BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Fabrikazio aurreratua: berrikuntza, industriaren etorkizunerako oinarri

Espezialistaren ikuspegia:
Javier Arzamendi, IK4-TEKNIKERen Ekoizpeneko Prozesu eta Bitartekoen Ataleko arduraduna

Euskal industriaren historia etengabe moldatzen ari den kontakizuna da. Azken urteotan, sektorea 4.0 Industriaranzko eraldaketan bizitzen ari den iraultzari aurre egiten ari da. Zalantzarik gabe, aukera bikaina da, baina baita erronka izugarria ere. Gaur egun, fabrikazio aurreratua giltzarria da ekonomia globalizatu honetan lehiakorrak eta eraginkorrak izango diren fabrikazio-prozesuak sortzeko orduan. Eta, erronka horri aurre egin nahi bazaio, berrikuntza enpresaren balio-kate osoan txertatu behar da, bai ala bai.

Badira hamarkada batzuk industria-sektorea euskal ekonomiaren motorra dela, eta halaxe erakusten dute zenbakiek ere: 2018an, BPGd-aren %24,2 eman zuen. (Iturria: Euskadi.eus).

Alabaina, euskal enpresek nazioarteko merkatuei balio erantsia emango dien produktu eta zerbitzuak edukitzearen mende dago ahalmen hori, eta, horretarako, industria azken urteotan bizitzen ari den iraultza izugarriarekin bat egin behar da. Hala, euskal enpresen %65 hasi da jada digitalizazio-prozesuak garatzen, eta Finlandiak bakarrik gainditzen du zenbaki hori (%68). (Iturria: Euskadi.eus)

Industria-ekoizpenaren garapen teknologikoa

Eta, bikaintasuneranzko lasterketa horretan, fabrikazio aurreratua diziplina giltzarria da. Badira urteak besteak beste digitalizazioa, adimendun sistemak, fabrikaziorako teknologia berriak, material berriak, energia-eraginkortasuna eta jasangarritasuna agertoki horretan ikusi ditugula, baina indar handiagoa hartu dute azken urteotan. Izan ere, garapen teknologikoak industria-ekoizpeneko mundura eraman daitezke, eta, gure gizartean, gero eta ohikoagoak dira wearables, kirurgia robotizatua edo adimendun sare elektrikoak kontzeptuak, besteren artean.

Aldaketa horiek guztiek sekulako aukera sortu dute industria-sektorean, baina baita zenbait erronka agerrarazi ere, eta, gaur egun, industria-arloko enpresak erronka horiei buru egiten ari dira. Horrenbestez, ezinbestekoa da ahaleginak biderkatzea, oso lehiakorrak izan nahi badugu, eta balio-proposamena indartu.

Zer-nolako trebetasunak garatu behar dituzte enpresek?

Testuinguru horretan, ekoizpen-bide adimendunak eta seguruak lortzeari begiratu behar diote enpresek (4.0 Industriari, hain zuzen ere), ekoizpen-ingurunean teknologia adimenduna ezartzeko xedez, bai ekipoetan (sentsoreak, robotak, pertsona-makina interfazeak), bai instalazioetan (prozesuen simulazioa, ikuskapena, elkarlaneko robotika), bai hodeian (cloud computing delakoa, zibersegurtasuna, Big Data eta abar).

Ezinbestekoa da inpaktu handiko produktuak fabrikatzea, enpresak beren lehiakideengandik bereizi ahal izan daitezen. Halaber, giltzarria da material eta fabrikazio-prozesu berriak txertatzea: material berriak lantzeko prozesu berriak, prozesuen hibridazioa, neurketa eta kontrol-sistemak edota simulazioa.

Bestetik, enpresentzat garrantzitsua da energia-eraginkortasunari eta “zero isurketaren” helburuari begirako fabrikazio-ekosistema lortzea. Zentzu horretan, funtsezkoa da prozesuak efizienteak izatea (ekoizpen-prozesuak optimizatzea, beroa berreskuratzea eta abar), energia aprobetxatzea (energia termikoa metatu, eraldatu eta berrerabiltzea) eta ingurumen-inpaktua murriztea (energia berriztagarriak integratzea, CO2-a harrapatzea eta abar).

