BUELTATU

PROIEKTUAK

Mantentze-lanak, ezinbesteko elementua erabilgarri dauden neurketa-sistemetan

Neurketa-sistemen eta eredu dimentsionalen mantentze-lan industrialak

Kalitate hobeko produktuak sortzea eta fabrikazio garaian eta ondoren ikuskapenak saihestea helburutzat harturik jotzen da prebentzio- eta mantentze-metodoetara. Horretarako, IK4-TEKNIKERek askotariko teknikak erabiltzen ditu, aukera ematen dutenak erabiltzen diren neurketa-sistemen mantentze-lan egokiak bermatzeko eta kudeatzeko.

Ia enpresa guztiek, handi, ertain nahiz txikiek, egin behar izaten dituzte mantentze-lan industrialak instalazioetan erabiltzen dituzten neurketa-sistemetan eta eredu dimentsionaletan beren produktuaren eduki zehatza ziurtatzeko.

Enpresek neurketa-sistema fidagarriak behar dituzte emaitza onak bermatzeko; horretarako, aldian behin berrikusi behar dituzte ekipoak.

Ezarritako kalitate-sistemaren bidez, erakundeek erabiltzen diren neurketa-sistemak erregistratzen dituzte, bai eta zenbateko maiztasunez kalibratu behar diren ere ekipoak egoera onena daudela bermatzeko.

IK4-TEKNIKERek askotariko zerbitzuak eskaintzen dizkio sektoreari, aukera ematen dutenak erabiltzen diren neurketa-sistemen mantentze-lan egokiak bermatzeko eta kudeatzeko.

Alde batetik, eredu dimentsionalen eta neurketa-sistemen kalibrazio-planaren kudeaketa integrala gauzatzen da. Outsourcing motakotzat hartzen da zerbitzu hori; izan ere, enpresak erabat besteren esku uzten du kudeaketa, eta IK4-TEKNIKERen garatutako eta beraren ekipoetara egokitutako software baten bidez egiten du jarraipena (kalibrazioen historia, ekipoen fitxak, kalibrazioaren emaitzen erregistroa eta abar).

Halaber, baliabide produktiboen mantentze-lan dimentsionala eskaintzen da; esaterako, makina-erremintena. IK4-TEKNIKERek askotariko alderdiak egiazta eta kalibra ditzake, hala nola makinaren geometria fisikoa, nibelatze-akatsa, posizionamendu-akatsa eta errepikagarritasuna.

Neurketa-sistema zehatz eta konplexuen kasuan —adibidez, koordenatu bidez neurtzen duten makinetan (KNM)—, ENACek ziurtatutako metrologia-laborategi bat denez, IK4-TEKNIKERek aukera eskaintzen du ekipo horiek kalibratu eta estatuko ziurtapen horren ziurtagiria lortzeko.

Makina-erremintako eta KNMko akats geometrikoa bolumen osoan neurtzeko, IK4-TEKNIKERek zerbitzu berri bat jarri du martxan, zeinean interferometrian oinarritzen den teknologia aplikatzen baita —tracer laserraren eta tracker laserraren bidez—. Teknologia horrek, multilaterazio sekuentzialaren bidez, aukera ematen du, neurketa-sistema bakar bat erabiliz, makina baten akats geometrikoaren 21 osagaiak bolumen osoan ikusteko.

Makinak zer akats duen jakiteaz gain, hura zuzentzeko eta, hala, prestazioak hobetzeko kontrolean sartu behar diren konpentsazio bolumetrikoko fitxategiak sor daitezke, eta hori dena doitasun interferometrikoarekin.