ALBISTEAK BUELTATU

Torneaketa- eta robotika-teknologia berriak, ekoizpen malgu eta zehatza bermatzeko
Prozesu malguagoak, eraginkorragoak eta zehatzagoak makina-erremintaren sektorean

Tekniker zentro teknologikoa LASTORN eta R2M proiektuetan ari da lanean, mekanizazio eta fabrikazio industrialeko prozesuen prestazioak hobetuko dituzten soluzio berritzaileak abian jartzeko.

Makina-erremintaren sektorean lan egiten duten enpresek gero eta zehaztasun eta malgutasun handiagoa eskatzen dute beren mekanizazio- eta ekoizpen-sistemetan, industrian lehiakortasun handiagoa dagoelako. Gainera, soluzio horietan robotika gero eta gehiago erabiltzeak robotaren eta makinaren arteko lankidetza handiagoa eskatzen du.  

Testuinguru horretan, Tekniker zentro teknologikoa, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide eta fabrikazio aurreratuan eta robotika industrialean aditua dena, hainbat proiektutan ari da lanean, prozesu malguagoak, eraginkorragoak eta zehatzagoak bermatzeko. 

Ekimen horietako bat LASTORN da. Ekimen horren barruan, Tekniker garapen oso berritzaile batean ari da lanean Geminis Lathes enpresarentzat neurrira egindako modulu gehigarri batekin. Proiektuaren esparruan, tornu hibrido aurreratuaren prototipo bat garatzen ari da, eta mekanizazio-lanak zein fabrikazio gehigarriko prozesuak egiteko gaitasuna izango du, laser-tekniken bidez materiala jalkiz.

Bi teknologien baturak sistema horien jasangarritasuna hobetzen lagunduko du, eta higatutako piezak berreskura eta birzikla ditzake teknologia gehigarriaren bidez. Hala, korrosioaren aurkako eta higaduraren aurkako propietateak emango zaizkie piezei edo tenperatura altuak jasateko gaitasuna emango zaie hainbat materialekin egindako estalduren bidez.

Soluzio hori Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) finantzatzen du eta egungo torneaketa- eta artezketa-teknologien doitasun-mailak handitzeaz gain, Geminisen lehiakortasuna bultzatuko du. 

Bestalde, R2M proiektuaren esparruan, makina-erremintaren sektoreko punta-puntako enpresekin elkarlanean ari da Tekniker, makinen arteko lankidetzan oinarritutako fabrikazio-sistemen malgutasuna eta birkonfigurazioa hobetzeko soluzioak garatzeko.

Zentro teknologikoak proiektuaren ikuspegi orokorra emango du eta hainbat bazkiderekin batera lan egingo du honako helburu hauek lortzeko: robot industrialen kontrol aurreraturako teknologiak garatzeko, mekanizazio-aplikazioetarako zehaztasuna hobetzeko, fabrikazio malguko zelulak garatzeko lan-ingurune bat ezartzeko eta “Unity”, modelatzeari eta simulazioari dagokienez, diseinuaren eta garapenaren hasierako faseetan zelula birtualki konfiguratzeko teknologia gisa erabiltzeko.

SMARTPMren gidaritzapean, R2M proiektua Eusko Jaurlaritzak finantzatu du SPRIren bidez, hain zuzen ere Hazitek Estrategikoa I+G+B-ri laguntzeko programaren bidez. Programan hainbat industria-erakunde ari dira parte hartzen.