direnak; ikerketa-zentroen artean, berriz, Centro de Investigaciones Energéticas, Medioambientales y Tecnológicas (CIEMAT), Centro de Investigación de Nanomateriales y Nanotecnología (CINN-CSIC) eta IK4-Gaiker zentro teknologikoa aipa daitezke.

PVD teknologia

Proiektu horretan, IK4-TEKNIKERren eginkizuna da plaka fotovoltaikoaren funtsezko elementuetako bat garatzea, CIGS xurgagailua, hain zuzen, bai eta, besteak beste, eguzki-zelulak selektiboki grabatzea ere. Horretarako, euskal zentro teknologikoak PVD (Physical Vapour Deposition) teknologia erabiltzen du, horretan esperientzia luzea baitu.

Bultzada handia izan du azkenaldian ohol fotovoltaikoen sektorean PVD teknologiaren erabilerak; izan ere, etorkizun handiko teknika moduan sendotu da geruza meheko teknologia fotovoltaikoen artean, potentzial handia baitu eraginkortasuna lortzeko, kostuak murrizteko eta hainbat substratutara egokitzeko (plaka malguetara, besteak beste).

PVD teknologiarekin, piezak geruza mehez (dozenaka nanometrotik mikra batzuetara bitarte) estaltzen dira, hutseko lurruntzea erabiliz. Teknika horri esker, ikaragarri estaldura gogorrak lor daitezke, osagaien iraupena handitzen dutenak. Horrez gainera, materialen azaleko ezaugarriak aldatzeko aukera ematen du, eta, hala, hari nahi diren funtzionaltasuna ematekoa eta azaleko akabera apartak lortzekoa.

IK4-TEKNIKERrek eguzki-plakak garatzeko erabilitako teknologiak —PVD bidezko estaldurak, hain zuzen—, beste ezin konta ahala sektoretan ere badu aplikazioa: osagai mekanikoetan, automobilen argietan, betaurrekoetan, patata-zorroen metalizazioetan, ukipen-pantailetan, eraikuntzarako beiran, mikroelektronikan eta abarretan.

IK4-TEKNIKER

Teknologia aplikatuaren ikerkuntzan eta hura enpresetan transferitzen ia 30 urteko esperientzia izanik, IK4-TEKNIKERrek espezializazio-maila altua lortu du lau eremu handitan (doitasun-ingeniaritza eta mekatronika, gainazalen ingeniaritza, ekoizpen-ingeniaritza eta automatizazioa eta fabrikazio-teknologiak), eta, horri esker, bere abangoardiako teknologia edozein lanen zerbitzura jar dezake.