BUELTATU

ELKARRIZKETA

IoT teknologietan oinarritutako negozio-eredu berriak

Ramón Gabikagogeaskoa,
Ojmar enpresako zuzendari kudeatzailea

Ojmar azken aurrerapen teknologikoetan oinarritutako bulego-altzarietarako eta ekipamendurako sarrailen ekoizpenean eta soluzioen garapenean espezializatutako Gipuzkoako enpresa da. Enpresa hau, duela 100 urte armak fabrikatzen hasi zena, teknologiaren eta produktuen eboluzioaren eredu da, merkatu nazionalean, liderra, eta, nazioartean, erreferente nabarmena. Elkarrizketa honetan, Ramón Gabikagogeaskoak, Ojmar-en zuzendaria, bere enpresaren negozio-ereduaren eboluzioari buruz hitz egingo du.

1.- Ojmarrek, nagusiki, armairuen sarraila elektronikoetarako sistema adimendunak garatzen eta fabrikatzen ditu. Produktu izarra, munduan aitzindaria hori, haririk gabeko RFID sarraila da. Zer-nolako erronka teknologikoak topatu zenituzten sarraila hori egitean?

Ezagutza teknologiko berriak eskuratzea eta haririk gabeko komunikazioak kontrolatzea izan zen erronka teknologiko nagusia, energia-kontsumoaren gutxieneko maila lortu eta sarraila bakoitzerako segurtasun-maila egokia ziurtatzearekin batera egin nahi baitzen.

2.- Zein ekarpen egiten dio sarraila berritzaile horrek gaur egungo teknologiari? Zein dira sarrailaren abantaila nagusiak?

Gero eta digitalagoa den eta datuen kudeaketaranzko joera handiagoa duen mundu honetan, sarraila horrek aurrerapauso handia egin du altzarien eta armairuen sektorean, altzariak modu berritzailean kontrolatzea eta kudeatzea ahalbidetzen baitu. Wifi teknologia oso hedatua erabiltzea da abantaila nagusia, horri esker azpiegitura berririk gabe integra daitekeelako irtenbidea.

Bestalde, gaur egungo altzariei egokitzen zaie irtenbidea, eta erraza da lineaz kanpoko sarraila mekaniko edo elektronikoak irtenbidearekin hornitzea.

3.- Ojmar enpresak duela 100 urte ekin zion ibilbideari. Nolako bilakaera izan du, punta-puntakoak diren produktu teknologikoak eskaintzera iristeko?

Jarduten duen mundura egokitzeko gaitasuna duen enpresa izan da eta da Ojmar. Armak eskaintzetik josteko makinak eskaintzera igaro da, baita automobilgintzarako sarrailak eskaintzetik bulegoko altzarietarako sarrailak eskaintzera igaro ere, eta, orain, fitness eta wellness munduko, elkarteetako, laborategietako, enpresetako eta abarretako segmentuetarako irtenbideak eskaintzen ditu. Egun, teknologia digitalak eta horiei loturiko zerbitzuak iritsi direnez, Ojmar bere eskaintza egokitzen ari da, merkatuaren eskakizun berriei erantzun ahal izateko. 

4.- Sortu zenetik mende bat igaro den honetan, Ojmar munduko lider bihurtu da sarrailetarako sistema adimendunen arloan, baina, lasaitu ordez, 4.0 Industriarantz aurrera egiten jarraitzen du. IK4-TEKNIKERen eta Ojmarren arteko aliantzak zer gaineratzen du, 4.0 Industriaren gaur egungo erronkei aurre egiteko orduan? 

Ojmarrek hainbat urte daramatza IK4-TEKNIKERekin elkarlanean, eta, horri esker, ezagutza mekanikoa, elektronikoa eta prozesu industrialen ingurukoa konbinatu ahal izan ditugu, baita bi erakundeen ekipoak konbinatu ere. Horri begira, Ojmar IK4-TEKNIKEReko profesionalengan oinarritzen da produktuen eta balio-prozesuen irtenbide berritzaileak asmatu eta garatzeko.

5.- Ojmarrek zein onura ateratzen dio IK4-TEKNIKER bezalako ikerketa-zentroekin ibiltzeari? 

Gure balio-eskaintzan ezarri nahi ditugun ideia berritzaileak zehazteko, probatzeko edota egiaztatzeko laguntza teknikoa lortzen dugu IK4-TEKNIKERekin. Era berean, IK4-TEKNIKERen laguntza jasotzen dugu, Ojmarreko langileak hainbat alderdi teknologikotan prestatzea ahalbidetzen duen zentro aditua baita.