BUELTATU

ELKARRIZKETA

"Reiner Microteken berrikuntza da lehiakortasun-faktore nagusia"

Elkarrizketa Pablo Cajaravilleri, Reiner Microtekeko zuzendari tekniko komertzialari.

Pablo Cajaraville, Reiner Microtekeko zuzendari tekniko komertzialari

Pablo Cajaraville da Reiner Microtek, Polymer Microtechnologies enpresaren zuzendari tekniko komertziala. Enpresa hori REINERek (plastikoen injekzioa eta puztea) eta IK4-TEKNIKERek sinatutako hitzarmenaren ondorioz sortu zen. Hitzarmenaren helburua izan zen Negozio Unitate berri bat garatzea, mikroinjekzio-tekniken eta mikromoldeen fabrikazioetan oinarrituta. Pablo Cajaravillek enpresak spin-off gisa duen jarduera eta mikroteknologien inguruko testuingurua azaldu dizkigu newtek-erako.

IK4-TEKNIKER bezalako teknologia-zentro baten know how-etik sortutako spin-off baten adibide ona da Reiner Microtek. Ezaugarri horrek zer ekarpen egiten dio merkatuari?

Erreferentziarik ez izatea da sortu berri diren enpresek merkatuan sartzeko dituzten oztopoetan handienetakoa. Horri dagokionez, spin-off-ek abantaila bat dute, sortu dituzten enpresa/teknologia-zentroetan laguntza baitute. Gure kasuan, IK4-TEKNIKERrek eta Reinerrek duten ospeari esker (biak dira enpresa amak), merkatuak konfiantza izan du Reiner Microtekengan. Hasieran, hori garrantzitsua da, baina, gero, enpresak gai izan behar du bere lanean oinarrituz aurrera egiteko.

Bestalde, argi dago enpresa amak garatutako know how-a dela spin-off baten ezagutzaren abiapuntua. Era berean, guk izan behar dugu gerora ezagutza hori zabaltzeko ardura.

Enpresak zenbait urtez era autonomoan lan egin ondoren, teknologia-zentroekin batera egindako lanak zenbateraino hobetzen du haren lehiakortasuna?

Reiner Microtekentzat berrikuntza da lehiakortasun-faktore nagusia. Gure prozesuei eta produktuei aplikatutako berrikuntzak bilatzen dihardugu. Are gehiago, plastikoen mikroinjekzioko gure teknologiak abantaila ematen digu piezen zehaztasun eta miniaturizazioari dagokionez, baita garbitasunari dagokionez ere, Gela Zurian lan egiten baitugu.

Etengabeko berrikuntzari eusteko, hainbat I+G proiektutan parte hartzen dugu teknologia-zentroekin batera, haiek baliabide interesgarriak baitituzte lan hori egiteko.

Zure ustez, zein dira Euskadiko fabrikazio-sektorearen indarguneak eta ahultasunak, nazioartera begira?

Ezin dut orokorrean erantzun, gure esperientzia mikrofabrikazioaren hobi "txikira" mugatzen baita. Gainera, sektore bioteknologikoan eta osasunekoan espezializatuta gaude, eta sektore horrek berezitasun ugari ditu. Testuinguru horretan, uste dut Euskadiko sektorearen indargune bat dela ezagutza eta bitartekoak ditugula teknologiari dagokionez mailari eusteko, eta nahikoa esperientzia, proiektuak seriotasunez eta eraginkortasunez egiteko. Hala ere, gure kokapena ahula da, Alemaniako, Suitzako edo Frantziako mikrofabrikazio-clusterrekin alderatuz gero. Adibidez, Suitzak duela hamarkada asko egin zuen mikro-aren alde erlojugintzan, eta horregatik, abantaila du. Hori nabarmena da "mikro" tamainarekin erlazionatutako enpresekin nolako sarea duten ikustean. Hori dela eta, sektore horretan kokatu nahi duenak nazioarteko merkatuetara jo behar du.

"Mikro" tamainaren munduan espezializatzea lehiakortasun-bermea da epe ertain eta luzean Euskadiko fabrikazioaren eta makina-erremintaren sektorerako? Azaldu iezaguzu Reiner Microteken esperientzia.

"Etorkizuna mikro da" zioen ideia dagoeneko atzean geratu dela uste dut, orainaldia baita hori dagoeneko. Hau da, mikro mundua egungo aukera bat da. Negozio zabala da, eta, “mikro” aurrizkia gehitzen zaien industriako eremu ezberdin asko biltzen dituenez, zehatzagoa izan beharra dago, ez hain anbiguoa. Gure esperientziaren arabera ikusi dugu zenbat eta eskaintza zehatzagoa egin eta zenbat eta espezializatuagoa izan, orduan eta aukera gehiago gureganatu ditugula.

Zer funtzio betetzen du Reiner Microtekek makina-erremintaren bilakaera teknologikoan, eta nola ikusten du sektorea etorkizunari begira?

Reiner Microtekek zerbitzu osoa ematen die plastikozko produktuak edo piezak behar dituzten enpresei: piezen diseinuan eta garapenean laguntzen dugu, moldeak fabrikatzen ditugu, eta piezak edo osagaiak ekoizten ditugu. Merkatuaren behar dinamikoetan arreta jartzen saiatzen gara, bai eta haiei malgutasunez eta eraginkortasunez erantzuteko gai izaten ere. Reiner Microtek bereizten duen alderdietako bat da garapen horiek Gela Zuriko ingurunean egin ditzakeela.