BUELTATU

PROIEKTUAK

Dimentsio handiko motorren beruna kentzea

Prestazio handiko motorrentzako berunik gabeko kojineteak garatzea

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa BeLeadFree proiektuan lanean ari da, errepide bidezko garraioko ibilgailu astunetan, elektrizitatearen sorkuntzan eta itsasoko garraioan erabiltzen diren motorretan dauden kojineteetako beruna kentzeko.

Industria eraginkorrago bat eta gutxiago kutsatzen duena egituratzen jarraitzeko, dimentsio eta prestazio handiko motorrentzako berunik gabeko kojineteak garatzea helburu duen proiektu europar batean parte hartzen du IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak.

BeLeadFree izeneko ekimena Daido Metal enpresak koordinatzen du (automobilgintzako kojineteen britainiar fabrikatzaile bat), eta Belgikako Elsyca enpresak eta Coventry Unibertsitateak (Erresuma Batua) ere parte hartzen dute.

Duela gutxi jarri da martxan proiektua, eta bi urte iraungo du. Ia 3 milioi euroko finantziazioa du, berrikuntza sustatzeko Europako Batzordearen Horizon 2020 programaren barruan onartuak.

Proiektuaren helburua berunik gabeko aleazioekin motorretarako marruskadurarekiko eta higadurarekiko erresistentzia handia duten geruza anitzeko kojineteak garatzea da; egin kontu orain arte nagusiki beruna erabili dela horrelako osagaiak fabrikatzeko.

Motorretan, mugimendu birakariak dituzten elementuen higadura minimizatzeko erabiltzen dira kojineteak. Orain arte, beruna erabiltzen zen pieza horiek egiteko, baina oso kutsatzailea eta toxikoa denez, berunik gabeko beste aleazio batzuk bilatu beharra dago.

Proiektu horretan garatutako produktuak erabilera astuneko eta ertaineko diesel motorretan erabiltzeko izango dira, zeinak erabiltzen baitira ibilgailu komertzial astunetan (esaterako, itsasontzietan, bi edo lau denborako eta abiadura ertaineko motor handietan), urpeko ontzietan edo ekipo elektrogenoetan.

IK4-TEKNIKERen Tribologia Unitateak egingo du simulazioa laborategian. Garatutako kojinete berrien eta gaur egungoen higadura-mekanismoa simulatuko du saiakuntza laburren bidez eta muturreko presiopean, haien balio-bizitzaren zikloa aurreikusteko.

IK4-TEKNIKERek berunik gabeko kojinete berrien materialen karakterizazio aurreratua egingo du, konposizioaren analisia, mikroegitura, gainazaleko ezaugarriak gainbegiratuko ditu —esate baterako, morfologia, gogortasuna, zimurtasuna eta ukipen-angelua— eta hondar-tentsioen eta propietate mekanikoen eta tribologikoen azterketa egingo du.

Adituek berunik gabeko alternatibak probatuko dituzte, prestazio mekaniko eta tribologiko onenak dituztenak aukeratuko dituzte —marruskadura eta higadura txikienak eta muturreko presioarekiko erresistentzia handienak dituztenak—, eta horrez gainera, aleazio berri horiek ingurumena errespetatzen dutela egiaztatuko dute.

Bigarren helburu hori lortzeko, saiakuntza tribologikoan eta motorreko saiakuntzetan sortutako higadura-partikulak bilduko dira, eta ekotoxikotasun-saiakuntzak egingo zaizkie, toxikoak ez direla egiaztatzeko.

"Industriak aleazio-ordezkapena segurtasun osoz egiteko, funtsezkoa da bermatzea aleazio berriek marruskadura gutxi eragiten dutela erregai-kontsumoa murrizteko, gaur egun erabiltzen ditugun berunezkoen antzeko iraupena dutela eta presio eta abiadura handiak jasan ditzaketela. Halaber, funtsezkoa da orain arte erabiltzen diren soluzioak baino toxikotasun txikiagoa izatea, kutsadura gutxiago eragitea eta ingurumena gehiago errespetatzea", adierazi du Amaya Igartua IK4-TEKNIKEReko Tribologia Unitateko arduradunak.

Proiektu horren esparruan garatutako kojineteak baliagarriak izango dira energia elektrikoa sortzeko, itsasontzien motorretarako eta automobilgintzako ibilgailu astunetarako, besteak beste.

Proiektu honek berrikuntza sustatzeko Europar Batzordearen Horizon 2020 programaren finantzaketa jaso du, 691503 zenbakiko laguntza hitzarmenaren arabera.