BUELTATU

PROIEKTUAK

Erabilera anitzeko mekanizazio-buru bat

Buruak zenbait mugimendu-aukera ditu hainbat erreminta-motatarako

IK4-TEKNIKERek askotariko eragiketak egiteko balio duen mekanizazio-buru bat diseinatu du GMTKrentzat, bankada inklinatuko tornu horizontal baterako.

IK4-TEKNIKERek askotariko eragiketak egiteko mekanizazio-buru baten diseinuan hartu du parte. Buru hori makina-erremintaren arloko GMTK euskal enpresaren bankada inklinatuko ACCURACER HR800 tornu horizontalerako da, eta zenbait mugimendu-aukera ditu hainbat erremintatarako. Bereizgarri hori dela eta, fresatze-, torneatze-, zulatze- eta txartatze-eragiketa konplexuak egin ditzake, besteak beste.

GMTKren instalazioetan irailetik lanean ari den buru hori, ahalmen horri esker, merkatuan erabat berritzailea da, eta, horregatik, gainerako fabrikatzaileekin lehiatzeko abantaila handia ematen dio enpresari.

Burua erabilera "anitzekoa" denez, ezin hobea da mekanizatu konplexuetarako. Hala, buruaren ezaugarriak eta makinarenak berarenak batera hartuta, makina ezin egokiagoa lortzen da tamaina handiko piezetan mekanizazio konplexuak egiteko, eta, horregatik, hainbat aplikazio ditu aeronautikan, ontzigintzan eta sektore eolikoan.

Buruak berez biratzeko aukera du, eta biratze hori erremintaren biraketarekin (ebaketa-mugimenduarekin) konbinatzen delako egin daitezke hainbeste eragiketa buru berriarekin. Gainera, badu kanpoko erremintak hartzeko harrera-leku bat ere, eta gai da kanpoko erreminta finkoak eta kanpoko erreminta kontrolatuak hartzeko eta kontrolatzeko; horri esker, askotariko eragiketa konplexuak egin ditzake.

Diseinu-proiektua IK4-TEKNIKEReko Diseinu, Fabrikazio eta Muntatze Unitateak egin du. Unitate horrek esperientzia zabala du tornu bertikal zein horizontaletarako buruetan, eta tornuko beste osagai eta sistema batzuk diseinatzen ere lagundu du. Diseinuak egiteko, Solidworks CAD/CAM diseinu-tresna eta zenbait kalkulu-programa erabili ditu zentro teknologikoak.

IK4-TEKNIKERi buruz

IK4-TEKNIKERek 30 urteko esperientzia du teknologia aplikatuan eta hura enpresetara transferitzen, eta espezializazio-maila handia lortu du lau alor handitan (Doitasun eta Mekatronika Ingeniaritza, Gainazalen Ingeniaritza, Ekoizpen eta Automatizazio Ingeniaritza eta Fabrikazio Teknologiak); horrek aukera ematen dio abangoardiako bere teknologia edozein zereginen zerbitzura jartzeko.