BUELTATU

ELKARRIZKETA

BIEMH: Makina-erreminta eta Fabrikazio Aurreratua

Mari Carmen Gorostiza,
Makina-erremintaren Biurteko Azokaren (BIEMH) zuzendaria

Mari Carmen Gorostizak 25 urtetik gora daramatza Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan lanean. Hasieratik, fabrikazio metalmekanikako industria-azokekin eduki du lotura bere jarduerak (azpikontratazioa, soldadura, galdaketa, makina-erreminta eta abar), eta, 2012tik, Makina-erremintaren Biurteko Azokako (BIEMH) zuzendaria da. Elkarrizketa honetan, bisitariek azokan aurkituko dituzten berritasun batzuen berri eman digu Mari Carmen Gorostizak.

1.- Makina-erremintaren Espainiako Biurteko Azokak hogeita hamargarren edizioa izango du honakoa. Zer-nolako ekarpena egin dio ekitaldiak Euskadiri, makina-erremintaren eta fabrikazio industrialaren sektorean garapen-polo gisa duen kokalekuari dagokionez?

Euskadin sustraitze handia duen azoka da Bilbao Exhibition Centre, eta bertako enpresekiko eta dinamizazio ekonomikoarekiko konpromisoa dauka, lehenengo instalazioak duela 60 urte baino gehiago eraiki zirenetik. Beraz, ez da kasualitatea gure azoka nagusiek industriarekin edukitzea zerikusia, ez eta, enpresa- eta elkarte-ehundura indartsu batek lagunduta, azoka horiek Europan aurreneko kokalekuetan jarri izana ere; izan ere, bokazio esportatzaile eta berritzaile argia dago zerbitzuetan eta produktuetan.

Testuinguru horretan, dauzkan ibilbidea eta prestigioa direla-eta, Makina-erremintaren Biurteko Azoka nabarmentzen da, 1961ean sortua. Urte horretantxe sortu zen, eta Espainiako makina-erremintaren sektoreko lehenengo azoka monografikoa izan zen. Eta azokak, guztiok dakigunez, funtsezko tresna direnez enpresen merkataritza- eta nazioartekotze-estrategian, eta edozein sektore ikusgarri egiten eta testuinguruan jartzen laguntzen dutenez, efektua elkarrekikoa da. Era berean, sektoreak berak ematen dio indarra deialdi bakoitzari, eta, BIEMH azokari buruz esaten dugun bezala, sektoreak "sekulakoa bihurtzen du" azoka. Zentzu horretan, gure erakusketarien indarrari egiten diogun keinu argia da gure “You make it big” delakoa. Gainera, erakusketari asko dira Euskadikoak.

Kanpora egiten ditugun sustapen-bidaietan, beti argudiatzen dugu BIEMH azoka bisitatzea azoka bat bisitatzea baino askoz ere gehiago dela, gure eragin-eremuan baitaude kokatuta sektoreko fabrikatzaile nagusiak, 100 kilometro inguruko erradioan. Eta, hain zuzen ere horiengatik esaten dugu, enpresa horiengatik guztiengatik, BIEMH azokaren hurrengo edizioa oso berezia izango dela, eta ez 30 zenbakiaren aurrean gaudelako bakarrik: erabateko ospakizuna izango da, enpresek krisiari aurre egin diotela eta beren prozesuak garai berrietara egokitu dituztela ospatuko baita.

Gure erakusketariak indar handiz kokatu dira merkatuan, eta maiatzaren 28tik aurrera beste behin ere Bilbao Exhibition Center erakustazokan ikusi ahalko ditugun aurrerapen teknologiko ikusgarriak ekarri dituzte. 2012tik naiz hitzorduaren zuzendaria (nahiz eta askoz ere lehenago hasi nintzen industria-azoketan inplikatzen eta lan egiten), esan beharra daukat sektorearekin oso harro nagoela; izugarrizko indarra erakutsi du –egoera oso zailei aurre egiteko gai izan dena–, eta etorkizunera begirako ikuspegi harrigarria agertu du.

2.- IK4-TEKNIKER garaiz iristen da hitzordura, eta BIEMH azokako erakunde historikoetako bat da, parte hartu duen aldien kopurua dela-eta. Zein balorazio egiten duzu zentro teknologikoak azokan egin duen ibilbideari buruz?