Berrikuntza teknologikoaren eremutik nola erantzun diezaiekegu erronka horiei?

Fabrikazio-prozesuak eta bitartekoak (fabrikazio aurreratua) dira IK4-TEKNIKERen ezagutza-arlo estrategikoetako batzuk. Are, zentroak kapazitate handiak dauzka fabrikazio-jarduerei loturiko teknologietan.

Alde batetik, fabrikazio-prozesuak egiten ditu, konbentzionalak (fresaketa, torneaketa, mikrofresaketa...) nahiz ez-konbentzionalak (laserra, ultrasoinuak, EDMa, areto zuriko teknologiak, NIL deritzona eta abar), eskala handi, txiki eta nanoan. Bestetik, mekatronikarekin eta zehaztasuneko ingeniaritzarekin, makina eta ekipo bereziak diseinatu eta fabrikatu daitezke, horiek giltzarekin batera entregatu arte.

Zentroak, era berean, sistema kognitiboak garatzen ditu; hala nola, 2Dko eta 3Dko ikuspena, irudien tratamendua, lokalizazioa eta nabegazioa eta pertsonen eta makinen arteko elkarreragina. Hori guztia, datuen denbora errealeko sentsorizazioaren, monitorizazioaren eta  tratamenduaren bidez, horiek prozesuen kontrolean eta etorkizun handiko robotikaren munduan aplikatzeko. 

Zentroak, bestalde, makina-erremintaren sistemak erregulatzen eta kontrolatzen ditu, baita instalazio kimikoak edo haize-instalazioak ere. Horrela, IK4-TEKNIKERek askotariko sistemetarako garatzen ditu kontrol aurreratuko sistemak, eta arreta berezia eskaintzen die erantzunen zehaztasuna edo azkartasuna eta dinamika bezalako arloetan betekizun zorrotzak dauzkaten sistema mekatronikoei.

Aldaketa abian da

IK4-TEKNIKER, une honetan, 100 proiektu baino gehiago ari da garatzen fabrikazio aurreratuaren eremuan. Hona hemen hiru adibide: SMAPRO, MH2020 eta Hyperdrill.

SMAPRO elkarlaneko ikerketa-proiektuak, zeina IK4-TEKNIKERek gidatzen duen, simulazio-teknologietan, monitorizazio-teknologietan eta datuen analisian ikertzeko xedea dauka, modelizazio hibridoa eta jardute arina dituen plataforma bat eratzeari begira. Plataforma horrekin, ekipoen enpresa fabrikatzaileek eta, bereziki, horien erabiltzaileek zorrotz optimizatu ahalko dituzte beren diseinu-prozesuak, ramp-up-ak, ekoizpenaren bizi-zikloak eta betekizun berrietarako egokitzapena, kalitate eta fidagarritasun-ratioak areagotzearekin batera.

Metrologia industrialaren eremuan, berriz, makina-erremintak lan-bolumen osoan zehatzagoak izatea lortu nahi da MH2020 elkarlaneko ikerketa-ekimen estrategikoarekin. Zehazki, Euskadiko ekipoek makinan integratutako prestazioak eskaintzea bilatzen da, neurketak trazabilitate dimentsionalarekin egite aldera.

Azkenik, Hyperdrill proiektu europar berritzaileak laser-teknologian oinarritutako makina bat garatzea du helburu, zeinaren bidez hegazkin komertzialen hegaletako egonkorgailuetan dauden panel mikrozulatu handiak fabrikatzen diren, aireontzien erregai-kontsumoa murrizte aldera.

Azken batean, ikerketa aplikatuan egiten dugun lan etengabea eta industriarekin dugun lankidetza estua dira etorkizuneko erronkei aurre egiteko dauzkagun berme bakarrak.