ALBISTEAK BUELTATU

Clickindustrial, adibide berritzailea salmenta-prozesu industrialen digitalizazioan
Industria-zerbitzuen B2B atariaren proiektu berezi bat

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak Euskadiko kasu praktiko berritzaileen bankuan sartu du Teknikerrek garatu duen marketplace industrial berritzailea, haren emaitza onak baloratu ondoren.

Teknologia eta zerbitzu industrialak Internet bidez sal daitezke? Teknikerrek baietz erakutsi du, Clickindustrial marketplace-ari esker. Bada, zerbitzu industrialak saltzeko negozio-eredu bat da, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak Euskadiko kasu praktiko berritzaileen bankuan sartzeko hautatu duena. 

Euskadiko industria-ingurunean, garapen berritzailea da, digitalizazioa ekoizpen-prozesuetan aplikatzea baita ohikoena, eta ez salmenta-prozesuetan aplikatzea. 

«Teknikerrentzat, erronka bikoitza da: batetik, salmenta-bideak eta merkatu potentzialekin harremanetan jartzeko bideak kanal digitalaren bidez zabaltzea, zerbitzuak geografian dibertsifikatzeko eta salmentak modu eraginkorrean atzeman eta jarraitzeko premia dagoelako, eta, bestetik, TRL handiko teknologia transferitzeko helburua betetzen dela ziurtatzea, enpresetara iristeko modu berrik irekiz. Pertsonak eta enpresak gero eta digitalagoak gara, eta bezeroak dauden tokian egon behar dugu», azaldu du Itziar Cenoz Teknikerren Marketing & Digital Business Ataleko zuzendariak.

Hala, enpresaren balio-kate osoan digitalizazioa ezartzeko ideia horretatik sortu zen Clickindustrial 2019an. Handik bi urtera, Innobasquek Teknikerren atari digitalean lortutako emaitza onak baliozkotu ditu. 

«Plataforma atera genuenetik (2019ko bigarren hiruhilekotik) 2021eko lehenengo hiruhilekora bitartean, plataformara egindako bisiten kopuruak %117 egin du gora, eta hileko erabiltzaileen kopurua %48 handitu da. Plataformaren seihilekoko fakturazioa %476 hazi da sortu zenetik hona, eta batez besteko tiketa %142 igo da. Gainera, plataforman alta eman duten 155 enpresetatik 110 bezero berriak dira», gaineratu du Helena García plataformaren kudeatzaileak. 

Datu horiek erakusten dutenez, digitalizazioa industria-sektoreko salmenta- eta aurresalmenta-prozesuetan ere aplika daiteke.

 

Datuetan oinarritutako kudeaketa

Tresna horri esker, zentro teknologikoa merkatu eta bezero berriengana iritsi da, eta erosketa-prozesua arindu eta merkatu du. Aldi berean, salmentei eta bezeroei buruzko informazioa sortu eta ustiatzeko ahalmen izugarria dauka, eta ahalmen horrek datuetan oinarritutako kudeaketari bide ematen dio. 

«Bihurketa-adierazleekin, egindako aurrekontuen adierazleekin, fitxa teknikoen deskargen adierazleekin eta produktu-fitxetarako bisiten adierazleekin ari gara lanean, plataforma hobeto kudeatzeko eta, datuetan oinarrituta egoteagatik, kudeaketa hori eraginkorragoa eta objektiboagoa izateko asmoz», jarraitu du Itziar Cenozek.

Clickindustrial marketplace formatuarekin sortu da, eta beren produktuak eta zerbitzuak saltzea ahalbidetzen die askotariko enpresei. Teknikerrek arretaz hautatzen ditu hornitzaileak, haien teknologiaren kalitatea bermatzeko; gainera, elkarren jarduera osatzen duten enpresak bilatzen ditu, sinergiak eta salmenta potentzial gehiago sor daitezen. 

Gaur egun, atariak Bureau Veritas enpresaren laguntza jasotzen du, bere zerbitzuak plataforman merkaturatzen dituen lehenengo enpresa gisa. Etorkizunari begira, salmentak digitalizatzeko asmoz Clickindustrialen sartu nahi duten enpresa kolaboratzaile gehiago atxikitzeko lanean ari da Tekniker, baita plataforman erabilgarri dituen zerbitzuen kategoriak zabaltzeko ere.

 

Lotutako informaziora joan