BUELTATU

ELKARRIZKETA

Eragiketa eta mantentze-lanak: euskarri izatetik negozioaren funtsa izatera

Manuel Baraza,
Industriako zuzendaria eta Energia & Utilities-eko zuzendaria Ibermátican

Ibermática informazioaren teknologien arloko zerbitzu-konpainia nagusietako bat da Espainian. 1973tik dabil merkatuan jarduten. Enpresak, erakundeak eta antolakundeak teknologia eta ezagutza aplikatuz digitalki eraldatzen laguntzeko xedea dauka, horien lehiakortasuna hobetze aldera, konpromisotik eta hurbiltasunetik abiatuta. Bezeroekiko hurbiltasun horri esker, hedapen-prozesu etengabea garatu ahal izan du, beren negozioen bilakaerari laguntzearekin bat. Gaur egun, Ibermática konpainia multinazionala da: Europako eta Amerikako hamar herrialdetan baino gehiagotan dago, eta 3.350etik gora profesional dauzka 20 zentro operatibotan. Halaber, finantzen, aseguruen, industriaren, zerbitzuen, telekomunikazioen, osasunaren, energia & utilities deiturikoaren eta Administrazio Publikoaren sektoreetan jarduten du, irtenbide sektorial espezifikoak eskainiz. Manuel Baraza Industria eta Energia & Utilities sektoreetako zuzendariak industria-ekosistemaren inguruko hausnarketak partekatu ditu newtek-ean.

1.- Eragiketako eta mantentze-laneko irtenbideak oinarrizko zutabe bihurtu dira industrian, eta 4.0 Industria bezalako joera berrien funtsezko zati dira. Zergatik dira garrantzitsuak?

Gaur egun, 4.0 Industriak eskatzen duen eraldaketa digitala da industria-sektorearen erronka nagusia. Adimendun lantegietaranzko egiturazko aldaketa da, kultura berri bateranzko aldaketa, eta kultura berri horrek hainbat erronka dauzka parez pare; hala nola, baterako trazabilitatea fabrikazioan (datudun piezak) edo erabakitzeko adimena duten sistema autonomoen hedapena. Horrek haustura handia ekarri du bai aktiboen eragiketa-efizientziaren eskakizunetan, bai produktuak zerbitizatzeko premian. Hain zuzen ere, eragiketako eta mantentze-lanetako irtenbideek testuinguru horretan lortu dituzte garrantzia eta kritikotasuna, eta, hain handiak dira garrantzi eta kritikotasun horiek, ezen negoziorako euskarri izatetik negozioaren funtsa izatera igaro baitira.

Baina ezinbestekoa ez da efizientzia bakarrik, malgutasuna ere behar-beharrezkoa baita. Eskarira egokitzen jakin behar dugu; oso azkar egokitu ere. Edozein aldaketaren aurrean egokitzeko abiadura eta «honako hau agertzen bada zer gertatuko den» jakite hori abantaila lehiakor izugarria dira. Halaber, horniduraren kate osoak digitala izan behar du: enpresa barruko eta enpresen arteko balio-kateko aktore guztien arteko konektagarritasuna eta lankidetza behar ditugu.

Laburtuz, prozesuen eta teknologiaren gaineko ikuspegi orokorra edukitzea da gakoa, bai eta irtenbide guztiak (ez eragiketen eta mantentze-lanen arlokoak bakarrik) IT/OT baterakuntzara fokatuta eta gaituta egotea ere.

2.- Zer-nolako tokia eduki nahi du Ibermática bezalako enpresa batek eragiketako eta mantentze-lanetako irtenbideen eremuan?

Ibermátican, lidergorako bokazio argia eta uste osoa dauzkagu. Alde batetik, gure ikuspegi orokor eta integratzailearengatik, eta, bestetik, gure Ibermática Manufacturing Platform delako proposamen onenetako bat midmarket integratuetarako, ingeniaritzatik lantegira bitartekoa hartuta.

Euskal Herrian dauzkagu sustraiak, non apustu aktiboa egiten den 4.0 Industriaren eremuan aitzindari izatearen alde. Bestetik, gure ehunka bezeroak daude, ezagutza eta esperientzia izugarriak eransten dizkiguten horiek; izan ere, asko eta asko liderrak dira beren sektoreetan, eta hedapen eta nazioartekotze-prozesuak egin dituzte beren industria-prozesuetan bikaintasun maila altuak lortu ondoren: berritzen eta hazten jarraitzeko anbizio etengabea edukitzen laguntzen digute.

