BUELTATU

ELKARRIZKETA

Metrologiak makina-erremintaren aldeko apustua egin du

Javier Orive
Zayer enpresako kalitate-kontroleko zuzendaria

40. hamarkadatik makina fresatzaileak eta mekanizatu-zentroak garatzen dituen Zayer enpresako kalitate-kontroleko zuzendaria da Javier Orive. Elkarrizketa honetan, metrologiak makina-erremintaren arloan eskuratu duen garrantziaren gakoetako batzuk aipatu ditu Orivek.

1.- Fabrikazio-prozesuetan haziz doan zehaztasun-eskariak metrologiaren eremuan aukera berriak bilatzeko beharra ekarri du. Horrek hainbat arlori eragiten dio; horien artean, makina-erreminta, horren egiaztapena eta berori martxan ipintzea daude. Nola egiten die Zayerrek aurre behar berri horiei?

Zayerrek exekuzio automatikoko "utilitateak" garatzen ditu, geometria eta buruen doikuntzak aztertzen dituztenak.

Zayerrek iCAL izeneko adimendun aplikazio propioa dauka, kalibrazioa egiteko balio duena. Makinaren egungo egoeraren inguruko informazio osoa ematen digu, eta biraketa automatikoen buruen zinematikaren eta geometriaren auto-doikuntza egiten, ukipen-programa bat exekutatuz.

2.- INTEFIX partzuergoko eragile nagusietako bat izan zen Zayer. 30 enpresa eta zentro teknologikok osatu zuten hori, mekanizazio prozesuen etekina areagotzeko xedez. Horretarako, adimendun sistemak erabiltzen zituzten. Zer-nolako zeregina dauka metrologiak prozesu horietan? 

Metrologia ezinbestekoa da egungo fabrikazio-prozesuetan; batez ere, parametro kritikoen aldakortasuna dela, benetako eszenatokiaren (geometria, erabilerak, egoera termikoa, jitoak eta abar) gaineko kontrol gabezia dela, neurketaren emaitza kontrolatzea zaila den prozesuetan.

Ekoizpen-prozesuak hobeto ezagutzeko eta kontrolatzeko behar diren bitartekoak eskaintzen dizkio dimentsio-metrologia integratuak fabrikazioari.

INTEFIX proiektuan, adimendun mekanismo bat makina-erremintarekin berarekin elkarreraginean jarriz konpondu da integrazio hori. Mekanismo horren bidez, piezaren benetako geometria neur daiteke, horren benetako formari eta dimentsioei egokitu ahal izateko mekanizazio-programak. Horrela, zehaztasun handiagoko mekanizazioa ziurtatzen da.

3.- HIPERION proiektuaren esparruan, saiakuntza-banku izateko balio izan dute Zayerren makinek, IK4-TEKNIKERekin lankidetzan egindako egiaztapen- eta konpentsazio bolumetrikoko prozedura garatzeko. Lankidetza horren inguruko xehetasunak eman diezazkigukezu?

Bi erakundeen arteko lankidetzan mugarria izan zen HIPERION proiektua, izan ere, makinen egiaztapen bolumetrikoaren inguruko ezagutza teknikoa eskuratzea ahalbidetu zion Zayerri, eta bere garapenak benetako eszenatokira eramatea ahalbidetu zion IK4-TEKNIKERi.

Proiektuari esker, makina lan-bolumen osoan mugitzen denean erramintaren puntan gertatzen diren desbideraketen jatorrian sakondu ahal izan genuen.

4.- Zentzu horretan, zein balio eransten dio Zayer bezalako enpresa bati sektoreko beste eragile batzuekin elkarlanean aritzeak?

Kooperazio orok ahalbidetzen du ezagutzak trukatzea. Zayerren kasuan, egiturazko piezen diseinuaren gainean jardutea ahalbidetzen digu. Horrela, zehaztasun bolumetrikoa hobetu dezakegu, zuzenketak egin behar izan gabe.

5.- Zayerren izaera berritzaileak eta etengabeko hobekuntzaren aldeko grinak I+G+B prozesuekin etengabeko harremanean egonarazten dute Zayer. Zer-nolako pisua dauka metrologiak makina-erremintaren arloan? Zeintzuk dira etorkizunari begirako erronkak? 

Metrologiak dimentsio bereziki handia eskuratzen du tamaina handiko makinetan, Zayerrek fabrikatzen dituen bezalakoetan.

Tamaina handiko piezen zehaztapena bermatzea da gure erronka nagusia, girotu gabeko tailer inguruneetan lan eginez.

Horretarako, algoritmo matematikoak dituzten makinak eraikitzen ditugu, eta nahi ala ez nahi ingurumen-baldintzetan gertatzen diren aldaketak kontuan hartzea ahalbidetzen dute horiek.