BUELTATU

ELKARRIZKETA

Lankidetza eta bikaintasuna

Fco. Javier Fernández de Retana,
Aernnova Aerospaceko Erakunde Harremanetako zuzendaria

Aernnova Aerospaceko Erakunde Harremanetako zuzendaria da Fco. Javier Fernández de Retana. Aeroegiturak (hala nola, hegoak, egonkorgailuak eta fuselajeak) diseinatzen eta fabrikatzen ditu enpresa horrek, bai metalean, bai konposite gisa, OEM nagusientzat. Elkarrizketan, enpresen eta zentro teknologikoen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du Fernández de Retanak, produktu eta zerbitzu berritzaileen bikaintasuna eta horiek garatzea lortzeari begira.

1.- Aernnova da enpresa erreferenteetako bat aeronautikako osagaien diseinuan eta fabrikazioan, eta prozesuak digitalizatzearekiko konpromiso irmoari zor dio arrakastaren zati handia. Nola egiten diozue aurre 4.0 Industriaren aldeko apustuari?

Balio erantsi handia, segurtasuna eta kalitatea dauzkaten produktuak garatu eta fabrikatzeagatik ezaugarritzen da industria aeronautikoa, eta beti bilatzen ditu bikaintasun teknikoa eta operazio-bikaintasuna, amaierako produktuek berezkoak dituzten ezaugarriak direla-eta.

Xede hori lortzeko, Aernnovak funtsezkotzat jotzen du modu masiboan sartzen ari diren teknologia berriak 4.0 Industriaren iraultzarekin batera erabiltzea. Digitalizazioaz gain, sentsorizazioaz, Big Dataz, errealitate areagotuaz, Cloud-az, kalitate igarleaz, elkarlaneko robotikaz, fabrikazio gehigarriaz eta, jakina, zibersegurtasunaz ere ari gara.

Zentzu horretan, gure apustua irmoa da, eta etorkizunean jarraitu behar den bidea delako uste osoarekin egiten diogu aurre erronkari.

2.- 2013tik, Aernnova IK4-TEKNIKERen patronatuaren parte da. Lankidetza-urte horien xehetasun batzuk ematerik bai?

Euskal enpresa bat gara, eta oso harro gaude Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zenbait zentroren (horien artean, IK4-TEKNIKERen) patronoak izateaz.

IK4-TEKNIKERekin azken urteotan eduki dugun lankidetzan, hainbat ildotan zehatz daiteke garapen teknologikoa:

Alde batetik, material konposatu eta metalikoen zulaketarako irtenbide berriak garatu dira, bai eta metalezko piezen zulaketa txikietarako eta ehundurarako (titanioan, batez ere) irtenbideak ere.

Bestetik, fabrikazio gehigarriko teknologiak daude. Eta, azkenik, Aernnovako ekoizpen-prozesuen aplikazioetan neurrira egindako tresna espezifikoetan ezartzeko askotariko garapen teknologikoak daude.

Aernnovaren HASI proiektuaren esparruan abian dauden lankidetzak nabarmendu behar dira, 4.0 Industriako teknologiak garatzeko xedea baitute, fabrikazio-sistema malgu, adimendun eta efizienteen belaunaldi berrirako.

3.- Urrunago joan gabe, laser bidezko teknologiadun irtenbideak garatzeko baterako apustua aurkeztu zenuten joan den azaroan, irtenbide horiek industria aeronautikoaren lehiakortasuna sustatzea ahalbidetuko dutelakoan. Zein balio ematen dio Aernnovari I+G eremuan duen estrategia zentro teknologiko batekin lerrokatzeak?

Aernnovak, hazteko, produktu eta zerbitzu berritzaileen garapenean oinarritutako kontratu berriak egin behar ditu, hortxe ematen baitzaio balioa gure bereizgarri teknologikoari.

Xede horrekin sortu dugu ‘enpresa teknologiko hedatua’ terminoa. Kontzeptu hori tresna bat da, eta, horri esker, trakzio-efektua sor dezakegu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko unibertsitate eta zentro teknologikoetan, proiektuen araberako lankidetzak gauzatzeko (batez ere, TRL baxuetan).

Zentro teknologikoek bereziki 4. eta 5. TRLetan osatzen dute Aernnova, unibertsitateekin loturak eginez TRL baxuenetan.

4.- Bikaintasunarekiko eta balio erantsi handiko ingeniaritzarekiko grinaren ondorioz, zuen jarduerak zabaldu dituzue, eta mundu-mailako erreferente bihurtu zarete aeroegituren diseinuan eta fabrikazioan. Zein erronka dituzue etorkizunera begira? Zer-nolako pisua edukiko dute beste enpresa eta zentro teknologiko batzuekin batera egindako proiektuek?

Munduko Tier 1 nagusienen artean egotean eta bezero nagusien (besteak beste, Airbus, Boeing, Embraer edo Bombardier enpresen) lehentasunezko hornitzaileetako bat izatean zentratzen dira Aernnova sendotzeko erronkak.

Bide horretan, zalantzarik gabe, konpainiarako funtsezko lan-ildoa izaten jarraituko dute bai operazio-bikaintasunak, bai gaitasun teknologikoen etengabeko hobekuntzak, baita beste enpresa, unibertsitate edo zentro teknologiko batzuekin batera egindakoek ere.