BUELTATU

ALBISTEAK

ETALON AGren eta IK4-TEKNIKERen arteko banaketa-hitzarmena

IK4-TEKNIKERek ETALON AGren laser tracer bat banatuko du METRONICen bidez

METRONIC enpresa ere sartu da hitzarmen honen esparruan, laser tracerra banatzeko.

Enpresei irtenbide berriak eta balio erantsi handiko zerbitzuak eskaintzeko duen estrategiari jarraituz, IK4-TEKNIKERek akordio bat egin du Alemaniako ETALON AG enpresarekin, haren ekipoak METRONIC enpresaren bidez banatzeko. ETALON AG laser tracer teknologiaren eta ekipo horiekin lotutako neurketa eta konpentsazio bolumetrikoko software osoaren garatzailea da. Irtenbide horretan oinarrituta, egiaztapen eta konpentsazio bolumetrikoko zerbitzu berri bat ere eskainiko du.

Zerbitzu berri horrek IK4-TEKNIKERen Metrologia Unitatearen zerbitzu-eskaintza zabala osatuko du. Hala, makina-erreminten eta koordenatu bidez neurtzeko makinen fabrikatzaileek nahiz erabiltzaileek aukera izango dute beren makinen doitasun bolumetrikoa ezagutzeko eta hobetzeko (konpentsazio bidez).

Gaur egun, makina-erreminten fabrikatzaileek eta erabiltzaileek makinen posizionamenduaren doitasuna ebaluatzeko modu zehatz eta bizkor bat behar dute denbora ez-produktiboak eta ingurumen-efektuak, batez ere termikoak, minimizatzeko.

Makinak doitzeko erabili ohi diren tresnak, hala nola nibelak, eskuairak edo interferometro linealak, ez dira egokiak tamaina handiagoko makinak neurtzeko, karakterizazioa lan-bolumen osoan egin nahi denean.

Makina baten errore geometrikoak neurtzeko teknologiarik berritzaileena multilaterazio interferometrikoa da. Teknika matematiko ezaguna da, GPS nabigazio-sisteman erabiltzen baita. Neurtu beharreko gorputzera dagoen distantzia lineala zenbait neurketa-estaziotatik egitean datza. Gero, metodo matematiko bidez, ekuazio-sistemak ebazten dira, eta, emaitza gisa, islatzaileak espazioan duen posizioa lortzen da, eta, horrekin, lan-espazioaren posizio bakoitzean duen errorearen balio bat.

Teknika hori aplikatzeko erabil daitezkeen ekipoak laser trackerra (haren interferometroa bakarrik erabiliz) edo laser tracerra dira. Laser tracerraren eta laser trackerraren arteko desberdintasun nagusia hau da: laser tracerrak ez du angeluak neurtzeko kodetzailerik, ekipamendu hori multilaterazio-teknikaren bidez soilik neurtzeko diseinatu baita.

Tamaina handiko makina-erremintaren egiaztapen geometrikoa, haren lan-bolumen osoan, IK4-TEKNIKERek metrologiko espezializazio-lerroan duen lehentasunezko eremuetako bat da.

Multilaterazio-tekniken bidez egiaztapen bolumetrikoak egiteko irtenbide propio bat garatu du IK4-TEKNIKERek, laser tracker bat bi maila elektronikorekin konbinatuta baliatzen duena. Lortutako ezagutzari esker, irtenbide partikularrak garatu ahal izan ditu makina-erreminten fabrikatzaileentzat eta erabiltzaileentzat, eta lehentasunezko lan-lerroa izaten jarraitzen du zenbait alderditan, hala nola makinak autokalibratzeko, piezak eta egiturak lerrokatzeko eta, etorkizuneko helburu gisa, neurketak tokian bertan egiteko.

Lan hori guztia Eusko Jaurlaritzako Emaitek eta Etorgai programei esker egin da (Hiperion proiektua), bai eta CDTIri (Impeler proiektua) eta makina-erreminaren fabrikatzaileekin izandako lankidetza estuari esker ere. Fabrikatzaile horien artean, nabarmentzekoak dira Zayer, Juaristi, Goratu eta Ona.