TEKNOLOGIARA BUELTATU

Hidrogenoaren ekoizpenari aplikatutako gainazalen ingeniaritza
Teknikerrek materialak jalkitzeko teknikak garatu ditu hidrogenoa ekoizteko

H2BASQUE proiektuaren esparruan, Teknikerrek materialak jalkitzeko teknika aurreratuak aplikatu ditu katalizatzaileen fabrikazio-kostuak murrizteko, katalizatzaileak osagai kritikoak baitira hidrogenoaren ekoizpenean.

Europar Batasunak Europako Itun Berdea (European Green Deal) sustatu du, 2050erako klima-neutraltasuna lortzeko xedez. Bada, itun horren arabera, hidrogeno berdea EBko herrialdeak deskarbonizatzeko giltzetako bat da. Estrategia horrek proposatzen duenez, Batasunean 6 GW hidrogeno ekoitzi behar dira 2024rako, eta 40 GW 2030erako. 

Zentzu horretan, hidrogenoaren ekoizpenean finkatu diren helburuok betetzen lagundu dezaketen teknologia giltzarrietako bat dira PEM elektrolizatzaileak, abantaila handiak baitauzkate; hala nola, hidrogenoan lortzen duten purutasuna eta energia berriztagarrien instalazioetan integratzeko duten erraztasuna. Hala ere, erabiltzen diren prozesuen eta materialen ondorioz (batez ere, metal preziatuetan oinarritutako katalizatzaileak direla-eta), fabrikazio-kostuak altuak dira, eta, beraz, soluzio errentagarriagoetarantz jo behar da.

Teknikerrek eskarmentu handia dauka hidrogenoa ekoizteko sistema elektriko horietan, eta, H2BASQUE proiektuaren esparruan, materialak jalkitzeko magnetron sputtering  teknika aurreratuaren erabileran ari da lanean, metal preziatuen erabilera ahalik eta gehien murrizteko eta katalizatzaileak eskala industrialean fabrikatzearen kostuak gutxitzeko, merkatuan daudenen eraginkortasuna eta iraunkortasuna kendu gabe. 

Teknologia horren bidez, elektrolizatzaileak fabrikatzeko osagai kritikoetan metal preziatuen karga murrizteari begirako bi erronka handiei egin die aurre Teknikerrek: iraunkortasun baxuari eta konbertsio-eraginkortasunaren murrizketari. 

Gainera, katalizatzaileak, gaur egun, teknika hezeen bidez fabrikatzen dira, elektrodoen gainean espraiaren bidez jalkiz, eta teknologia horrek material asko galtzen du. Magnetron sputtering teknikak, berriz, materialak urrats bakarrean fabrikatzea ahalbidetzen du, osaera eta morfologia kontrolatuarekin: elektrodoaren gainean zuzenean jalki daiteke, manipulaziorik gabe.

Horrela, metal preziatu gutxiko katalizatzaileak fabrikatu daitezke, eta giltzarria da hori, bi arrazoirengatik: batetik, metal preziatuak oso garestiak direlako, eta, bestetik, urriak direlako. 

Teknikerren garapen berriak karakterizazio-tekniken bidez ebaluatuko dira, hidrogeno berdearen ekoizpenean ezarri ahal izan daitezen eta, energia berriztagarrien instalazioetan integratuta, energia garbia sortzen eta lurraldea deskarbonizatzen lagundu ahal izan dezaten. 

Eusko Jaurlaritzaren Elkartek 2021 programak finantzatu du H2BASQUE (Euskadin Hidrogenoaren Ekonomia Sustatzeko Teknologiak) egitasmoa; izan ere, hidrogeno berdea sortzeko osagai kritikoen eta teknologia berritzaileen garapena jorratzen du programa horrek, Euskadiko unibertsitateen, enpresen eta zentro teknologikoen laguntzarekin.