BUELTATU

PROIEKTUAK

Eguzkiaren beroa ustiatzen duten instalazioetarako garbiketa ultrasonikoa

IK4-TEKNIKERek sistema bat garatu du, eguzki-kolektoreen mantentze-lanak optimizatzeko xedez

Eguzki-kolektoreen islagarritasunaren %100 berreskuratzea ahalbidetzen du irtenbideak, ur-kontsumo txikiarekin eta kontakturik gabe.

Eguzkiaren beroa ustiatzen duen edozein instalazioren etekinak zuzeneko lotura dauka berori osatzen duten eguzki-kolektoreen islagarritasunarekin; izan ere, bi gailu horiek arduratzen dira eguzkiarekin sortzen den energia jaso eta energia hori energia termiko bihurtzeaz. Horren funtzionamendua ezin hobea izan dadin, ezinbestekoa da sistema horietako ispiluak garbi egotea.

Testuinguru horretan, IK4-TEKNIKERek garbiketa-sistema ultrasoniko bat garatu eta patentatu du, gainazal handiei begirakoa, heliostato motako eguzki-kolektoreen mantentze-lanak optimizatzeko xedez. Eguzkiaren mugimendua jarraitze aldera mugitzen den ispilu batek edo batzuek osatzen dute kolektore-eredu hori.

Orain arte, presiopeko ur-txorrotetan eta eskuiletan oinarritu dira gailu horiek garbitzeko teknika ohikoenak. Lehenengoan, ur-kontsumoa oso handia da, eta garbiketa-maila txikia dauka. Gainera, oso zaila da mikra baino txikiagoak diren hauts-partikulak kentzea. Bigarren aukerak garbiketa-maila handia lortzen du, baina, kontaktuzko metodoa denez, ispiluaren gainazala marratzen da, eta, luzarora, modu atzeraezinean murrizten da islagarritasuna.

IK4-TEKNIKERek garatu duen teknologiarekin, fabrika-balioaren %100 berreskuratzen du ispiluaren islagarritasunak, gutxieneko ur-kontsumoa erabiliz (presiopeko ur-txorrotan erabiltzen dena baino 600 aldiz txikiagoa), eta kontaktu fisikorik gabe. Horretarako, ispiluaren gainazalean itsatsitako zikinkeria ekorketaren bidez kentzen duen gailu ultrasoniko bat diseinatu du.

Prozedura konbentzionaletan ez bezala, murgilaldirik gabeko garbiketa ultrasonikoa deritzon sistemak ez du objektua sartzeko upelik behar. Abantaila da hori; izan ere, bolumen handiko edo mugikortasun murriztua duten gainazaletan ezar daiteke. Horrela, bada, kabitazio-eremua (garbiketa ultrasonikoaren printzipio aktiboa) sortzen da garbitu behar den hedaduraren gainean jarritako ur-geruza mehean.

Beirak garbitzeaz gain, zoladuretan, fatxadetan, egurrean eta abarrean ezar daiteke teknologia hori. Beraz, ibilbide interesgarria egin du, baita ere, hiriko eta industriako mantentze-lanen eremuko enpresetan; garbiketa-gailuak garatzen dituzten eta osagai handiak ekoizten dituzten enpresetan, batez ere.