BUELTATU

PROIEKTUAK

Sistema adimendun berriak jendea leku publikoetatik eta ekitaldi jendetsuetatik ateratzeko

Jendea aterarazteko bizkortasuna %20an hobetzen da

IK4-TEKNIKERek Europako eVACUATE proiektuan parte hartzen du, eta emaitzak Realaren futbol-zelaian, Bilboko Metroan eta Atenasko aireportuan probatuko dira. Lekuak errazago eta azkarrago husten lagunduko dute sistema horiek, eta edozein toki eta egoeretara egokitzeko diseinatuta daude.

Bi asteburutik behin, batez beste 24.000 lagun biltzen dira Anoetako estadioan; hau da, gehienezko edukieraren %74. Denboraldian zehar, BBVA Ligako sei partidatan 28.000 ikusle baino gehiago izan dira Anoetako estadioan, eta, betetzen denean, 30.000 lagun baino gehiago elkartzen dira. Bestetik, 300.000 lagunek baino gehiagok erabiltzen dute egunero Bilboko metroa. Azpiegitura horietako batean larrialdi-egoeraren bat gertatuko balitz, jendea haietatik ateratzeko bizkortasuna funtsezko aldagai litzateke arriskuak minimizatzeko eta jendearen segurtasuna bermatzeko.

Ebakuazioa behar bezala egiteko indarrean diren araudi eta lege guztiak betetzen dituzte azpiegitura orotan gaur egun dauden sistemek; esaterako, larrialdi-irteeretan, suteen aurkakoetan, ebakuazio-planetan eta abarretan daudenek.

Reala eta Metro Bilbao erakundeak erreferentzia dira segurtasun-estandarretan, baina, hala eta guztiz ere, ebakuazio-sistemak hobetuz joateko jarrera proaktiboa dute. Teknologia berriei esker, ebakuazio batean gertatzen diren masa-dinamikak aintzat har ditzakete segurtasun-sistemek, erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko.

Nahasmen mentala eragin diezaioke jendeari leku batetik irten ezinik egotearen sentsazioak, eta batzuek izu-atakeak izaten dituztenez, gerta liteke ebakuazio-bideetan (eskailerak, ateak...) jende gehiegi pilatzea eta, horrenbestez, ebakuazioa galaraztea edo moteltzea.

Arazo horietarako konponbidea aurkitu nahirik, eVACUATE proiektua bultzatu du Europako Batzordeak. Larrialdietako ebakuazioen funtzionamendua hobeto ulertzea eta egoera kritikoetan erabakiak hartzeko eta logistikaz baliatzeko sistema are seguruagoak eskaintzea du helburu proiektuak, zeinak IK4-TEKNIKER ere partaide baitu.

Edozein egoera hipotetikotara dinamikoki egokitzeko diseinatuta dago ekimen hori, eta 13 milioi eurotik gorakoa du aurrekontua. Proiektuaren xedea da ebakuazio zail batean harrapatuta daudenek egoeraz jabetzeko behar duten informazioa etengabe jasotzea, eta une oro jakitea zein den ebakuazio-biderik onena, baita egoera aldatzen bada ere. Ekimen horri esker ebakuazio-abiadura %20 baino gehiago azkartzea aurreikusten da, zenbait sistema adimendun erabiliz horretarako, komunikazio-sistemak, unean uneko egoera aztertzeko baliabideak eta ebakuazio aktiboko bidea seinaleztatzeko sistemak elkarrekin uztartuta.

Real Sociedad eta Metro Bilbao

Jende asko biltzen den erakundeetako instalazioetan probatuko dira, ondoren, proiektuaren garapenean diseinatzen diren sistemak; besteak beste, Realaren, Metro Bilbaoren eta Atenasko aireportuaren instalazioetan. Proiektuaren kolaboratzaile dira aipatutako erakunde horiek.

Probatze-fasean ingurune errealetan egitekoak diren lau saiakuntza pilotutako bitan probatuko dituzte Realak eta Metro Bilbaok eVACUATE proiektuan garatutako teknologiak.

Ingurumen adimendun edo smart space horiei buruzko datuak denbora errealean jasoko dituzte proiektu horretako ebakuazio-sistema berriek, horretarako garatutako teknologien bidez, eta etorkizuneko ebakuazio-eremu hipotetikoak aurreikusteko ahalmena izango dute. Une bakoitzerako ebakuazio-biderik egokiena zein den zehazteko, datuak prozesatu egingo dira, adimen artifizialeko sistemen, ikusmen-sistemen eta beste teknika batzuen bidez; ondoren, seinaleztapen dinamikoko sistemen eta smartphoneen bidez, jendeari jakinaraziko zaio zein den bide egokien hori eta, hartara, ahalik eta eraginkorrena izango da ebakuazioa.

Egoera hiru dimentsiotan ikusteko teknologia da sistema horretako funtsezkoenetako bat, ebakuazioaren egoeraren berri une oro izateko aukera ematen baitu. Ebakuatu beharreko jendearen portaera detektatzen eta ebakuazioarekin lotura duten guztien arteko informazioa (ebakuatu beharrekoena ere barnean dela) trukatzen lagunduko du teknologia horrek, lokalizazio-sistemekin eta jasotako datuen prozesamenduarekin konbinatuta.

Europako zenbait erakunde garrantzitsu

Konplexutasun handiko proiektua izaki, hogei erakundek esku hartzen dute eVACUATEN (EBko zortzi herrialdetako enpresak, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak). Erakunde horien artean badira multinazionalak (Espainiako INDRA eta Italiako Telecom), erreferentziazko unibertsitateak (Dresdenekoa eta Turineko politeknikoa) eta zentro teknologikoak (IK4-TEKNIKER, adibidez).

Ingurune adimendunen (smart space) arkitekturaz arduratuko da Eibarko erakunde hori. Ebakuazioan izan daitezkeen arazoak zehaztuko ditu ingurune adimendun horrek, eta egoera arriskutsu baten pean zer jende egon daitekeen. Halaber, seinaleztapen-elementu adimendunak jarriko ditu, ebakuazio-bideetan, zentro teknologiko horrek sortutako sistemak, eta lehenbiziko erantzunak helaraziko dizkie ebakuazioan esku hartzen ari direnei.

Real Sociedad

Real Sociedad futbol-klub bat da, ehun urtetik gorakoa; 29.277 bazkide ditu, eta bere gizarte-masa handitzeko asmotan jarraitzen du. Kluba Anoetako estadioa, etxeko partidak jokatzen dituen zelaia, moldatzeko prozesu batean dago. Gaur egun, Real Sociedad erakundeak beste erakunde batzuekin lanean jarraitzen du, estadioa moldatzeko lanak ahalik eta bizkorren egin daitezen eta nazioarteko kalitate-estandarrak bete ditzaten.

Metro Bilbao

Metro Bilbao Bizkaiko garraio publikoaren ardatza izateko jaio zen, egunero hiriaren alde batetik bestera joan behar dutenen mugikortasuna errazteko. Metroa Bilboren eta Bizkaiko gainerako herrien arteko harremana antolatzen duen garraiobidea da, eta urtero 85 milioi bidaiari baino gehiago garraiatzen ditu. Bilbo inguruko tren-sareak bi linea eta 40 geltoki ditu; geltoki horietatik 24 lurpean.