Elkarrizketa

Konfiantzatik abiatutako lankidetza, denboran iraunkorra, balio partekatuak eta ikuspegi lerrokatuak biltzen dituena

ELKARRIZKETA

Manuel Baraza, Ibermáticaren Merkatu Ataleko zuzendaria

Ibermática informazioaren teknologien arloko zerbitzu-konpainia nagusietako bat da Espainian. 1973tik dabil merkatuan jarduten.  Enpresak, erakundeak eta antolakundeak teknologia eta ezagutza aplikatuz digitalki eraldatzen laguntzeko xedea dauka, horien lehiakortasuna hobetze aldera, konpromisotik eta hurbiltasunetik abiatuta. Bezeroekiko hurbiltasun horri esker, hedapen-prozesu etengabea garatu ahal izan du, beren negozioen bilakaerari laguntzearekin bat. Gaur egun, Ibermática konpainia multinazionala da: Europako eta Amerikako hamar herrialdetan baino gehiagotan dago, eta 4.000tik gora profesional dauzka 20 zentro operatibotan. Halaber, finantzen, aseguruen, industriaren, zerbitzuen, telekomunikazioen, osasunaren, energia & utilities deiturikoaren eta Administrazio Publikoaren sektoreetan jarduten du, irtenbide sektorial espezifikoak eskainiz. Manuel Baraza Merkatu Ataleko zuzendariak enpresaren eta zentro teknologikoaren arteko harreman estuari buruz hitz egin digu zentroaren 40. urteurrenean.

Teknikerrek 40 urte bete ditu. Ibermátican duzun tokitik begiratuta, nola baloratzen duzu zentroak azken urteetan izandako bilakaera?

Ibermátican, Teknikerrekiko oso harreman estuan bizi izan ditugu azken lau hamarkadak. Aitortza eta miresmena zor dizkiogu zentroari, analisi- eta metrologia-laborategi txiki bat izatetik fabrikazioaren munduan edota berrikuntzaren ekosisteman sekulako fidagarritasunaz haztera iritsi baita; sekulako meritua du horrek, meritua eta arrakasta.

Guretzat, bilakaera horretan jomuga bereziki garrantzitsu batzuk daude; adibidez, Teknikerrek, 1989an digitalizazioaren alde egin zuenean, Goitek sortu zuen 1992an, startup gisa, eta, 2006an, enpresa hori Ibermáticara sartzea erabaki genuen.

Ibermáticak merkaturatzen dituen MES Olanet soluzioak Teknikerren jaio ziren, eta, gure I+G propioa dugun arren, elkarrekin lan egiten jarraitzen dugu, lankidetzan. Duela 30 urte baino gehiagoko hasierako ideia hartatik abiatuta, Ibermátican MES produktu propio bat izatea lortu dugu, merkatuan liderra dena, ia 1.000 bezerorekin. Bada, lorpen hori guztion arrakasta dela sentitzen dugu.

Denboran iraunkorra den harreman estua duzue Teknikerrekin. Ibermáticari zer dakarkio Tekniker aliatu estrategiko gisa edukitzeak?

Ibermáticarentzat, Teknikerrekin duen lankidetza funtsezkoa da. Egunerokotasunean bezeroekin aritzen garenez, Teknikerrengan asko sostengatzen gara, 4.0 Industriarekin zerikusia duten garapen berrien ikerketari eta proiektuei dagokienez. Oso aliantza estrategiko trinkoa da, ezagutzaren fidagarritasuna eta elkarrekiko konfiantzaren gardentasuna uztartzen dituelako.

MOM Expertise Center da lankidetza horren aktibo nagusia. Zer alderdi nabarmenduko zenituzke lankidetza horretan?

Hain zuzen ere, MOM oso aktibo garrantzitsua da. Duela lau urte hasi ginen sustatzen, elkarlanean hasi ere, eta gure plataforma digitalaren bilakaera Teknikerrekin zehaztu eta kontrastatzeko lan-eremua dela nabarmenduko nuke.

Halaber, esperientzien toki bat da, non Teknikerrek dagoeneko badituen elementuak topa ditzakegun (hala nola, robotika, makinak eta abar), garapenak entseatzeko eta behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko.

Eta, jakina, bezeroekin harremanetan egoteko ingurune bat da, garatzen ari garen soluzio berriak ikusi eta haztatu ahal baitira bertan. Gainera, bezeroek aurrez aurre dituzten erronken inguruko iradokizunak egiten dizkigute.

Etorkizunera begira, zer desafio eta erronka ikusten dituzue? Zein teknologiaren alde egingo duzue Teknikerrekin batera?

Erronkak eta desafioak ugariak dira. MOMen, Teknikerrek nahiz Ibermáticak ematen ditugu etorkizunera begirako ideiak, eta garapen batzuk lehenesten ditugu, beste batzuen gainetik. Halaber, gure proiektuei laguntzeko programak kontrastatzen ditugu, eta programa horietan zein bezero sartu erabakitzen. Aspaldiko desafio eta erronkak dira, baina gero eta hobeto jorratzen jarraituko dugu.

Elkarrekin zein teknologiaren alde egingo dugun galdetu didazu; bada, 4.0 Industriarekin (dagoeneko, 5.0 Industria da) zerikusia duten guztiak landuko ditugu: IoT, biki digitalak, analitika aurreratua, zibersegurtasuna eta abar. Horretaz gain, bezeroen lana errazteari begirako teknologia berritzaileen alde egingo dugu; hala nola, hauek landuko ditugu: machine learning deritzona, makinen analisi igarlerako; zarataren analisia, ebaketa-tresnak optimizatzeko; ahots-komandoak, langileei datuak sartzen laguntzeko, etabar.

Zure ustez, Teknikerrekin duzuen bezalako lankidetzek zer ekarpen egiten diote euskal industria-ehundurari?

Labur esanda, egiteko modu baten esentzia. Konfiantzatik abiatutako lankidetzan, epe luzerako begiradarekin, balio partekatuekin eta bat egiten duten ikuspegiekin. Bestearen helburuak nork bere egitea balioa eransteko beste modu bat da. Enpresa hedatuaren kontzeptuaren eta errealitatearen parte izatea bilatzen dugu une oro, eta bezeroekin lortzen dugula sentitzen dugu.