BUELTATU

ALBISTEAK

Balantze positiboa, IK4-TEKNIKERek antolatu dituen HSM eta ISEM biltzarretan

Abiadura handiko mekanizazioa eta mekanizazio elektrokimikoa, HSM eta ISEM biltzarren gai nagusiak

Donostiako Kursaal jauregiak Abiadura Handiko Mekanizazioari buruzko Nazioarteko Biltzarraren (HSM 2018) XIV. edizioa hartu zuen; ISEM 2018ko biltzarraren XIX. edizioak, berriz, mekanizazio elektrokimikoan dauden azken joerak aztertu zituen Bilbon.

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak nazioarteko bi biltzar antolatu zituen apirilean: HSM 2018 eta ISEM 2018.

4.0 Industriaren erronkak eta abiadura handiko mekanizazioan dauden azken joerak, Donostian hizpide

HSM 2018 Abiadura Handiko Mekanizazioari buruzko Nazioarteko Biltzarraren XIV. edizioan, zeina Donostiako Kursaal jauregian egin zen apirilaren 17an eta 18an, industria-prozesuetako adituak egon ziren, eta 4.0 Industriaren erronkak eta etorkizuneko fabrikazioa aztertu zituzten. Hitzordura, Amerikatik, Asiatik eta Europatik etorritako 150etik gora pertsona bertaratu ziren.

Ekitaldian, hainbat gai jorratu ziren; hala nola, 4.0 Industriak mozketa-sistemetan duen inpaktua, goi-mailako errendimenduko eta zehaztasun handiko mekanizaziorako teknologia berriak edo fabrikazio-prozesuen optimizazioa.

Ponentzia teknikoen eta hitzaldien egitarauak, era berean, mekanizazioaren arloko adituak bildu zituen; hala nola, Eberhard Abele Darmstadt-eko Unibertsitate Teknikoko Produkzio, Teknologia eta Makina-erremintaren Kudeaketa Institutuko zuzendaria edo Ömer Sahin Ganiyusufoglu SYMG-Shenyang Machine Tool taldeko aholkularia.

IK4-TEKNIKERek parte-hartze nabarmendua eduki zuen hitzaldi teknikoen programan. Zehazki, honako hauek aurkeztu zituen: txirbilak elementu finituen bidez erauzteko teknologiak diseinatzeko sistema berriak, Gauzen Interneten eremuko teknologiak eta sistema ziberfisikoak makina-erremintan aplikatzeko azken joerak, Goialde High Speed osagaien fabrikatzaileek abiadura handiko buruen sektoreei eskaintzen dizkien zerbitzuak eta IK4-TEKNIKERekin elkarlanean egiten ari diren garapenak, eta, azkenik, material aurreratuen mekanizazioaren eremuko ikerketa (bereziki, nikelezko oinarria duten aleazioen, titaniozko aleazioen eta altzairu gogorren ingurukoa); besteak beste, industriaren, garraioaren, energia-sorkuntzaren eta biomedikuntzaren sektoreetan erabiltzeko material horiek.

ISEM 2018 biltzarrak mekanizazio elektrokimikoan dauden azken joerak aztertu zituen Bilbon

Bestalde, ISEM 2018 (Conference on Electro Physical and Chemical Machining) biltzarraren XIX. edizioa apirilaren 23tik 27ra bitartean egin zen, EHUko paraninfoan (Bizkaia aretoan), eta elektrohigaduran eta mekanizazio elektrokimikoan dauden azken joerak eta irtenbideak aztertzeko balio izan zuen.

Eremu horiek jorratzeko, elektromekanikako eta azken belaunaldiko mekanizazio prozesuetako nazioarteko aditu nabarmenduak elkartu ziren batez ere Europatik eta Asiatik etorri ziren 200dik gora bisitari bildu zituen ekitaldian.

100 ponentzia baino gehiagok osatu zuten hitzaldien egitaraua, eta mekanizazio elektrofisikoaren eta elektrokimikoaren arloko abangoardiako teknologien garapenean eta ezarpenean aditu ospetsuak diren pertsonek hartu zuten parte; hala nola, Xabier MAIDAGAN doktoreak, biltzarraren chairman-ak, Masanori Kunieda irakasleak (The University of Tokyo, Department of Precision Engineering) eta Luis Norberto López De Lacalle irakasleak (UPV/EHU).

Manu Goiogana, Joseba Pujana eta Iker Garmendia ikertzaileek ordezkatu dute IK4-TEKNIKER hitzaldietan, eta ultrasoinuekin lagundutako deskarga elektrikoaren mekanizazioan, metala laser bidez jalkitzean sortzen den altueraren kontrolean eta pieza metalikoak laser bidezko soldadurarekin (LMD) fabrikatzeari lotutako mugaketa geometrikoetan zentratu dira.

Biltzarra ixteko, IK4-TEKNIKERek Eibarren dituen instalazioak bisitatu zituzten bertaratutakoek, bai eta Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa (Zamudioko Teknologia Parkea) bisitatu ere.