BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Jauzi kualitatiboa, etengabeko berrikuntzan oinarritutako ibilbidean

Espezialistaren ikuspegia, Alex Bengoaren eskutik

1981. urte ingurua zen Iñaki Goenagak, etorkizunerako begi zorrotzekoa bera, erabakia hartu zuenean: Eibarko Armeria Eskolako laborategi xumeek jauzi kualitatiboa eman behar zuten, ate-joka zetozen garaiek eskatzen zuten ikerketa-mailari egokiro erantzuteko. Erabaki horren ondorio izan zen IK4-TEKNIKERen sorkuntza; apustu arriskutsua izan zen garai hartan, baina zuzena eta nahitaezkoa, gaur egungo ikuspegitik.

Izan ere, IK4-TEKNIKER, gaur egun, punta-puntako zentro teknologikoa da arlo askotan —doitasun-ingeniaritzan, ekoizpen-teknologia aurreratuetan eta mikro- eta nanoteknologietan, adibidez—; gainera, IK4ko kide ere bada, hots, Europako aliantza teknologiko nagusietako bateko kide. Hogeita hamar urte baino gehiago igaro dira funtsezko erabaki hura hartu zenetik, eta ikerketa teknologikoetan aitzindari bilakatu da TEKNIKER egunez eguneko lanari esker. Arian-arian osatu dugun ibilbide horrek erakutsi digu, bestalde, ikerketaren esparruak funtsezkoa duela gertakizunei aurrea hartzea eta merkatuak eskatu aurretik ere noranzko zuzenean lan egitea.

Horregatik, IK4-TEKNIKERek une erabakigarri horietako beste bat bizi du une honetan, eta oraingoan ere egoerak agintzen duen mailan egotea erabaki du. Hala, egoitza modernoa eraiki du, bere premia guztiei erantzuna emateko eta gertakizunei aurrea hartzen jarraitzeko, erantzun irmoa emanez ikerketaren arloak XXI. mendean ezarri dituen erronka zorrotzei.

Badakigu gauzak ondo egiten; urte luzez metatutako jakintza dugu hori, eta eskarmentu horixe da, hain zuzen, gure helburuak lortzeko dugun ondasunik behinena. Gure instalazio berri bikainei esker, gainera, are hobeto bete ahal izango dugu dagoeneko egiten badakigun hori guztia, eta erronka handiagoei ekiteko gaitasuna ere emango digu horrek. Ezbairik gabe, mugarri bilakatu da eraikin berria IK4-TEKNIKERentzat.

Oinarri sendo horren babesaz, datozen urteei begira, argi dugu enpresei gertu-gertutik laguntzen jarraitu behar dugula, haien arazoak hauteman eta elkarrekin jardun behar dugula enpresek merkatuan lehiatzen jarraitzeko behar dituzten baliabide teknologiko eta berritzaileak eratzeko eginkizunetan. Gure xedea, beraz, enpresei erabateko orientazioa ematea da, ezagutza aurreratua aplikatzea, eta, xede hori lortzeko, gero eta hobeak izan behar dugu gure espezializazioa osatzen duen teknologia-sorta horretan, hartara, balio erantsi garbia eta desberdina eman ahal izango baitiegu enpresei, nazioarteko merkatuetan berme sendoz lehiatzeko posizio hobea izan dezaten. Lantzen ari garen ibilbide horretan, funtsezkoa da enpresek eman diguten konfiantza; eta aspalditik gaituzte bidelagun, erreferentziako kide teknologiko modura.

Horregatik guztiagatik, IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak garatzen jarraitu behar du etengabe, bere nortasun-ezaugarriak —hala nola zorroztasuna eta berrikuntza— sekula bazter utzi gabe eta merkatuan ospea eta itzala aspaldidanik eman dizkiguten espezializazio-eremuak sustatzen jarraituz: doitasun-ingeniaritza, ekoizpen-teknologia aurreratuak edo mikro- eta nanoteknologiak, besteak beste. Instalazio berriek, gainera, aukera paregabea emango digute merkatuari begira teknologia horietan zein beste batzuetan sakontzeko. Urrunago iritsi ahal izango gara, beraz, teknologia aplikatuaren arloan gure bikaintasun-helburuak erdiesteko.

Hala, bete-betean heldu ahal izango diegu gure erronka nagusiei: merkatua zabaltzea, enpresekiko harremanak sendotzea eta soluzio teknologiko gehiago eta hobeak izatea. Instalazio berriek, bada, gure eskaintza indartzeko bide emango digute, kantitatean eta, batez ere, kalitatean. Izan ere, laborategi berriei esker, nabarmen ugalduko zaizkigu aukerak, eta eskaintza hobea egin ahal izango diegu hainbat sektoreri —makina-erreminta, energia, aeronautika, automobilgintza, zientzia-ekipamendua, IKTak, garraioa, osasuna eta abar—, aurrerago zehatzago azalduko dugunez.

Egitasmo horren barruan, zenbait bisita antolatzen ari gara, sektoreka eta enpresaka, guztiek ikus dezaten argi zer-nolako lankidetza-, garapen- eta kooperazio-ahalmena duen IK4-TEKNIKERek enpresei laguntzeko —dagoeneko bezero direnei zein enpresa berriei—.

Izan ere, berrikuntza teknologikoa eta nazioartekotzea dira krisitik ateratzeko edo, gutxienik ere, itsaso zakar horretan aurrera egiteko giltzarriak. Asko eta asko gatoz bat horretan. Munduak hazten jarraitzen du, eta merkatua mundua da. Produktuetan berrikuntzak egokiro txertatzen dituzten enpresak, enpresa esportatzaileak edota kokapen anitzekoak oso ondo ari dira lehiatzen, eta merkatua berenganatzen ere ari dira.

Testuinguru horretan, beraz, IK4-TEKNIKERen betekizuna ezinbestekoa izan daiteke, eta hala behar du izan. Balio handiko eragileak gara enpresek, gure goi-mailako jakintza espezializatua baliatuz, beren produktu eta prozesuetan berrikuntza barneratzeko. Enpresek bidaide gaituzte nazioarteko merkatuetako bide malkartsuetan, eta atzean geratzen da arin ez dabilena.

Erronka zirraragarri horretan, gainera, luxuzko adiskidea dugu ondoan, IK4 aliantza teknologikoa; haren kide bultzatzailea da IK4-TEKNIKER. IK4ren inguruan egituratutako ekosistemari esker, gorenera eramango dugu enpresei egiten diegun ekarpena, beren interesetarako aukera onenak eskainiz, IK4 aliantzako kideen artean azpiegiturak eta jakintza partekatuko baititugu gure bezeroen zerbitzura. Gainera, azpiegiturak eta jakintzak partekatzeko prozesu hori aldebikoa denez, IK4 aliantzako beste zentro teknolgikoen bezeroek ere etekina aterako diete, zuzenean edo zeharka, gure azpiegitura berriek ekarritako onurei.

Lan eskerga dugu aurretik —ondo dakigu hori—; izan ere, euskal ekonomiak lehiakorra izaten jarraitzeko funtsezko eragileak gara gu, eta geure gain hartu behar dugu horrek guztiak dakarren ardura. Nolanahi ere, etorkizunari begira, hogeita hamar urte luze hauetan bide zuzenetik jota metatu dugun eskarmentu paregabea dugu gure alde, baita goi-mailako instalazio punta-puntakoenen babesa ere. Aurrera, bada.