ALBISTEAK BUELTATU

Teknikerrek bere teknologiarekin laguntzen dio Espalazio bidezko Europako Neutroien Iturriari
Tekniker zentro teknologikoak huts ultra altuko itxiera-mekanismoa fabrikatu du ESSarako

Lunden (Suedia) eraikitzen ari den instalazio zientifiko hori Europako 13 herrialdek bultzatzen dute eta energiaren, osasunaren eta ingurumenaren arloko ikerketan lagunduko du.

Espalazio bidezko Neutroien Europako Iturria (ESS) asmo handiko lankidetza-proiektu bat da, Europako 13 herrialdek sustatutakoa munduko neutroi-iturri ahaltsuena eraiki eta erabiltzeko, materialen barrualdea behatu ahal izateko, atomoek barruan duten egitura eta portaera aztertzeko, eta energiaren, osasunaren eta ingurumenaren sektoreetako ikerketan laguntzeko.

Instalazio zientifiko hori erregimen iraunkorreko operazio-fasean egotea espero da 2027an. Instalazioek 10 hektarea hartzen dituzte (14 futbol-estadioren neurriak), eta Lund (Suedia) hiri txikian daude dagoeneko. 

Beren ezaugarri teknikoak kontuan hartuta, instalazioek sarbide zaileko eremu batzuetara urrutitik sartzea ahalbidetzen duten mekanismoak eta sistemak behar dituzte. Horien artean dago hormigoizko eta altzairuzko bunkerrean kokatuko den ganbera hermetikoa, neutroi-sorten bihotza izango dena. 

Testuinguru horretan, Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kide denak, mekanismo berritzaile bat garatu du, ingurumen-baldintzek eskuz jardutea galarazten duten eremuetan huts ultra altuko (aurrerantzean HUA) hodien lotura urrunetik ixteko aukera ematen duena.

Mekanismo sofistikatuaren fabrikazioa Teknikerrek ESS neutroien iturria eraikitzeko hornitzaile teknologiko gisa duen lankidetzaren barruan sartzen da; Suedia eta Danimarka dira lankidetzaren herrialde anfitrioiak eta 2014. urtean hasi zen eraikitzen. 

Zentro teknologikoak doitasunezko ingeniaritzaren, tribologiaren, hutsaren eta estalduren arloan duen esperientziari esker, nazioarteko zientzia-instalazio handietarako erreferentziazko hornitzaile bihurtzeko aukera izan du azken urte hauetan. Testuinguru horretan, ESS erronka berri bat da zentroarentzat, mekanismo bakar batean askotariko teknologia integratzea eskatzen duelako.

 

Informazio gehiago hemen