ALBISTEAK BUELTATU

Teknikerrek bat egin du Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartearekin
Zentroak indartu egin du hidrogenoaren aldeko apustua, BH2C-rekin bat eginda

Zentro teknologikoak bat egin du Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartearekin (BH2C). Ekimen horren bidez, ekosistema estrategiko bat ezarri nahi da hidrogenoaren balio-katean zehar ikerketa-proiektuak garatzeko eta energiaren deskarbonizazioan aurrera egiteko.

Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartea (BH2C) 2021. urtean sortu zen, ekosistema estrategiko publiko-pribatua ezartzeko helburuarekin, hidrogenoaren balio-kate osoan ikerketa-proiektuak garatzeko eta energiaren deskarbonizazioan, mugikortasunean eta beste sektore batzuetan aurrera egiteko. 

Teknikerrek eskarmentu handia du I+G+B arloan energiaren merkatuan, eta berriki egin du bat elkartearekin, bere ahalmenekin hidrogenoa sortzen, garraiatzen, biltegiratzen eta azken erabileran laguntzeko. 

Sorkuntzari dagokionez, Teknikerrek PEM (Truke Protonikorako Mintza) elektrolizatzaileen garapenean duen esperientzia eskainiko du. Elektrolizatzaile horiek hidrogenoa ekoizteko sistemen eraginkortasuna, bizitza erabilgarria eta fidagarritasuna maximizatzen dituzte eta fabrikazio-kostuak murrizten dituzte. 

Halaber, zentro teknologikoak, bere jakinduriarekin, lagundu egingo du sistema horiek energia berriztagarriekin integratzen instalazio eolikoen eta fotovoltaikoen kontrolatzaileak optimizatuz, DC/DC eta AC/DC bihurgailuak garatuz elektrolizagailuen eta energia berriztagarrien instalazioen arteko akoplamendurako, eta sarean integratzeko kontrol-algoritmoak diseinatuz. 

Bestalde, biltegiratzeari eta garraioari dagokionez, Teknikerrek bere jakintza erabiliko du materialak garatzeko eta material horiek presio handiko hidrogeno-biltegietarako, sareko injekziorako eta garraiorako karakterizatzeko, bai eta sentsoreak garatu eta integratzeko ere.

Mugikortasun arloko aplikazioei dagokienez, Teknikerrek trakziorako neurrira egindako bihurgailuak diseinatzen ditu, eta kontrol-algoritmoak, barneko eta ibilgailutik ibilgailurako komunikazioak, eta on-site sorkuntza duten sistema zentralizatuko kargatze-azpiegiturak.

Gainera, zentro teknologikoak hidrogenoaren garapen teknologikoarekin lotutako hainbat proiektutan parte hartzen du, hiru jarduera-lerro hauetan: PEM elektrolizagailuen bidezko sorkuntza, hidrogenoaren bidezko materialen degradazioaren karakterizazioa eta energia berriztagarriekin integratzea, hain zuzen ere energia fotovoltaikoarekin.

Estatuan erreferente eta hidrogenoaren teknologien nazioarteko liderretako bat den elkarte horretako kide izateak, Teknikerrek energia-trantsiziorako funtsezko bektore honi lotutako teknologien alde egindako apustua indartzen du.

Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartearen proiektua IPCEI (Europako Batasunaren Intereseko Proiektu Garrantzitsuak) ekimenen artean hautatu du Europako Batzordeak.