BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

ETE-etarako teknologia

Espezialistaren ikuspegia:
Patxi López Sesma,
kudeatzaile komertzial ETE-etan aditua

Espainiako batez bestekoa gainditzen dute, 100 biztanleko 6,75 ETE baino gehiagorekin, hainbat autonomia erkidegok: Katalunia, Balear Uharteak, Madril Euskadi, Errioxa eta Galizia. Enpresa txiki eta ertainen kopuruaz ari bagara, berriz, 100 pertsona aktiboko eta 100 pertsona okupatuko zenbat enpresa dauden begiratzean, sailkapena ia berdina da, Enpresen Direktorio Nagusiaren (DIRCEren) datuen arabera: Katalunia eta Euskadi nabarmentzen dira batean, 100 pertsona aktiboko 15 ETE baino gehiagorekin, eta Katalunia eta Extremadura, berriz, bestean, 100 pertsona okupatuko 21,01 eta 19,19 ETErekin.

Espainiako zenbatekoak eta enpresa-adierazleak aztertu ondoren, ondorio nagusi hau ateratzen da: krisi-egoera bizi dugun arren, enpresa-sarearen egitura nahiko egonkorra da, enpresa txiki eta ertainei dagokienean.

Orokorrean, azken urteotan, sektore guztiek nozitu dituzte kalteak, eta dezente murriztu da bai enpresa handien bai ETE-en kopurua. Hori horrela izanik, Euskadiko testuingurua hau da:

Euskadiko 158.538 enpresetatik, 158.303 ETEak dira (0-249 soldatapeko langile dituzte), hots, autonomia erkidego honetako enpresa guztien %99,85. %94,18 mikroenpresak dira (0-9 soldatapeko langile), eta horietatik %52,02, soldatapeko langilerik ez dutenak. Enpresa handien kopurua estatuko batez bestekoa baino handiagoa da: %0,15, %0,12rekin konparatuta. Talde horretan, Bizkaia (%0,17) eta Araba (%0,15) nabarmentzen dira.

Industriaren sektoreak enpresa guztien %8,54 hartzen du, batez ere manufakturakoa da. Metalezko gaien fabrikazioa, elikagaigintza, edarigintza eta argitalpen, arte grafiko eta erreprodukzioa ditu oinarri.

Populazioa (orokorra, aktiboa eta okupatua) eta enpresa-kopurua lotzen dituzten adierazleak aztertzen baditugu, Euskadin, 100 biztanleko, 7,22 ETE daude, batez beste; 100 pertsona aktiboko, 15,49, eta, 100 pertsona okupatuko, 18,42.

2002 eta 2011. urteen artean enpresek izandako bilakaerak erakusten du Euskadin 3.840 enpresa gehiago daudela (hazkunde garbia); hori %2,48ko igoera da, Espainiako batez bestekoa (%13,58) baino askoz txikiagoa. Enpresa-kopurua Araban hazi da gehiena (%4,83); aldiz, Gipuzkoan, behera egin du (–%0,98). Duela gutxiko garapenari dagokionean, 2010 eta 2011. urteen artean enpresa-kopurua 6.517 murriztu da Euskadin (murrizte garbia), ia denak ETEak (6.521). ETE-en barnean, berriz, gehienak soldatapekorik gabeko enpresak (5.302) eta 1-9 soldatapeko dituztenak (1.058). 250 soldatapeko baino gehiago dituzten enpresen kategoria soilik hazi da (%1,73).

Sektoreka, guztiak murriztu egin dira. Eraikuntzak nozitu du murrizte absolutu (–2.305 enpresa) eta erlatibo (–8,23 enpresa) handiena, eta industriak aldakuntza negatibo absolutu txikiena (–430 enpresa).

Testuinguru horretan, funtsezkoa da ETE-etan eta mikroETE-etan berrikuntza-prozesuak sartzea, merkatuan epe luzeko iraupena bermatzeko.

Gaur egun, oraindik ere, enpresa txiki batzuek mesfidantza agertzen dute zentro teknologiko batekin lan egiteko garaian; askotan, pentsatzen dutelako zentro horiek enpresa handietara, erakunde handietara eta industria-talde handietara bideratuta daudela. Guztiz oker daude, ordea. Izan ere, IK4-TEKNIKERen, sorreratik (80ko hamarkada hartan), erabatekoa izan da enpresekiko konpromisoa. Eta orain ere hala da; hain zuzen ere, enpresa txikien talde batek sortu zuen IK4-TEKNIKER, laborategi teknologikoak behar izan zituztenean.

