TEKNOLOGIARA BUELTATU

Bultzada teknologikoa ekonomia zirkularrari industria aeronautikoan
Ekipamendu batek automatikoki birziklatzen ditu fabrikazio aeronautikoan sortutako hondakinak

Tekniker zentro teknologikoak prototipo bat diseinatu du aeronautikako ekoizpen-prozesuetan sortutako hondakinak birziklatu eta beste sektore batzuetan erabiltzeko, eta, hala, aurreztea arlo ekonomikoan nahiz ingurumenekoan.

Europar Batasuneko industria aeronautikoaren ekoizpenak aurreinpregnatutako (prepeg) erretxina daramaten karbono-zuntzezko materialez egindako 10 bat tona txatal ez-erabilgarri sortzen ditu urtean. Txatal horiek material konposatuen fabrikazio automatikoan sortzen dira, eta horien tratamenduak 3 eta 12 euro arteko kostua du kilogramo bakoitzeko. 

Errealitate horren aurrean, Tekniker zentro teknologikoak ekipamendu berritzaile bat diseinatu du, fabrikatzaile aeronautikoei aukera emango diena material horiek instalazioan bertan birziklatu eta birbalorizatzeko eta, hala, aurreztea arlo ekonomikoan nahiz ingurumenekoan. 

Soluzio hori Europako Recycomp proiektuaren esparruan garatu da, eta dagoenek proiektuaren topic managerrera bidali da, Leonardo Aircraft taldera. 2023ko otsailean muntatuta egotea espero da, haren funtzionamendua baliozkotzeko behar diren doikuntzak eta probak egiten hasteko. 

“Txatalak automatikoki eta eraginkortasunez berrerabiltzeko behar diren prozesuak egiteko gai den makina bat diseinatu dugu, osagai ez-kritiko berriak fabrikatzeko orduan, hala nola kabinako elementuak edo beste sektore batzuetarakoak, erabiltzeko aukera emango duten kalitateari eta propietateei eutsiz”, azaldu du Oscar Gonzalo, Teknikerreko Aeronautika Sektoreko arduradunak.

Soluzio hori lortzeko, Teknikerreko taldeak hainbat prozesu eta teknologia konbinatu ditu sistemak birziklatze-lanak automatikoki egin ditzan.

 

Ikusmen artifiziala eta sistema robotikoak

Alde batetik, zentroko ikertzaileek ikusmen artifizialeko ekipamenduak erabili dituzte txatalen forma eta karbono-zuntzen noranzkoa identifikatzeko. Lortutako informazioa Teknikerrek diseinatutako software baten bidez prozesatzen da, eta datuek makinari laguntzen diote zuntzen noranzko zehaztu batekin ebaketak modu erregularrean egiten muntatutako ebaketa-buru baten bidez.

Soluzioak sistema robotikoak erabiltzen ditu ebakinak modu erregularrean manipulatzeko eta ebakin horiek modu ordenatuan osatutako mosaiko bat sortzeko. Horren ondorioz, propietate mekaniko kontrolatuak dituen soberako materialaren xafla bat sortzen da.

Material birziklatuaren propietate mekanikoak ebaluatzeko eta jatorrizko materialaren propietateekin alderatzeko saiakuntzak egiteko lagin-probeta eta -osagaien fabrikazioa ere sartzen da proiektuan. Hori guztia, ekonomia zirkularreko eredu bati esker berrerabiltzeko eta, horrela, ingurumen-abantailak lortzeko.

2023ko otsailean sistema guztia Teknikerren instalazioetan muntatuta egotea espero da, birziklatze-prozesuaren gaineko doikuntzak egin ahal izateko. Martxoan, ekipamendua Italian instalatuko da, topik managerak lehen material birziklatuaren lehen seriea egin eta materiala karakterizatzeko probak eta saiakuntzak egikaritu ahal izateko. 

2023ko abuztuan amaituko den Recycomp Europako ekimena Europar Batasuneko Clean Sky 2 programak finantzatu du.

RECYCOMP project has received funding from the Clean Sky 2 Joint Undertaking under the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement No 886967.