BUELTATU

ALBISTEAK

ONAk 4.0 Industriako teknologiak ezarri ditu bere prozesuetan

Elektrohigadura bidezko makinentzako adimendun sentsoreetan oinarritutako kontrol-sistema

Adimendun sentsoreetan oinarritutako kontrol-sistema ari da garatzen IK4-TEKNIKER, ONA euskal fabrikatzailearen makina-familia berri baten prozesuen egonkortasuna areagotze aldera.

Nazioarteko merkatuen lehia biziaren ondorioz, fabrikazio-sistema adimendunak, malguak eta zehatzak diseinatu behar dira, produktibitatea handitzeko eta kostuak murrizteko gaitasuna dutenak.

Zentzu horretan, kontrol-sistema automatikoak diseinatzeko orduan, ONA elektrohigadura bidezko ekipoen fabrikatzailearekin batera ari da lanean IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa, zehaztasun handiko emaitzak bermatuko dituen makineria-sorta berri eta egonkorragoa garatzeko xedez.

Zehazki, emaitzak optimizatuko dituen prozesuaren egonkortasuna kontrolatzeko sistema automatiko berri bat sortu nahi du zentro teknologikoak, makinen funtzionamenduari buruzko informazio fidagarria eskuratzea ahalbidetuko duten sentsoreak erabilita.

"Askotariko sentsoreak eta autokalibrazioko algoritmo bat erabiltzean egongo da oinarrituta sistema, elektrohigadura bidezko prozesu zehatza, egonkorra eta malgua lortzeko. Prozesu hori efizientea izango da energia-kontsumoaren arloan, eta ingurumena errespetatuko du. Irtenbidearen ezaugarri nagusietako bat izango da fabrikazio-prozesuen optimizazioa, eta, horren eraginez, bazterketen kopurua murriztuko da", ziurtatu du IK4-TEKNIKERen proiektuaren arduraduna den Eneko Gómez-Acedok.

Hori lortzeko, irtenbide baten garapenean ari dira lanean zentro teknologikoko ikertzaileak. Irtenbidea 4.0 Industriako kontzeptuetan dago oinarrituta, eta bitarteko automatikoak edukiko ditu, bai prozesua berrelikatzeko, bai informazioa trukatzeko, sentsore ugarik emango dituzten seinaleei esker.

Makinan sartutako sentsoreek ematen dituzten datuetatik abiatuta, makinaren jokaera modu birtualean eta denbora errealean birsortzeko eta simulatzeko gai izango da informazio-sistema hori.

"Sistema berri hori ezarrita, prozesuaren egonkortasuna bermatuko da, eta fabrikatutako piezen kostuak murriztu ahalko dira, bazterketa-tasa gutxituko baita", zehaztu du ikertzaileak.

Kalitatea hobetzeaz gain, fabrikazioan informazio baliagarria eskuratzea ahalbidetuko du prozesuan askotariko datuak jasotzeak, bai eta ondorioak ateratzea, joerak hautematea eta trazabilitatea hobetzea ere.

IK4-TEKNIKERen eginkizuna

Zentro teknologikoa arduratzen da prozesuaren aldakortasunarekin eta ingurumen-alderdiekin zerikusia daukaten prozesuak optimizatuko dituen kontrol-sistema berria garatzeaz.

Metodologia berrien garapenean egingo du lan zentroak, eta, horretarako, modelo sendoak garatu aurretik eta ondoren egingo ditu entsegu esperimentalak, denbora errealean eduki ahal izateko prozesu-aldakuntzen konpentsazio eraginkorra.

Eremu teknologikoan, neurketa automatizatu zehatzak egiteko metrologia-prozedura berria ezarriko dute IK4-TEKNIKEReko ikertzaileek, makinaren karakterizazioa egite aldera.

"Gaur egungo metodoen aldean, honako hauek dira metodo berriaren abantaila nagusiak: askotariko kokapenetan zehaztuko dira makinaren deribak (eta ez toki bakarrean), eta neurketarako denbora murriztuko da (makinan bertan sartuko baita neurketa-sistema eta automatizazio-maila handia lortuko baita). Metodoari esker, makinaren eta prozesuaren egonkortasuna karakterizatu ahalko da", adierazi du Gómez-Acedok.

Era berean, prozesuaren aldakortasunak denbora errealean konpentsatzeko modeloetan egingo dute lan ikertzaileek, eta akats termikoak sortzean eragiten duten faktoreak ikertuko dituzte. Hainbat neurriko makinetan probatuko dira baldintzatzaile horiek.

Proiektuaren emaitzekin, 4.0 Industriaren paradigma berria hartu ahalko du ONAk, produktibitatea areagotzeari begira.

Zehaztasun handiko piezak behar dituzten industria-sektoreetan ezarri ahalko da proiektuari esker garatuko den makina-sorta berria; hala nola, aeronautikan, energia berriztagarrien sorkuntzan, ontzi-eraikuntzan edo obra zibileko makinerian.