BUELTATU

ELKARRIZKETA

"Zerbitzuaren bikaintasuna mantentze-lanen bitartez"

Alberto Maritxalar,
Oronako Zerbitzuetako Berrikuntza Teknologikoaren arduraduna

Alberto Maritxalar Oronako Zerbitzuetako Berrikuntza Teknologikoaren arduraduna da. Igogailuen, eskailera mekanikoen, arrapala eta korridoreen diseinuan, fabrikazioan, instalazioan, mantentze-lanetan eta modernizazioan dihardu Orona enpresak. Bere esperientzian oinarrituz, mantentze-lanek zerbitzurik onena eskaintzeko zer garrantzi duten azalduko digu Maritxalarrek elkarrizketa honetan.

1.- Enpresa gehienek produktu-salmentan jardun dute orain arte, baina, azkenaldian, beste mota bateko ereduak indarra hartzen ari dira; haietan, zerbitzuen salmentak garrantzi handiagoa du emaitzetan. Zer garrantzi dute mantentze-lanek Oronan?

Zerbitzuen negozioa betidanik izan da diru-iturri Oronarentzat, nahiz eta enpresaren jatorria, berez, industriaren eta produkzioaren arloa den.

Kontuan izan behar da Oronak 50 urtetik gora daramatzala merkatuan, eta eboluzioa mantsoa izan dela. Oronaren profila nagusiki produkziokoa zen hasieran; une honetan, aldiz, zerbitzuak gailentzen dira.

Zerbitzuen negozioaren barruan, mantentze-lanen jarduera oso garrantzitsua da. Azpimarratu behar da Europako esparruan diharduen zerbitzu-enpresa bat dela Orona eta herrialde bakoitzak testuinguru desberdina duela, bai merkatuaren egoerari dagokionez, bai legeriari dagokionez.

Espainiako merkatuari eta oraingo testuinguru ekonomikoari erreparatzen badiegu, mantentze-lanen jarduera da garrantzitsuena une honetan.

2.- Zergatik da garrantzitsua mantentze-lanen aldeko apustu hori? Nola laguntzen du Oronaren eskaintza beste lehiakideen eskaintzatik bereizten?

Kontuan izan behar da igogailuak pertsonak garraiatzeko sistemak direla. Oronak beti egin du apustu bidaiarien segurtasun osoa bermatzen duen kalitatezko zerbitzu baten alde, bai eta instalazioaren taxuzko funtzionamendua zaintzen duten prebentziozko mantentze-lan egokien alde ere. Ahalegina egiten dugu abisuei eta larrialdiei erantzuteko denbora bezeroaren beharretara egokitzen dela bermatzeko, eta horrez gain, bere instalazioan egin ditzakeen hobekuntzei buruzko aholkularitza ere ematen diogu bezeroari, bai pertsona-mota guztien irisgarritasuna hobetzeko, bai instalazioaren energia-kontsumoa murriztuz dirua aurrezteko.

Gainera, enpresaren errealitatea kooperatibei loturik dagoenez, bezeroaren beharrak aintzat hartzen dituen konpromiso handiko giza taldea du Oronak.

3.- I+G+Baren aldeko apustu garbia egitea eskatzen dute mantentze-lanek; beraz, ohikoa da zentro teknologikoekin lankidetzan jardutea. Zein da Oronaren eta IK4-TEKNIKERen arteko lankidetza-esparrua? Lankidetza horren adibideren bat azpimarratu nahiko zenuke?

Zerbitzuen bikaintasunerako bide horretan, Oronak badu abantaila bat: testuinguru horretan esku hartzen duten elementuetan eragin dezake. Horretarako, lehenik eta behin, produktu berritzaileak garatzen ditugu, bai instalazio berrietarako, bai lehendik daudenetarako. Halaber, bezeroa helburu duten prozesu eta zerbitzu optimizatuak diseinatzen ditugu. Eta, azkenik, elementu-multzo horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko aukera ematen diguten azpiegiturak eta sistemak geureganatzen ditugu, komunikazioa eta informazioaren eskuragarritasuna hobetzeko.

