ALBISTEAK BUELTATU

Iñigo Urkullu Lehendakariak Tekniker bisitatu du bere 40. urtemuga dela eta
Zentro teknologikoa, Euskadiko I+G+b-n giltzarri

Zentro teknologikoak lau hamarkada daramatza euskal industria-sarearen hazkunde ekonomikoa helburu eta irismen sozialarekin bultzatzeko soluzio teknologikoak garatzen gako eragile gisa.

Iñigo Urkullu lehendakariak Tekniker zentro teknologikoaren instalazioak bisitatu ditu Eibarren (Gipuzkoa), 40. urtemuga dela eta. Lau hamarkada horietan, BRTAren (Basque and Research Technology Alliance) kide den zentroa euskal lurraldeko I+G+B arloko eragile gako gisa finkatu da, lankidetza eta hurbiltasuna bere jardueraren oinarritzat hartuta. 

Bisita amaitzeko, ekitaldi ofizial bat egin da zentro teknologikoko auditorioan. Ekitaldian, Lehendakariak, Luis Uriarte Teknikerreko egungo zuzendari nagusiak eta Jesús Iriondo Teknikerreko lehendakariak hartu dute parte eta Alex Bengoa zentroko aurreko zuzendari nagusia gogoratu dute, duela gutxi hil dena. 

Zentroaren espezializazio teknologikoaren bilakaera eta haren teknologia garatu eta aplikatzeko aukera ematen duen ekipamendu berezi guztia, hamarkada horietan, gizarteak planteatzen dituen erronken zerbitzura egon dela eta egoten jarraituko duela erakusteko eta egiaztatzeko balio izan du ekitaldiak. 

Iñigo Urkullu lehendakariari Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari nagusiak eta Jesús Iriondo Teknikerreko lehendakariak lagundu diote bisitan; eta baita bertan izan diren gainerako agintariek ere: Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jon Iraola Eibarko alkateak, Eva Ferreira EHUko errektoreak eta Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru-diputatuak, besteak beste.

Teknikerren patronatuko kide diren erakundeetako arduradunak ere bertaratu dira: Aernnova, Armeria Eskola, Armeria Eskola Elkartea, Aernnova, Debegesa, Fagor Automation, Goizper, Ibermática, Kutxabank, Lazpiur, Maher Holding, Maier, Maser Mikroelektronika, Siemens Gamesa, Ulma Handling Systems eta Zigor.

 

Lotutako informaziora joan