BUELTATU

PROIEKTUAK

Makina-erramintak automatikoki egiaztatzeko teknologia

Patente propioa duen irtenbidea, sistema mekatroniko ertain eta handiak automatikoki egiaztatzeko

IK4-TEKNIKER patente propioa duen irtenbide bat ari da garatzen, makina-erreminta ertain eta handietan sartutako egiaztapen automatikoa egiteko.

Sektore batzuetan (haize-energiaren eta aeronautikaren sektoreetan, adibidez), gero eta pieza handiagoak ekoiztea da joaera, eta aurreko piezen zehaztasunari eutsi nahi zaio. Hori dela-eta, gero eta makina-erreminta handiagoak eskatzen dituzte, lan-bolumen osoan zehatzagoak horiek. Alabaina, makina-erremintaren bolumenak gora egin ahala, orduan eta gehiago konplikatzen da sistema horien geometriaren egiaztapena.

Egiaztapen-teknologia tradizionalek (hala nola, interferometriak, maila elektronikoek edo elkarzutasun-eskuairek) arinak izateari uzten diote makinak neurri handia duenean, eta hortxe hauteman zuen IK4-TEKNIKERek makina-erreminta ertain eta handietarako egiaztapen-tresna bat garatzeko premia.

Enpresa horien arazoari irtenbidea emateko asmoz, hau da, makina-erreminten geometria eta funtzionaltasuna bermatzeko asmoz, multilaterazioaren teknikaren alde egitea erabaki zuen IK4-TEKNIKERek, makina-erreminta baten geometria lan-bolumen osoan, epe laburragoan eta gaur egungo teknologiekin baino zehaztasun handiagoarekin neurtzea ahalbidetuko duen prozedura garatzeko.

Tracker laserra erabiliz eta neurriak multilaterazioaren teknika erabilita prozesatuz, IK4-TEKNIKERek makina-erreminta handiak egiaztatzeko irtenbide propioa dauka gaur egun.

Gainera, ETALON AG enpresa alemanaren erakunde kolaboratzailea denez, ETALON AGk makina-erremintaren egiaztapenerako eta konpentsazio bolumetrikorako daukan irtenbide komertziala erabil dezake: Tracer laserra, alegia.

IK4-TEKNIKERen nahiz ETALON AGren irtenbideek neurtzeko erabiltzen dituzten prozeduren ondorioz, ordea, pertsonek esku hartu behar dute neurketa-prozedura osoa egiteko. Xehetasun horrek bi irtenbideak baztertzen ditu, sistema mekatroniko handien egiaztapen automatikoa egiteko bitarteko izateari dagokionez.

Hain zuzen ere, horregatik eman du IK4-TEKNIKERek beste urrats bat, eta patente propioa duen irtenbidea (“Integrated multilateration for machine tool automatic verification”) garatu du. Makina-erraminta baten geometria lan-bolumen osoan automatikoki egiaztatzea da irtenbidearen helburua, eta, horretarako, Tracker laser-sistema sartu du makinan bertan, tresna bat balitz bezala.

Teknologia horren erabiltzaileak

Sistema mekatroniko ertain eta handien fabrikatzaileak eta erabiltzaileak dira irtenbidearen erabiltzaileak; zehazki, makina-erremintaren sektorekoak. 

0,1 mm-tik beherako zehaztasuna bermatu behar duten makina ertain eta handien egiaztapena egiten du irtenbideak, lan-bolumen osoan eta une oro, automatikoki. Gainera, makinaren funtzionaltasun gehigarri gisa txertatzeko aukera eskaintzen du.