BUELTATU

PROIEKTUAK

Osagai handien neurketaren erronka

Neurketa-irtenbideak produkzio-plantan

Gero eta osagai handiagoak fabrikatzea eskatzen du merkatuak, dimentsio-eskakizun gero eta zorrotzagoak dituztenak. Ondorioz, neurketa-estrategiak egokitu behar dira, bai zehaztasun handiagoa eskuratzeko neurketa-maila handiagoetan, bai fabrikazio-prozesuan piezak neurketa-bitartekoetara eramatea saihesteko.

Goi-mailako metrologiak aurrera egiten du, energia- eta garraio-industrien eskariak bultzatuta. Gero eta handiagoak eta sofistikatuagoak diren osagaiak fabrikatzea eskatzen dute aeronautika, ontzigintza edo haize-energia bezalako sektoreek. Beraz, goi-mailako metrologia zehatzagoa izan behar da neurri handiko piezetan.

Gaur arte, ekoizpen-gunetik hurbil kokatutako eta koordenatu bidezko neurketa-makinekin egin dira neurketa-prozesuak. Jarduera horrek ez du ziurtatzen azken produktuaren kalitatea, eta kostu handia dakar, piezak mugitu behar izatearen ondoriozko kostuengatik batez ere.

Gauzak horrela, ezinbestekoa da goi-mailako metrologia behar berrietara egokitzea. Hardware- eta software-erraminta berrienek, plantan bertan zehaztasun onargarria lortzeaz gain, non ingurumen-aldaketa den metrologiaren etsairik handiena, neurketen plangintza hobetzen dute, eta neurketa-estrategia aurreratuak (hala nola, trilaterazioa edo multilaterazioa) ezartzea ahalbidetzen, bolumenen eta osagai handien ziurgabetasun handia murrizteko.

Adibiderako balio du Spatial Analyzer softwareak; izan ere, inpaktu handia ari da eragiten osagaien egiaztapenean eta muntaia handien muntaketen laguntzan, goi-mailako neurketa-sistemekin (tracker laserrarekin, fotogrametriarekin edo beso artikulatuarekin, adibidez) simulatzeko duen gaitasunari esker.

IK4-TEKNIKERek software horrekin eta beste neurketa-sistema eramangarri batzuekin egiten du lan goi-mailako metrologiaren eremuan, merkatura simulazio-, egiaztapen- eta muntaketako laguntza-irtenbideak sartzeko xedez. Tracker laser- eta fotogrametria-teknologietan oinarrituta batez ere, software horren simulazio-erramintekin in situ egiaztatzeko gaitasunak areagotzen ari dira, in situ neurketaren ziurgabetasunak nabarmen murriztuz.

Beste alde batetik, teknologia lider gisa ari da kokatzen interferometria, makina-erreminta handien monitorizazioari eta geometria-egiaztapenari dagokienean. Interferometro tradizionalek bilakaera izan dute, eta bolumena egiaztatzeko erraminta bilakatu dira; tracker laserra da horren adibidea. Erraminta horiekin, bolumetrikoki egiazta eta konpentsa daitezke makina-erreminta eta koordenatuen bidez neurtzeko makina ertainak eta handiak, lan-bolumen osoan zehar, oso bizkor.

Makina-erramintaren geometria-monitorizazioaren kasuan, interferometrian oinarritutako erremintak erabiltzen dira, Etalon AGren Multiline irtenbidea bezalakoak, eta makinaren geometria-aldaketa kanal interferometrikoen bidez monitorizatzea lortzen dute. Bada, joera handia markatzen dute horiek makina-erreminta handien geometria-monitorizazioan.

IK4-TEKNIKER Etalon AG enpresa alemaniarrarekin dabil lankidetzan merkatu espainiarrean, interferometrian oinarritutako irtenbideak ezarriz, makina-erremintak eta koordenatuen bidez neurtzeko makinak egiaztatzeko, konpentsatzeko eta monitorizatzeko.

Azken batean, goi-mailako irtenbideak dauzka IK4-TEKNIKERek metrologian, eta alderdi erabakigarria dira horiek ekipoen kalitaterako.