ALBISTEETARA BUELTATU
image1 image2

LUBMAT nazioarteko biltzarraren zazpigarren edizioa digitala izango da
Online biltzarrak lubrifikazio, tribologia eta 4.0 mantentze laneko (condition monitoring) aditu nagusiak bilduko ditu abenduaren 15etik 17ra bitartean

“Digitalak gara” lelopean, Tekniker zentro teknologikoak, JOST Institutuak eta Bureau Veritasek antolatutako ekitaldiaren zazpigarren edizioak lubrifikazio, tribologia eta 4.0 mantentze laneko (condition monitoring) aditu nagusiak bilduko ditu abenduaren 15etik 17ra bitartean.

Aurrez aurreko ekitaldiak antolatzea zaila denez, COVID-19aren pandemiak eragindako egoera sozial eta sanitarioa dela eta, tribologia, lubrifikazio eta 4.0 mantentze lanari (condition monitoring) buruzko LUBMAT nazioarteko biltzarra formatu digitalean egingo da.

Hasiera batean, ekainaren hasieran egin behar zen, Euskalduna Jauregian (Bilbon); alabaina, azkenean abenduaren 15etik 17ra bitartean egingo da LUBMAT biltzarraren zazpigarren edizioa, eta erakusketarako online espazioa bihurtuko da lubrifikazio, tribologia eta 4.0 mantentze laneko (condition monitoring) aditu nagusientzat.

Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea den Teknikerren eta Erresuma Batuko Jost Institute for Tribotechnology-ren arteko elkarlanetik jaio zen LUBMAT, eta pixkanaka funtsezko ekitaldi bilakatu da Europa mailan, sektore horretako industriek azken produktu eta zerbitzuak partekatzeko. Aurten, berritasun gisa, Bureau Veritas enpresak ere parte hartu du biltzarraren antolakuntzan.

Halaber, biltzarrak nazioarteko gonbidatuak aurkeztu ditu, ekitaldiko parte-hartzaileekin industriaren sektorean duten ezagutza eta eskarmentua partekatuko dutenak. Zehazki, bederatzi gonbidatu dira: Esteban Broitman (SKF Research & Technology Development), Ali Erdemir (Argonne National Laboratory), Jim Fitch (Noria Corporation), Paul Hetherington (Petro-Canada Lubricants Inc.), Frank Hollmann (BASF), Edgar Martínez de Aguas (Atten2), Barbara Monse (Bureau Veritas Commodities), César Pastor (Robert Bosch) eta Gerardo Trujillo (Noria Latin America).

Ekitaldiak iraungo duen hiru egunetan zehar ekarpen esanguratsuak egingo dira arestian aipatutako hiru eremuetan: lubrifikazioa, tribologia eta 4.0 mantentze lana eta condition monitoring. Lubrifikazioaren arloan, adibidez, hainbat alderdiri helduko zaie, hala nola, kutsaduraren kontrola edo bere kudeaketan bikaintasuna lortzea.

4.0 mantentze lanari dagokionez, besteak beste, makinen bizi-zikloaren diagnostikoa eta pronostikoa egiteko eta hura luzatzeko estrategiei buruz hitz egingo da, bai eta mantentze lan prediktiboa planifikatzeko eta optimizatzeko tresna egokienei buruz ere. Azkenik, tribologiaren arloan, estaldurei eta gainazalen tratamenduari lotutako hainbat berritasun aurkeztuko dira biltzarrean, bai eta marruskadurarekin eta higadurarekin zerikusia duten zenbait alderdi ere, adibidez, marruskaduraren kontrolari esker lortutako energia-eraginkortasuna.

Espazio birtual honetan parte hartu nahi duten industria-sektoreko startup, ekintzaile edo enpresek, betiere tribologiaren, lubrifikazioaren edo 4.0 mantentze lanaren arlokoak, izena eman behar dute biltzarraren webgunean.

Informazio gehiago izateko
LUBMAT 2020