Ikerketa-zentroak erabakigarriak dira makina-erremintari eta fabrikazio industrialari aplikaturiko berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko orduan. IK4-TEKNIKERen parte-hartzea, adibidez, balio handiko elementutzat hartzen dugu bai guk, bai antolatzaileek, bai ekimeneko erakusketariek eta bisitariek, eta oinarrizko ekarpen teknologikoa egiten duela uste dugu. 4.0 Industriak enpresa berritzaileenen lehia-kokalekua indartu du, eta, eszenatoki horretan, garapen hobea lortzeko eta IKTen sektorea bultzatzeko toki estrategiko gisa finkatu dira zentro teknologikoak. Ezagutza transferitzeko elementu gidariak direnez, ekonomia modernoa hazteko eta aurrera egiteko muina dira.

3.- Zein dira edizio honetan ikusi ahalko diren berritasun nagusiak?

Biurteko azoka "fabrikaziorako fabrikazio-azoka" da, eta, bertan, berrikuntza izango da protagonista nagusietako bat, 4.0 Industriaren benetako motor gisa. Enpresa aitzindariek ordezkatuko dituzte eremu guztiak. Beren teknologia eta zerbitzu puntakoenak prestatzen ari dira jada, 50etik gora herrialdetako milaka profesionalei hurbilagoak eta irisgarriagoak egite aldera; izan ere, "Laugarren Industria Iraultza" deiturikoa ahalik eta gehien aprobetxatu nahiko duten milaka bisitari edukiko ditugu hilaren 28tik aurrera. Hala, osagaietan eta osagarrietan egin diren irtenbideak (%26) funtzionatzen ikusi ahalko ditugu aurten, baina baita harroketa bidezko makineria (%22), erramintak (%15), deformazio bidezko makineria (%14), automatizazioa eta robotika (%9), metrologia eta kalitate-kontrola (% 9) eta beste makina batzuk ere (%5).

Gainera, 4. pabilioia "4.0 Pabiloia" izango da. Eta izen hori jarri diogu, bertan bilduko baitira, toki bereizietan, fabrikazio-modu eta planteamendu berriak. BeDIGITAL izango da horietako bat, industriako eraldaketa digitalari zuzendutako ekitaldi berria. Azken garaiotan, digitalizazioa dagoeneko egon da BIEMH azokan; hala ere, hemendik aurrera, monografikoki erantzun ahalko zaie zeharkako erraminta horrek pizten dituen galdera guztiei, erakusketa, biltzarrak eta hitzaldi komertzialak konbinatuko dituen foro batean.

Leku horretan bertan egongo da, baita ere, ADDIT3D. Fabrikazio Gehigarriari eta 3Dari buruzko Nazioarteko Azokaren 3. edizioak azken pieza egiteko fabrikazio gehigarriko ekipoen eta makinen eskaintza handiagoa edukiko du, eta, horretaz gain, ezarpen industrialen garapen berrietan egin diren berrikuntzak topatu ahalko dira bertan, bai eta hitzaldien programa propioa ere. Bestalde, IMIC-Industrial Maintenance Innovation Conference biltzarrak ere 4.0 Industriaren printzipioak jasoko ditu, 4.0 Industria mantentze-lan igarle eta aurreratuan aplikatzeari buruzko saioekin.

4.- Zein eginkizun edukiko dute digitalizazioak eta 4.0 Industriak azokaren esparruan?

Azken urteotan, Makina-erremintaren Biurteko Azoka bera ere kontzeptu horiekin guztiekin eraldatu da, eta, gaur, Espainian fabrikazio aurreratuari buruz dagoen plataforma handiena dela ziurta dezakegu.Aurreko urteetan ere,  4.0 Industriaren efektuak BIEMHera sartu dira; hau da, dagoeneko urratsak eman ditugu fabrikazio adimendunaren eszenatoki berri horrekiko konpromisoan.

Eta, enpresei beren aldaketa-prozesu handietan laguntzen diegun lehenengo aldia izan ez arren, eta industria-munduan egin diren eraldaketa nabarmenen lekukoak –eta parte aktiboa– garen arren, uste dut ez dudala oker egingo esaten datorren BIEMH azoka izango dela, seguru asko, bere ibilbidean egon den ediziorik bikainena. Ekoizteko eta zerbitzuak eskaintzeko modua iraultzen ari da 4.0 Industria, eta hazteko eta lehian hobetzeko ikuspegi oso interesgarriak planteatzen dizkie enpresei. Testuinguru horretan, BIEMH, BeDIGITAL, ADDIT3D, IMIC eta WORKINN (Industria Arloko Enplegu eta Prestakuntza Foroa) bost ospakizun-ekimenetan "fabrika konektatu" berria arrakastaz kudeatzeko gako giltzarriak emango ditugulakoan nago.