BUELTATU

ALBISTEAK

IK4-TEKNIKERek bere aurrerapen berriak aurkeztuko ditu Makina-erremintaren Biurteko Azokan

Industry 4.0 soluzioak eta laser teknologia, IK4-TEKNIKERen apustuak fabrikazio aurreratuan

Robotika malgua makinako piezak elikatzeko, fabrikazio gehigarria eta makina handien auto-egiaztapenerako soluzioak ditugu IK4-TEKNIKERek BIEMH 2018 azokan aurkeztuko dituen aurrerapenen hiru adibide.

IK4-TEKNIKER Bilbao Exhibition Center (BEC) zentroan izango da maiatzaren 28an, Makina-erremintaren Biurteko Azokaren (BIEMH) hogeita hamargarren edizioan. Zentro teknologikoak erakustoki propioa izango du azokan, 1. aretoan, C22 korridorean, eta hor aurkeztuko ditu makina-erremintaren sektorean egin dituen aurrerapen eta garapen teknologiko berriak.

Sektoreko euskal enpresen erronkei erantzuteko asmoz, IK4-TEKNIKERek berrikuntza-maila handiko teknologiak lantzen ditu, fabrikazio-ingurune digitalizatuak ahalbidetzen dituzten makina adimendunak fabrikatzera bideratuak. Horren ildotik, arlo hauetan garatu dituen soluzio zehatzak aurkeztuko ditu azokan: automatizazio malgua, makina-prozesuaren modelizatua eta simulazioa (makina birtuala), makinaren egoeraren ezagutza (Health assesment), prozesuaren optimizazioa, eta makina-parkearen kudeaketa (Fleet management).

Era berean, zentro teknologikoak laser-teknologien esparruan daukan eskaintza globala aurkeztuko du azokan. Izan ere, lan horren barruan garatu du Laser Manufacturing Lab, eskakizun-maila handiko sektoreen fabrikazio aurreratuko premia espezifikoak ebaztera bideratutako irtenbide osoak ematen dituen ekimena.

Proposamenak hainbat fabrikazio-prozesu hartzen ditu barnean: hala nola, ekipoen eta osagaien diseinua eta fabrikazioa, fabrikazio gehigarria, inspekzioa eta neurketa, eta laser-teknologiaren arloko aholkularitza eta prestakuntza.

IK4-TEKNIKERek azokan aurkeztuko duen hirugarren garapena patente propioa duen irtenbide bat (“Integrated multilateration for machine tool automatic verification”) izango da. Makina-erraminta baten geometria lan-bolumen osoan automatikoki egiaztatzea da irtenbidearen helburua, eta, horretarako, Tracker laser-sistema sartu du makinan bertan, tresna bat balitz bezala.

Horrela, lan-bolumen osoan eta une oro modu automatikoan 0,1 mm-tik beherako zehaztasuna bermatu behar duten makina-erreminta handien egiaztapen automatikoarekin lotutako premiei erantzuten die zentroak.