Elkarrizketa

Etorkizun jasangarria bideragarri bihurtzeko erronka daukagu, lehiakortasuna eta segurtasuna ahaztu gabe

ELKARRIZKETA

Eva Novillo, CESA/Héroux-Devtek Spain enpresako I+G saileko arduraduna

CESA/Héroux-Devtek Spain nazioarteko enpresa bat da, industria aeronautikorako sistema eta osagai fluidomekaniko eta elektromekanikoak diseinatzen, ziurtatzen eta fabrikatzen espezializatua. Eva Novillo, I+G saileko arduradunak, sektorearen eta enpresaren erronka nagusiak berrikusiko ditu, eta hainbat jarduketa-teknologiatan Teknikerrekin duen lankidetzaz hitz egingo du.

Zein dira sektore aeronautikoaren erronka nagusiak I+G arloan?

Lehen erronka eta garrantzitsuena jasangarritasunarena da. Gizarte osoak eskatzen duen erronka globala da eta, gainera, Europako industria aeronautikoak konpromiso sendoa hartu du erronka horri aurre egiteko. Konpromiso hori argi eta garbi islatzen da Clean Aviation-en jarduketa publiko-pribatuko programan eta Zero Emisioko Abiaziorako Aliantzak (AZEA) egin berri duen prestakuntzan. CESAk parte hartzen du Europako Batzordeak babestutako bi ekimenetan.

Bigarren erronka etorkizun jasangarri hori bideragarri egitea da, lehiakortasun-faktorea alde batera utzi gabe. 2050ean klimaren neutraltasuna lortzeko lan-ildoak identifikatu ondoren (erregai jasangarriak, hegazkin elektrikoa eta hidrogenoa energia-bektore giltzarri gisa), gure sektorea oraindik ere susperraldia osatzen ari da merkatu zibilean, pandemia suntsitzaile baten ondoren eta ezegonkortasun ekonomiko eta geopolitiko handiaren ondorioz. 

Testuinguru horretan, I+G egitea lehentasunezkoa da etorkizun jasangarri hori bideragarri egingo duten gaitasunez hornitzeko, baina ezin dugu edozein preziotan egin. Segurtasunak erabateko lehentasuna duen sektore horretan etorkizunean bideragarritasuna izango duten garapen teknologikoetara hurbilketa sendoak eginez egin behar dugu.

Teknikerren laguntza izan duzue jarduketa-teknologiekin lotutako hainbat proiektutan. Nola baloratzen duzu zentro teknologikoaren ekarpena eta sektorean duen ezagutza?

Bai, halaxe da, jarduketa-sistema kritikoekin zerikusia duten bi proiektutan ari gara lanean. Horietako bat DEMANDOS proiektua da (belaunaldi berriko hegazkinetako lehen mailako hegaldi-aginteetarako core teknologien garapena), eta Teknikerrek laguntza handia eman digu prestazio handiko makina elektriko lineal bat garatzeko, seigarren belaunaldiko aireontzietan hegaldi-aginte primarioa aplikatzeko. 

Isuririk gabeko hegazkinak erabiltzeko teknologietara bideratutako beste proiektu batean elkarrekin lan egiten hasi gara. Makina elektriko ultra trinkoaren diseinua baliozkotzeko arituko gara elkarlanean. Makina hori hidrogenoz bultzatutako hegazkin-ingurunean %100 elektrikoa izango den jarduera-sistemaren garapenean sartuko da.

Zergatik fidatu zineten Teknikerrez motor elektrikoak diseinatzeko bazkide teknologiko gisa?

CESAk I+G arloan dituen lehentasun estrategikoen artean, gu jarduketa-sistema osoen hornitzaile gisa gaitzea dago. Alde horretatik, enpresak apustu egin du azken urteotan bi gako-esparrutan teknologikoki gaitzeko. Bi esparru horiek, % 100 elektrikoak diren jarduketa-sistemen bihotza eta garuna dira, eta esparru horietan lidergoa izatea funtsezkoa da produktu lehiakor, jasangarri, fidagarri eta erabat seguruak eskaintzeko.

Garunari dagokionez, aplikazio kritikoen kontrolerako sistema elektronikoen garapenaz ari naiz. Azken hamarkadan, I+G proiektuei esker, CESAk nabarmen hartu du bere tokia bere produktu propioarekin. 

Bigarren garapen-esparrua makina elektrikoa da, hain zuzen ere, jarduketa-sistemaren bihotza. Ahalegin handia ari gara egiten I+G arloan jarduketa elektrikoaren segmentuan ondo kokatzeko, eta jarduketa hidraulikoko sistemetan ere bai.

