BUELTATU

PROIEKTUAK

Smart Asset Management soluzioak

Hodeira konektatutako ekipoak, haien funtzionamendua eta mantentze-lanak optimizatzeko

Teknologiak eta esperientzia konbinatzen dituzten soluzioak, sistemen eta ekipoen funtzionamendu okerrak detektatu, diagnostikatu eta aurreikusteko, eta, hala, haien errendimendua optimizatu eta haien bizia luzatzeko.

Edozein enpresaren emaitzen kontuan garrantzi handia du ekipoen errendimendua optimizatzeak eta haien bizia luzatzeak. Helburu horiek ditu IK4-TEKNIKERek bere Smart Asset Management (SAM) ikuspegiarekin.

Sistemen funtzionamendu okerrak detektatu, diagnostikatu eta aurreikusteko helburuarekin (sistema mekatronikoak izan ohi dira), IK4-TEKNIKERek teknologiak eta esperientzia konbinatzen ditu. Hala, mantentze-lanen itzulkina maximizatu egiten du, aktiboen erabilgarritasuna handitu, haien bizia luzatu eta eragiketa-kostuak murriztu. Horretarako, metodologia propio bat sortu dute SAM Guardian eta SAM Monitor plataformek osatua.

Helburu horietara aplikatutako SAM Guardian plataformak oinarri hauek ditu:

  • Analisi aditua. Condition Monitoringen alorrean olio-analisiaren bidez lanean daramatzan 30 urteetan oinarritua, IK4-TEKNIKERek alor horretan duen eskarmentua bermatzen duena.
  • Akatsak detektatzea. Ezagutza aditua eta datuen analisia konbinatzen ditu, osagai lubrifikatuetan eta aktiboetan hutsegite-sintomak eta arazo potentzialak identifikatzeko.
  • Diagnostikoa. Lubrifikatzailearen analisia eta diagnostikoa datu operazionalekin integratzen ditu, arazoa eta haren kausak hobeto diagnostikatzeko.
  • Prognosia. Sor daitezkeen hutsegiteei aurrea hartzeko eredu prediktiboak eraikitzen ditu baldintza- eta eragiketa-datu ugari analizatuz, tratatuz eta konbinatuz.
  • Eraldatzea. Jarduerak eta mantentze-lanen eta eragiketen estrategiak egokitzen eta hobetzen ditu, aurreko faseetan lortutako emaitzetan eta irizpideetan oinarrituta.

Gaur egun, makinak edo sistemak oso erraz egoten dira hodeira konektatuta, eta azpimarratu beharra dago horrek aukera ugari ematen dituela. Konektagarritasun horri esker, errazagoa da ekipoaren hornitzaileak edo zerbitzu espezializatuen hornitzaileek ekipoaren erabiltzailearekin lankidetzan aritzea, haren funtzionamendua eta mantentze-lanak optimizatzeko.

Bestetik, gero eta gehiagotan txerta daiteke produktuan nolabaiteko adimena, lan egiteko modua hobetu dezan hartutako esperientzian oinarrituta, baita antzeko produktuek hartutako edo partekatutako esperientzian oinarrituta ere. Adimen hori, SAM Monitor, sistema ziberfisikoen (CPS) oinarria da, zeina Smart Asset Managementen oinarrizko teknologia gaitzailea baita.

Metodologia horrek soluzioak ematen dizkie mota hauetako enpresei:

  • Enpresa erabiltzaileak, aktiboen ustiatzaileak, non mantentze-lana faktore kritikoa baita. Adibidez, parke eolikoak.
  • Mantentze-lanen soluzioak hornitzen dituzten eta gaitasun teknologikoak hobetu nahi dituzten enpresak. Adibidez, IK4-TEKNIKERen Atten2 spin-offa.
  • Produktu mekatronikoak garatzen dituzten eta egoera monitorizatzeko teknologien eta autodiagnostikoaren bidez beren produktuei balio erantsia eman nahi dieten enpresak. Ildo horretan, lankidetzak egiten dira makina-fabrikatzaile orokorrekin, aerosorgailuen osagai kritikoen eta osagai aeronautikoen hornitzaileekin; adibidez, lurreratzeko trenen fabrikatzaileekin.