Esentziaren eta ezagutzaren batuketa horrekin, gure asmoa lidergoa lortzea besterik ezin da izan, baina baita lankidetzarako beti prest egotea ere. Sortzaile eta laguntzaile izateak ekarri gaitu honaino, eta horrexek jarraituko gaitu egiten.

3.- Zalantzarik gabe, eraldaketa digitala, erronka eta aukera aparta izateaz gain, premia ere bada. Maila praktikoan, nola aplikatzen ditu Ibermáticak eraldaketa digitala eta adimendun industria askotariko inguruneetan?

4.0 Industriak ematen dituen aukerak aprobetxatzeko unean estrategia eta laguntza emateko anbizioa eta gaitasuna dauzkagu. Gure ikuspegia osoa eta integrala da, eta, ondorioz, gure balio-proposamena ere halakoxea da. Hala ere, ezarpen-eremu batzuk nabarmendu beharko banitu, honako hauek izango lirateke:

  • Industria-erakundeetan premiazkoa den arintasun berri horretara egokitzeko prozesuetan aplikaturiko Big Datan eta analitika aurreratuan dauzkagun ezagutza eta eskarmentua.
  • Industriaren hiru arloetako irtenbideak (ingeniaritza, kudeaketa eta lantegia), guztiz integratuta.
  • IT/OT irtenbide integralen diseinua, garapena eta ezarpena, adimendun lantegietarako.
  • Mundu-mailako euskarri geografikorako gaitasuna.
  • Eta abar.

Azken batean, kaudimen orokorra azpimarratu nahi dut, eta halaxe erakusten dute bezeroek zerbitzu teknologikoen hornitzaile handiak ebaluatzen dituzten kalitate-txosten pribatuetan buru izaten daramatzagun bost urteek.

4.- Zentzu horretan, zein eginkizun dauka IK4-TEKNIKERekin batera abiarazi den Manufacturing Operations Management (MOM) Expertise Center berriak, eta zein balorazio egiten diozu horren ezarpenari?

4.0 Industriak dakarren eraldaketa digitalak berak aldatu du harremanak egiteko modua. Errealitate horrek, gure esentziarekin batera, elkarlaneko garapen-, berrikuntza- eta hazkuntza-eremuetara eramaten gaitu. Eta atmosfera horretan sortu zen Manufacturing Operations Management (MOM) Expertise Center, eta egia bihurtu, IK4-TEKNIKERekin batera, elkar hain ondo ezagutzen, baloratzen eta osatzen dugun bi erakunderen indarrak batuta ekin diezaiogun etorkizunari.

MOM aukera handia da industria-arloko enpresentzat. Ezarpenaren arriskuak murriztea ahalbidetzen die, bezero bakoitzarentzako irtenbideak diseinatzen eta garatzen ditugulako eta ingurune pilotuetan ezartzen/probatzen ditugulako horiek. Izan ere, hori posible izateko, ekoizpen-prozesuetan eta teknologietan ezagutza-maila handia duten ekipoak eskaintzan ditu MOMek, eta harreman estua dauka produktuak garatzen dituzten I+G ekipoekin.

Bezeroentzako balio-proposamena sekulakoa da, garapen-, berrikuntza- eta nazioartekotze-erronken aurrean nahiz abiatze berrien aurrean murriztu dezaketelako inbertsioaren bizi-zikloan heriotzaren bailara gisa ezagutzen den hori. Eta ezinbestekoa izaten da askotan.

5.- Enpresa baten eta zentro teknologiko baten arteko lankidetzaren adibide ona da hau. Zer espero du Ibermáticak lankidetza honetatik, eta zer eransten dio bere balio-proposamenari?

Lehen esan dudan bezala, elkarlana funtsezko ezaugarria da gure ingurunean eta izaeran. Gaur egun, gero eta gehiago gainera, industria-ekosistema ekonomikoaren berezko zatia da. Eta, gainera, IK4-TEKNIKERekin, askoz ere gehiago lotzen gaitu. Urte asko daramatzagu elkarlaneko harreman honekin, eta, ondorioz, zentro teknologikoak ezagutza-arloan duen kaudimena baloratzen dugu, bere egitekoan konfiatzen dugu, eta bere etengabeko sormen- eta berrikuntza-pentsaera partekatzen dugu. Bat egiten dugu irrika sortzailean.

Proiektu partekatu honekin (hau da, MOM Expertise Center-ekin) gure bezeroei eta industria-merkatuari oro har are balio handiagoa eman ahal izatea espero dugu, adimendun faktoria horiexek izaten lagundu diezaiegun, hasi besterik egin ez den 4.0 Industriaren iraultza digitalak ematen jarraituko dituen aukeren bidez.