Makina elektrikoari buruzko gaitasunen garapen horretan ari zaigu laguntzen Tekniker, simulazio elektromagnetikoaren, materialen teknologien eta prototipoak baliozkotzeko bitartekoen esparruetan duen ezagutzari esker.

Elkarrenganako konfiantza-sentsazioa eta zentro teknologikoak jasotzen ari garen ezagutzaren transferentzia eraginkorra esparru honetan edo beste batzuetan lankidetzan jarraitzeko oso aktibo garrantzitsua direla esan dezaket.

Zure ustez, zer eginkizun izango dute motor elektrikoek, esaterako Teknikerrekin batera garatutakoak, industria aeronautikoaren etorkizunean?

Lehen esan dudan bezala, makina elektrikoa da jarduketa-sistemaren bihotza eta, zenbait merkatu-segmentutan, sistema hidraulikoetatik sistema %100 elektrikoetarako trantsizio hori gauzatzen ari da. Jarduketa elektrikoaren abantailak teorian argi badaude ere (pisua gutxitzea, fidagarritasuna hobetzea, monitorizatzeko aukera, sistema garbiagoak eta jasangarriagoak…), kontua da oraindik erronka garrantzitsuei aurre egin behar zaiela. 

Horien artean, kudeaketa termikoaren alderdiak daude, batez ere funtzionamendu jarraitua eskatzen duten aplikazioetan —hegaldi-aginte primarioak—, edo funtzionamendu horretan sortzen den bero-potentzia (motor-inguruneak) oso modu eraginkorrean kudeatzea eskatzen duten eta sistema konbentzionalei eragiten ez dien inguruneak dituzten aplikazioetan, horietan fluido hidraulikoa agente hozgarri aparta baita.

Beste erronka bat hegaldiko segurtasun-estandar handiei eustea da eta, horretarako, akatsekiko toleranteak diren makina elektrikoak garatzea, oso sistema astunak eta konplexutasun handikoak sortzen dituzten erredundantzia mekanikoak ezabatzeko aukera emango digutenak.

CESA/Héroux-Devtek Spain enpresaren kasuan, zer erronka dituzue hurrengo urteetarako?

Gure lehentasunak eta erronkak hiru multzo handitan laburbildu ditzakegu. Lehena, merkatuan sistema osoen hornitzaile gisa dugun posizioa finkatzea da. Kontrol-sistema elektronikoen esparruan arestian aipatutako alderdiak biltzen ditu horrek.

Bigarren erronka handia elektrifikazioa da. Atzera-bueltarik gabeko bidea da. Jardun elektrikoaren erronka handiei aurre egiten dieten garapen teknologikoetan buru-belarri sartuta gaude. Hirugarren erronka datuak eskuratzeko eta kudeatzeko/erabiltzeko teknologia berriak aplikatzea da. Sistema elektrifikatuek kontzeptuaren oinarrizko ezaugarriengatik eman dezaketen datu-kopuru handia oso erabilgarria izan daiteke gure taldeetako azken operadoreentzat.

Horretarako, datu horiek erabiltzen jakin behar dugu, gure end user bakoitzarentzat erraz interpreta daitekeen kalitatezko informazio bihurtzeko, ekipamendu elektronikoen bidez ditugun ezagutzan eta gaitasunetan oinarrituta. Big Data, Digital Twin, Health Monitoring eta abarretan oinarritutako teknologia disruptiboak eta garapenak dituzten hainbat proiektutan nahasita gaude.

Erronka horrek hainbat dimentsio ditu. Lehena, produktu fidagarriagoak eta seguruagoak garatzeko arloan (adibidez, health monitoring teknologiak erabiliz, akatsak aurreratzeko eta zerbitzuan ekintza zuzentzaileak sortzeko).

Bigarrena, produktuaren mantentze- eta euskarri-lanei dagokie; adibidez, mantentze-lan prediktiboetarako gaitasuna sortzen du eta gure bezeroei eragiketa-kostuak murrizten dizkie.

Eta hirugarren dimentsioa gure ekipamenduen fabrikazioaren eta muntaketaren arloan, adibidez, errealitate birtual eta areagotuko teknologiez baliatuz, gure muntaketa- eta fabrikazio-langileen lanak erraztuko dituzten datuak biltzeko eta kudeatzeko eta, horren ondorioz, gure produktibitatea handitzeko.