ALBISTEAK BUELTATU

Teknikerrek I+Gko erreferente dela berretsi du, sektore estrategikoetan hitzarmen berriak eginda
AVS, BIOLAN, Giroa, Grupo NBI, eta MAIER Teknikerren erakunde laguntzaileak

Teknikerrek euskal industria-sareko enpresekin duen harremana sendotu du eta teknologia hainbat sektoretara eramateko bultzada egin du AVS, BIOLAN, Giroa eta NBI taldea bere erakunde laguntzaileen programan sartuta eta MAIER erakunde laguntzaile gisa berrituta.

Tekniker zentro teknologikoak kolaborazio berriak egiten jarraitzen du euskal industria-sareko enpresekin. BRTAko (Basque Research and Technology Alliance) kide da eta erakunde laguntzaile ugari ditu. Modu horretan, I+G eta teknologiarik aurreratuena merkatura transferitzeko erreferentziazko laguntzaile gisa duen garrantzia berresten du. 

Teknikerrek hitzarmen berriak sinatu ditu AVS, BIOLAN, Giroa eta NBI Taldearekin eta MAIER konpainiak lehendik zuen lotura berritu du zentroarekin, zentroaren jakintza eta soluzioak erakunde horiek lan egiten duten sektore estrategikoetan aplikatzeko.

 

Osasunaren sektoretik espaziora

Zentroaren erakunde laguntzaile berrietako bat BIOLAN da. Teknikerrekin elkarlanean, gailu sentsore integratuak diseinatzen ditu, hainbat neurri-printzipio eta elektronika txertatua konbinatuz eta, aldi berean, produktuaren garapen-prozesu osoari laguntzen dio. 

Lankidetza horren proiektu aipagarriena OSASUNBERRI izango da, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari Euskadi Next 2021 funtsetarako proposatutako lehentasunezko ekimenetako bat. 

Teknikerrekin lankidetza-hitzarmena sinatu duen beste erakunde bat Giroa da. Enpresa horrekin azpiegitura bereziak eraginkortasunez kudeatzeko sistema aurreratuen garapenean lan egiten du, ponpaketa-sistemen energia-kontsumoa minimizatuz eta energia berriztagarriak konbinatuta sorkuntza eta biltegiratzea optimizatuz.

Zentro teknologikoak bat egin du Grupo NBIrekin ere, gainazalen ingeniaritzan dituen gaitasunak eskaintzeko hainbat arlotan, hala nola tribologian, estaldura funtzional fisiko eta kimikoetan edo azaleko testurizazioan; baita ekoizpen-prozesuen ingeniaritzan, metrologian eta automatizazioan ere, doitasunezko errodamenduen eta beste industria-produktu batzuen diseinu-, fabrikazio- eta merkaturatze-prozesuak optimizatzeko eta sustatzeko. 

Halaber, aplikazio espazialetan, partikulen fisikan edo astronomian erreferente den AVS enpresarekin batera, Teknikerrek instalazio zientifikoetarako azken belaunaldiko ekipamendua garatzen laguntzen du, kontrol aurreratuan, gainazalen ingeniaritzan, metrologia dimentsionalean eta mekatronikan dituen gaitasunak eskainiz. 

Azkenik, MAIERek, automobilgintzarako osagai estetiko eta funtzionalen fabrikatzaileak, Teknikerren erakunde laguntzaile izateko hitzarmena berritu du, produktu elektronikoaren ingeniaritzan, gainazaletan eta automatizazio industrialean azken urteotan egindako lanarekin jarraitzeko. 

Lankidetza-hitzarmen horiek guztiak I+G jarduerak hobeto koordinatzeko estrategia baten barruan sartzen dira, bi aldeetako lantaldeak finkatzeko eta emaitzak optimizatzeko aukera emango duen harreman egonkorra sendotuz. Modelo horrek, gainera, komunikazioari eta markari lotutako onurak, azpiegiturak lehentasunezko baldintzetan erabiltzea eta hirugarrenekiko laguntza estrategikoa ere baditu.

 

Teknikerren Erakunde Laguntzaileak