BUELTATU

PROIEKTUAK

Berrikuntza teknologikoaren abangoardiarako jauzia

Bultzada gure teknologiei

IK4-TEKNIKERen DNAn grabatuta daude etengabeko hobekuntza eta teknologia berriak bilatu beharra. Horregatik, instalazio berrietara egin behar zuen lekualdaketak zentroari eskaintzen zion aukera paregabeaz baliatu da, lehendik erreferentzia zuen teknologietako ikerketa-kondizioak eguneratzeko, eta, batez ere, gora datozen teknologietako berrikuntzarik aurreratuenak enpresei eskaintzeko behar ziren tresnez hornitzeko aprobetxatu du.

IK4-TEKNIKERen eraikin berriak ekipamendu aparta du, kontratazio-bolumen handiagoa, eta teknologia berrietarako sarbidea. Horrez gain, ordea, enpresen oinarrizko premia bat asetzeko balio dute instalazio berriek: prozesuak industria mailan aplikatzeko aukera ematen dute, enpresei errazago egin dakien berrikuntza teknologikoak bere egitea.

Lau espezializazio-eremu handi

IK4-TEKNIKERen lantzen diren teknologia guztiak lau espezializazio-multzo handitan biltzen dira. Lehenak manufacturing —alegia, fabrikazioarekin zerikusia duten garapen eta espezializazio guztiak— hartzen ditu.

Mekatronikako kontzeptu guztiak hartzen ditu barnean, haien diseinua eta doitasun handiko ingeniaritza. Halaber biltzen ditu ekoizpen industrialeko teknologia guztiak.

Bigarren espezializazio-eremuan, sistema adimendunekin, robotikarekin, informazio-sistema adimendunekin, automatizazio-sistemekin eta prozesuen kontrolarekin zerikusia duten teknologiak biltzen dira.

Hirugarren espezializazio-eremuan, gainazalen ingeniaritzaren kontzeptuaren pean biltzen diren teknologia guztiak ditugu. Materialen gainazala halako funtzionaltasun jakin bat emateko lantzean dautza diziplina horiek. Eremu horren barruan, teknologia fisikoen nahiz teknologia kimikoen ikerketa egiten dute IK4-TEKNIKEReko ikertzaileek.

Materialen karakterizazio mekanikoko teknologiak ere hartzen ditu atal honek barnean, bai eta gainazalek funtzio jakin bata bete dezaten haiei ehundura jakin bat ematen dieten teknologiak ere. Azkenik, fluido industrialak erabili bitarteko kontrolarekin zerikusia duten teknologiak ere biltzen ditu bloke honek.

Azken eremu teknologiko handiak produktuen diseinua eta fabrikazioa biltzen ditu. Funtsezkoak dira eremu honetan diseinuaren kontzepzio fisikoa, kimikoa eta biologikoa lantzen dituzten teknologiak, bai eta nanofabrikaziokoak, kontzeptu elektronikoak eta produktua diseinatzeko eta industrializatzeko kontzeptuak ere.

Etorkizunari begira, lau ikerketa-arlo handitan sakonduko du IK4-TEKNIKERek: robotikan, metrologian, geruza multifuntzionaletan eta olio industrialen kontrolerako sentsore optikoetan.