TEKNOLOGIARA BUELTATU

Eguzki-energia termikoa sustatzeko instalazio berritzaile bat
Eguzki-energia termikoa kostu txikiagoarekin sustatzeko instalazio berritzaile bat

Teknikerrek MOSAIC proiektu europarra koordinatu du, eraikuntza- eta operazio-gastu gutxiago sortuko dituen CSP instalazio-kontzeptu berri bat garatu eta baliozkotzeko.

Eguzki-energia termoelektrikoa, CSP siglen bidez ere ezagutzen dena (Concentrated Solar Power), eguzki-energia termiko bat da, eta elektrizitatea modu jasangarri eta kudeagarrian sortzea ahalbidetzen du, teknologia fosilen eraginkortasun-maila berberarekin. Espainiako merkatu elektrikoan, zentral mota horiek errealitatea dira dagoeneko; alabaina, instalazioak eta mantentze-lanek kostu handia dutenez, Europan ez dira gehiegi hazi eta hedatu.

Zentzu horretan, Teknikerrek MOSAIC proiektua koordinatu du azken bost urteotan, CSP instalazio-kontzeptu berri bat garatu eta baliozkotzeko xedez: gaur egungo CSP instalazioen antzeko errendimendu-maila dauka, baina eraikuntza- eta operazio-gastu txikiagoak sorrarazten ditu. 

Instalazio-kontzeptu modularra da, eta modulu bakoitzak kontzentratzaile esferiko finko bat eta hargailu mugikor bat (SRTA, Stationary Reflector/Tracking Absorber) dauzka. 

Proiektuarekin, 300 kW-ko modulu baten prototipoa eraiki da Zangozako (Nafarroa) Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean (CENER), eta baliozkotze-entseguak berriki hasi dira.

Horretarako, Teknikerrek, sistema mekanikoen diseinuan, zehaztasuneko ingeniaritzan, ingeniaritza termikoan, sistema autonomo adimendunetan eta automatizazio eta kontrolean duen espezializazio-maila altuari esker, hargailu mugikorra kokatzeko sistema berritzaile bat asmatu eta ezarri du, zinematika paraleloan eta fotogrametria multibistan oinarrituta. Bada, gutxi gorabehera 20 metroko altuera duten lau tiro-dorretan sakabanatutako zortzi kableri eraginez jarduten du sistema horrek (kableen luzera aldakorra da, 5 eta 35 metro artekoa). Era berean, emaria kontrolatzeko sistema berri bat garatu du hargailurako, hargailuaren irteeran dagoen tenperatura zehaztasun handiagoz kontrolatzeko.

Kokapen-sistema horri esker, hargailua egunean zehar kontzentragailuen gainean lekualdatzeak zekarren erronka konpondu da: eguzki-energiaren kontzentrazio altuak bermatzen ditu, eta, beraz, baita tenperatura eta eraginkortasun-maila altuak ere. Gainera, teknologia horrek kostuak murrizteko ahalmen handia dauka, bai inbertsioari dagokionez, bai operazioari eta mantentze-lanei dagokienez; izan ere, eguzki-zelai finkoek saihestu egiten dituzte jarraipen-gailuei loturiko gastuak, eta ispiluei eusteko egitura merkeagoak erabiltzea ahalbidetzen dute. 

MOSAIC instalazio-kontzeptuak eskaintzen duen modularitatearekin, soluzio berbera eman dakieke instalazioen askotariko tamainei; besterik gabe, moduluen kopurua aldatuz. MOSAIC moduluak multzokatu egiten dira, potentzia-bloke berbera eta metatze-sistema komunak parteka ditzaten. Horrela, adibidez, potentzia altuko instalazioak plantea daitezke, baina neurri txikiko instalazioen abantailei eutsita; hala nola, indargabetze atmosferiko baxua eta zehaztasun-errekerimendu ez hain murriztaileak.

Europar Batasunaren Horizonte 2020 programak finantzatu du MOSAIC proiektua: programa hori 2016an abiatu zen, eta bazkide espainiarrak, alemanak, frantsesak, daniarrak, txekiarrak eta italiarrak dauzka.

This Project has received funding from the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement No. 727402