BUELTATU

PROIEKTUAK

Neurri-printzipioa baliozkotzea

Ikerketa prestazio altuko sentsore-sistema bihurtzea

Neurri-printzipioa behar bezala baliozkotzea funtsezkoa da balio teknologiko altuko sentsore bihur daitezen ikerketa-prozesu batean garatutako formulazio teorikoak.

Argitalpenetan edo patenteetan islatzen diren formulazio teorikoak egiten dituzte ikerketa-zentroek eta unibertsitateek. Lana puntu horretan amai daiteke, edo ideia merkaturako produktu bihurtuko duen benetako ezarpenaren bilaketarekin jarrai dezake.

Teoriaren eta praktikaren arteko bide hori enpresekin elkarlanean gauzatzen da, eta neurri-printzipioa baliozkotzearekin hasten da. Neurketa baten oinarri zientifikoa identifikatzeko eta etorkizuneko esperimentu baten emaitzan eragin dezaketen faktoreak aurkitzeko prozesua da hori.

Industria-ingurunean gehien aztertzen diren faktoreak tenperaturan, hezetasunean eta bibrazioetan daude.

Gauzak horrela, garrantzitsua da neurri-printzipioa ezarriko den benetako lan-ingurua aintzat hartzea; bai ikertutako faktoreei esleitutako gehieneko eta gutxieneko balioak ezagutzeko, bai entseguak egiteko baldintzak behar bezala zehazteko.

Alderdi horiek identifikatuta, laborategiko eskalan errepikatu behar dira, eta ikertu den faktoreak neurri-printzipioan eragin garrantzitsua duen ala ez egiaztatu.

Batzuetan, nazioarteko arauen bidez zehazten dira entseguak egiteko baldintzak; hala nola, ASTM erakundeak ezar ditzake. Beste batzuetan, ordea, arau horiek ez daukate erregulaziorik, eta ikertzaileak berak zehaztu behar ditu esperimentua egiteko baldintzak.

Espektroskopia infragorrietan (IR) oinarritutako sentsore-sistemak baliozkotzea

Ekoizpen- edo kalitate-parametroekin zerikusia duen analito mota bat (lagin batean aztertzeko interesgarria den osagai bat) denbora errealean monitorizatzea da kontua, bai substantzia solidoei dagokienean, bai likidoei dagokienean.

Normalean, lubrikatzaile industrialetan (olioetan eta HTF fluidoetan) eta elikagaietan (esnea, sagardoa, ardoa, kiwiak eta tomateak) ezartzen da neurri-printzipio hori, beste batzuen artean.

Neurri elektrokimikoak dituzten teknologiak baliozkotzea

Biomarkatzaileen detekzio elektrokimikoa oso sentikorra, soila, merkea eta eramangarria da. Gainera, lagin txikia behar du.

Detekzio elektrokimikorako teknika ezberdinen barruan, anperometriarekin egiten du lan IK4-TEKNIKERek. Teknika horrek modu etengabean monitorizatzen du espezie elektroaktibo batek etengabeko potentzial baten eraginpean duen herdoiltze- edo murrizte-erreakzioaren ondoriozko korrontea. Erreakzio hori, gehienetan, HRP entzima katalizatzen duen erredox erreakzioa izaten da. Erreakzio antigeno-antigorputzaren markatzaile gisa erabiltzen da entzima hori, eta horrexek ematen dio espezifikotasuna detekzioari.

Fenomeno optikoetan oinarritutako biosentsoreak baliozkotzea

Teorikoki, metal baten propietateengatik, adibidez, urrearen propietateengatik, argiak material horren xafla mehe bat jotzen duenean, kitzikapen plasmonikoa sortzen da. Horren ondorioz, argi bat sortzen da metalaren gainazalean, eta metala argiztatu duen argi-iturriaren, metalaren eta aipatu metalaren xafla ukitzen duen bitartekoaren ezaugarria da argi horren espektroa. Horrela, argi-iturri baterako, metal baterako eta bitarteko zehatz baterako espektroa ezagutzen da. Bitartekoa aldatzen bada, aldaketa gertatuko da espektroan, bitartekoan egindako aldaketa dela-eta.

Printzipio fisiko hori ezartzeko aukera pentsatu da IK4-TEKNIKERen, sentsore-gailu biologiko bat egite aldera.