BUELTATU

PROIEKTUAK

Ekipoen doikuntza optimizatzeko eredu birtualak

Virtual commissioning: ekipamendua programatzeko eta doitzeko biki digitalak

IK4-TEKNIKER biki digitalak garatzen ari da, ekipoak kontrolatzeko softwarearen garapen-prozesua hobetzen eta lehenengo probetan funtzionamendu okerrak egotea saihesten dutelako. Zentro teknologikoak Basque Industry 4.0 biltzarraren hurrengo edizioan aurkeztuko du vitural commissioning metodologia, aplikazio-kasu batean.

Gaur egun, besteak beste sistema ziberfisikoez (CSP), adimen artifizialaz, Internet of Things (IoT) edo Big Dataz gain, beste teknologia disruptibo batzuk daude gero eta zorrotzagoa eta lehiakorragoa den Industria 4.0 testuinguruari aurre egiteko. Testuinguru horretan, simulazio-tresnak gero eta gehiago aplikatzen dira ekoizpen-prozesuen eraginkortasuna areagotzeko. Denborarekin, “biki digitalak” edo “digital twins” deituriko joerak indarra hartu du.

Biki digitalak ekipoen eredu birtualak dira, eta beren baliokide errealaren/fisikoaren errendimenduaren ezaugarriak ulertzea eta aurreikustea ahalbidetzen dute. Biki digitalak ekipoaren bizi-ziklo osoan erabiltzen dira, prototipoetan eta ekipamendu fisikoan inbertitu aurretik simula, aurreikus eta optimiza dadin ekipoa.

Hala, IK4-TEKNIKER biki digitalen garapenean ari da lanean, ekipo erreala/fisikoa eduki aurretik ekipoen softwarea probatzea, zuzentzea eta baliozkotzea ahalbidetzen baitute, ekipo fisikoaren/errealaren funtzionamendua arazte aldera. Biki digitalen ideia bereziki interesgarria da, ekipoak doitzeko aukera txikia badu edo toki iristezin batean badago.

Ekipo bat garatzeko prozesu tradizionalean, berori osatzen duten azpisistemak (mekanikoa, elektrikoa, kontrolekoa, softwarea eta abar) modu independentean garatzen dira, eta, hortaz, azpisistemak ezin daitezke garapen-fase aurreratu batera iritsi arte probatu eta baliozkotu.

Zehazki, kontrolerako softwarea fabrikazio eta muntaketa-kateko azken katebegia izaten da, eta, beraz, azpisistema horri bideratutako proba eta baliokotze-denborak murritzak izaten dira, proiektuan pilatutako afekzioen ondorioz.

Gainera, softwarea probatzean ekipoari kalte latzak egiteko dagoen arriskuak zaildu egiten du egon daitezkeen funtzionamendu eta errore-baldintza guztietarako probak egitea. Horrenbestez, egiaztapena egiteko metodologia berriak behar dira.

IK4-TEKNIKERek “doikuntza birtuala” deritzon metodologia aplikatzen du (ingelesez, virtual commissioning). Bada, metodologia horrekin, ekipoa eduki aurretik probatu daiteke ekipoa kontrolatzeko softwarea, eredu birtualen bidez (ekipoa birtualki konektatzen eta abiarazten da), probak proiektuaren fase goiztiarragoetan egin eta erroreak lehenago hauteman ahal izan daitezen. Horrela, kontrolerako software aratzago batekin irits daiteke doikuntza-fasera.

Laburbilduz, metodologia hau ekipo baten softwarearen programazioari aplikatzen bazaio, hobekuntza ugari lor daitezke; hala nola, doitzeko denbora murrizten da, istripua edukitzeko arriskuak gutxitzen dira, test automatikoak egin daitezke, erroreak errepikatzea saihestu daiteke, eta softwarearen kalitatea nahiz softwarea egoera onean mantentzeko edukitzeko aukerak hobetzen dira.

Grafikoa. Probetan oinarritutako programazio-metodologia.

Zentro teknologikoak Miaketa Sinoptikoetarako Teleskopio Handiaren (LSST) kontrol-sistemen garapenean eta doikuntzan aplikatuko du metodologia hau (virtual commissioning). LSST munduko teleskopio aurreratuena da, eta 2020an jarriko da martxan, Txilen.

Zehazki, zentro teknologikoak hardware in the loop izeneko sistema muntatuko du teleskopioaren bi kontrolagailu nagusietarako (plantako ereduaren eta probapean integratutako sistemaren artean interfazea izateko balio duten simulazioak), eta proba automatikoen sistema bati lotuko dizkio bi kontrolagailu horiek. Horri esker, teleskopioa Cerro Pachonen (Txileko Atacama desertua) doitzeko denbora murriztuko da, eta teleskopioari berari kalte egitea saihestuko.

“Sistemen garapena eta doikuntza simulatzeko ereduak - Virtual Commissioning” izenburuarekin aurkeztuko da lana, Basque Industry 4.0 biltzarraren hurrengo edizioan, Barakaldoko BECen, azaroaren 20an eta 21ean.