Ikuspegi horrek urteetan barrena iraun du, eta gero eta gehiago indartzen ari da: gaur egun, gure DNAaren parte dugu “teknologia sortzea eta ETE eta mikroETE-etara eramatea”. Hainbeste, ezen industria-segmentu horretakoa baita gure bezeroen %90 gutxi gorabehera.

Gainera, enpresekiko konpromisoa eta harremana oso handia da orain ere, eta horrela erakusten dute 2013. urteko gure adierazleek. Adibidez, guztira 88.465 txosten eta ziurtagiri egin ditugu, 1.625 enpresentzat, lubrifikazioaren kudeaketa orokorreko, akatsen zergatiaren diagnostikoko eta metrologia dimentsionaleko zerbitzu teknologiko aurreratuen laborategietan.

Enpresei egiten diegun ekarpena teknologiaren eta espezializazio handiaren eskutik doa. IK4-TEKNIKERen, hainbat gaitasun teknologiko ditugu, eta ETE-en eta mikroETE-en zerbitzura jartzen ditugu, beren lehiakortasuna hobetu ahal izan dezaten. Enpresei bi baldintza besterik ez diegu eskatzen: “ardura eta lankidetzarako prest egotea”.

Gugan konfiantza jarri duten enpresa txiki askok izan dute arrakasta beren I+Gko proiektuetan, baina, bereziki adierazgarria denez, ORGUISA enpresaren kasua azpimarratu nahi dut.

mikroETE-en kasu arrakastatsu bat: DECOLETAJES ORGUISA

ORGUISA Eibarko enpresa bat da, 5 langilez osatua. Bere jarduera nagusia doitasun-dekoletajean oinarritzen da, eta hainbat sektoretarako egiten du lan (automobilgintza, linea zuria, sarrailagintza eta abar). Haien lan-tartea Ø1-34 mm bitartekoa da, hainbat materialetan (altzairua, letoia, aluminioa, altzairu herdoilgaitza…).

Hasieratik azaldu ziguten teknologia berriekin merkatu berrietara sartzeko aukerari buruzko kezka, giza baliabide mugatuak baitituzte. “Bost langile besterik ez gara; kementsuak, baina bost”, adierazi zigun Isidro Ormaetxea zuzendari nagusiak.

IK4-TEKNIKERen, biomedikuntzaren sektorerako gailu bat fabrikatzeko aukera ikusi genuen, begi-hondora argia zuzentzen duen gailu bat: Argi-trokarra.

ORGISAri, erronka berri horri aurre egiteko aukera azaldu genion, eta, hasteko, gaitasun teknologikoak trokarraren hasierako diseinuetara egokitu genituen.

Prozesuan, diseinuak erraztu eta hobetu egin dira. Ondorioz, gailuaren zati bat Vancouver-en (Kanadan) fabrikatzen da, eta gainerakoa ORGUISAn, eta horrek dezente murriztu du gailuaren kostua.

Teknologiaren aldetik, doitasunarekin eta mekanizatu beharreko materialarekin erlazionatutako zailtasunak izan ditu ORGUISAK, belaunaldi berriko material berri bat baita. Osagaiak 3 mm-ko diametroa eta 5 mm-ko luzera du, baina xehetasun batzuek 50 mikrako lodiera dute. Materialak ere eragin ditu zailtasunak, ezaugarri optikoak dituen eta biobateragarria den medikuntzako polimero bat baita (PMMA).

ORGUISA eta IK4-TEKNIKERen arteko lankidetzari esker, begi-kirurgiarako edo bitreoktomiarako prototipo bat fabrikatu da, ebakuntza kirurgikoen fidagarritasuna hobetzeko.

IK4-TEKNIKERen helburua enpresarekin lankidetzan jardutea da, enpresa handia nahiz txikia izan; izan ere, berrikuntzaren eragina ez da tamainaren araberakoa.

Enpresa-kopuruari, sektoreei eta abarri buruzko estatistika-datuak datu hauetan oinarritzen dira: Industria, Energia eta Turismo Ministerioa. Industria eta Enpresa Txiki eta Ertainen Zuzendaritza Nagusia. Enpresen Direktorio Nagusia (DIRCE). ETE-en Estatistikak. Bilakaera eta adierazleak. 2013ko martxoa.
www.ipyme.org