BUELTATU

ELKARRIZKETA

"Teknologian inbertitzea gure etorkizunerako erabakigarria dela jakinarazi behar zaio gizarteari"

Elkarrizketa Eva Caballerori, Radio Euskadiko La mecánica del caracol irratsaioaren zuzendariari

Eva Caballero

Radio Euskadin zuzentzen duen La mecánica del caracol zientzia-dibulgazioko irratsaioarekin, publiko orokorrarentzat zientziari eta teknologiari buruzko informazio-erreferentzia sortzea lortu du Eva Caballerok. Caballerok elkarrizketa honetan esan digunez, "teknologian inbertitzea gure etorkizunerako erabakigarria dela jakinarazi behar zaio gizarteari".

1.- Zure irratsaioan, Euskadiko erakunde askok zientzia- eta teknologia-arloetan egiten duten lanaren berri ematen duzu. Zergatik zientziaren berri?

Arrazoi askorengatik... Hasteko, Radio Euskadik duen zerbitzu publikoaren egitekoa delako. Ez da ohikoa komunikabide orokorrek zientzia eta teknologiari buruzko gaiei eskaintzea denbora bat, sistematikoki. Hala ere, inoiz ez da gai horiei buruzko hainbeste albiste sortu. Arlo horri buruzko informazio egiaztatua, eskuragarria eta lehen eskukoa izatea funtsezkoa da irizpidedun gizarte bat osatzeko, zientzia zientzia-fikziotik edo sasizientziatik bereizten duen gizarte bat, alegia. Bestalde, zentro teknologikoek eta ikerketa-zentroek egiten duten lanaren berri emateko balio du saioak, eta zentro horien alde erakunde publikoek eta pribatuek egiten duten ahalegin ekonomikoa azaltzeko. Gizarteari teknologian inbertitzea gure etorkizunerako erabakigarria dela jakinarazten jakin behar da.

2.- Nola lagundu dezakete komunikabideek eta kazetariek gizartea zientziaren arloan prestatzen?

Ekoizpen zientifikoaren eta publikoaren arteko lotune izan behar dute komunikabideek. Horretarako, garrantzitsua da kontzeptuak ongi azaltzea, eta irizpidez eta zorroztasunez landutako informazioa ahalik eta jende gehienaren esku jartzea. Bestalde, ez da gehiegi sinplifikatzeko, helburuak edo epeak gaizki ulertzeko edo errealitatea apaintzeko tentaldian erori behar titulu polit bat lortzearren. Gaizki-ulertu horiek, askotan, publikoa nahastu egiten dute, zoritxarrez, eta konfiantzarik eza eragin zientzialarien artean.

3.- Zure ustez, euskal gizarteak ezagutzen eta onartzen al du administrazioek, enpresek eta zentroek ikerketan egiten duten ahalegina?

Esango nuke Euskadin oinarri teknologikoko enpresak eta ikerketa-zentroak sortzeko beste eremu batzuetan baino ahalegin handiagoa egin dela uste duela jendeak. Beste kontu bat da egiaz ezagutzen den zertan ari diren. Hortaz, etengabe ahalegindu behar da zer lan egiten duten komunikatzen.

4.- Formatu berrietara ari da hedatzen dibulgazioa, hasi irratitik eta onlineko jardueretaraino. Laguntzen al du horrek herritarren zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa handitzen?

Internet oso tresna baliotsua da ezagutza zientifikoa zabaltzeko. Alde batetik, arlo horretako profesionalei beren lanaren eta ezagutzen berri ematen laguntzen dielako; beste alde batetik, erabiltzeko baliabide erraza delako jende gehienarentzat. Gainera, zer espezializazio-maila nahi dugun aukeratu dezakegu, hasi profesionalentzako artikulu teknikoetatik eta ahalik eta jende gehienarengana iristeko prestatutako hizkera errazeko edukietaraino. Bigarren bide hori da, hain zuzen ere, irratirako naturalena.

5.- Zure irratsaioan, IK4-TEKNIKER zentroak garatzen dituen proiektuak eta berrikuntzak aipatu ohi dituzu aldian-aldian. Nola jasotzen du publiko orokorrak teknologia-zentro horren jarduna?

Iruditzen zait positiboa dela proiektuen balorazioa, eta, askotan, guretzat interesgarriak diren aplikazio praktikoak dituzten ikerketa-ildoak lantzen direla. Honetan ere, publikoari gai horiekiko interesa pizteko aukera ematea da kontua, hizkuntza argia eta erraza erabiliz, adibide praktikoak emanez, eta lan horrek gure gizartearen etorkizunerako zer garrantzi estrategiko duen azalduz.