ALBISTEAK BUELTATU

Teknikerrek osasun-arloko gailuak garatzeko dituen gaitasunak erakutsi ditu ‘Matchmaking Innovación en Salud’ foroan
Oheratutako pazienteak errehabilitatzeko sistema berritzailea garatu du zentroak

Topaketaren helburua inplikatutako eragile nagusiak harremanetan jartzea eta, modu horretan, industria-sare sanitarioa sustatzea zen.

Teknikerrek parte hartu du Fenin Osasun Teknologiako Berrikuntzaren Espainiako Plataformak Donostian antolatutako osasun-arloko gailu adimendunen eta robotikaren soluzio berriei buruzko foroan. 

Azaroaren 25ean eta 26an egindako ‘Matchmaking Innovación en Salud’ foroak aukera eman zuen erakunde publikoak, startup-ak, I+G+B taldeak, zentro teknologiko eta klinikoak eta sektore horretan ibilbide luzea duten konpainiak harremanetan jartzeko. Helburua, azken batean, osasun-arloko industria-sarea sustatzea zen.  

Osasun-sektorearen premiak jasotzeko eta ezagutza partekatzeko aukera izan zen ekitaldia. Teknikerrek enpresekin, startup-ekin eta osasun-ikerketako taldeekin egindako hainbat proiektu arrakastatsuren adibideak erakutsi zituen. 

Horien artean Indarpresst proiektua dago. Teknikerrek, Donostia Unibertsitate Ospitalearekin batera, gailu eramangarri berri bat garatu du oheratutako pazienteen beheko gorputz-adarretako indarra lantzeko.

Teknikerrek bertaratutakoen eskura jarri zituen osasun-arloko gailuak garatzeko dituen gaitasun teknologikoak, hala nola doitasunezko mekatronika, neurrira txertatutako elektronika, biosentsorika eta miniaturizatutako eta erabilgarritasunera eta industrializaziora bideratutako diseinu ergonomikoa. Gailu horien diseinatzeko eta garatzeko kalitatea ziurtatzeko ISO 13485 ziurtagiria du zentroak. 

Garapen berriak bultzatzeko funtsezko ezagutzak dira, aurreneko balidazio-faseetatik hasi eta medical devices berriak merkaturatu eta merkatura atera aurreko garapen-faserik aurreratuenetaraino.