Orain arte, Oronan produktuak, sistemak eta prozesuak bakoitza bere aldetik landu dira, emaitza onekin; baina ikusi dugu emaitza are hobeak lortzen direla hiru alderdi horiek bat izango balira bezala aintzat hartzen baditugu. Hori egitea ez da erraza, beti modu autonomoan lan egin duten sailak elkarrekin aritzera behartzen baititu, baina emaitza ikusgarria da.

Adibidez, komunikazioko zenbait sistema automatikoren bidez gure Contact Centre-ra iristen den informazioa erabil dezakegu, informazio horretatik ondorioak atera, eta gure mantentze-sarearen eskura jarri, mugikortasun-tresnen bidez.

IK4-TEKNIKERek denbora darama guri ikuspegi orokor hori aplikatzen laguntzen, eta horretarako behar den ezagutza teorikoa —beste sektore batzuetan izan duen esperientzia praktikoak ziurtatzen duena— gure esku jartzen.

4.- Oronak I+Garekiko duen konpromisoaren erakusgarri argia da, esate baterako, Orona Ideo proiektua: enpresa, zentro teknologikoak eta unibertsitatea biltzen dituen berrikuntza-hiria. Zer fasetan dago proiektu hori, eta zer ekarpen egingo du?

Orona Ideo martxan dago irakaskuntzari, enpresei eta teknologiari loturiko alderdiei dagokienez. Duela urte batzuk imajinatu ere egin ezin genituen azpiegiturak dauzkagu. Unibertsitatearen bigarren ikasturtea da hau, eta badira zentro teknologikoak ere, bakoitza bere lantaldeekin.

Horrez gain, Orona Fundazioa ere sortu da, eta Orona Ideo-ren baitan hasi da lanean, enpresa gizarteari zabaltzeko helburuarekin.

Hala ere, oraindik asko dugu egiteko. Orona Ideo proiektu irekia da, eta bide handia du egiteko. Hasi besterik ez gara egin, eta "berrikuntzaren ekosistema" honen onurak areagotzen lagunduko diguten mekanismoak eraikitzen jarraitu behar dugu, kolaboratzaile gehiago geureganatuz, eta eragile guztion arteko sinergiak bultzatuz.

5.- Zer aurreikuspen ditu Oronak etorkizun hurbilerako mantentze-lanei dagokienez? Zer proposamen-mota landuko ditu bezeroari balio handiagoa eskaintzeko?

Oraingo lan-ildoekin lortzen ari garen emaitzak ikusgarriak dira, eta, batez ere, emaitzak oso bizkor ari dira transferitzen Oronara. Horrek indarra ematen digu bide horretatik aurrera jarraitzeko; eskuratutako ezagutzaren eta lantaldeen egonkortasunaren ondorioz, geroz eta emaitza hobeak lortzea espero dugu.

Jada testuinguru horretarako prestatuta sortzen diren produktuen belaunaldi berri bat garatzen ari gara, eta gure sistemak eta prozesuak garatzen jarraituko dugu, ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

Horri guztiari esker, instalazioko elementu bat bere bizitza erabilgarriaren amaieratik hurbil noiz dagoen jakin dezakegu, esate baterako, eta elementu horren mantentze-lanak edo ordeztea unerik egokienean egiteko programatu dezakegu, bezeroari arazoak ematen hasi aurretik. Era berean, informazio eta ezagutza egokiak gure landa-langileen esku jar ditzakegu, instalazio horren informazio historikoaren eta erabilerarenberri emanez, eta antzeko lanak egiten dituzten beste profesional guztiek pilatutako esperientziaren bidez, lanerako orientabide gisa erabil ditzaten.

Azken finean, beti zerbitzu eraginkorragoa eta kalitate handiagokoa sortzen saiatzen gara; horretarako, betidanik bereizgarri izan dugun bezeroarekiko konpromisoa indartzeko aukera ematen diguten euskarriez baliatzen gara.