ALBISTEAK BUELTATU

Zertan datza plasma bidezko elektrooxidazio-teknologia?
Plasma bidezko elektrooxidazio-teknologiaren bidez garatutako estaldura aurreratuak

Plasma bidezko elektrooxidazioa prozesu elektrokimiko bat da, eta industrian aplikazio ugari dauzkaten oxido zeramikozko estaldurak sortzen ditu substratu metalikoetan.

Teknikerrek espezializazio-maila altua du gainazalen ingeniaritzan eta tribologiaren nahiz estalduren esparruan, eta aditua da hainbat materialen (metalikoen, polimerikoen, zeramikoen) gainean funtzionaltasun-tarte handia hartzen duten aplikazioetarako irtenbide espezifikoak garatzen.

Hala, plasma bidezko elektrooxidazio-teknologia (ingelesez, PEO: Plasma Electrolytic Oxidation) oxidazio-prozesu elektrokimiko bat da. Prozesu horren bidez, tratatutako aleazioaren gainazalean oxido-geruza bat sortzen da, laginak polarizatzean gainazalean sortzen diren mikro-deskargen ondorioz.

PEO teknologiaren bidez, batez ere honako material hauek tratatzen dira: aluminioa, titanioa eta magnesioa, baina baita haien aleazioak ere. Hala ere, gaur egun, estaldura mota horien aplikazioa beste aleazio metaliko batzuetara ere hedatu da; hala nola, zirkonioaren, tantaloaren eta, are, altzairuaren aleazioetara.

PEO estaldurek tratatutako materialei ematen dizkieten propietate nagusien artean, besteak beste, honako hauek daude: higadurarekiko erresistentzia, korrosioarekiko eta tribokorrosioarekiko erresistentzia, tenperaturarekiko erresistentzia, erresistentzia dielektrikoa, propietate estetikoak eta ahalmen biozida.

Propietateen moldakortasunaren eta aukera-sorta zabalaren ondorioz, PEO estaldurek aplikazio ugari dituzte. Teknologia hori aplika dezaketen industria-sektoreen sorta zabala eta askotarikoa da; besteak beste, automozioa, aeronautika, biomedikuntza eta elektronika daude. 

Bideo honetan, teknologia hori zertan datzan, estaldurak sortzean lortzen diren propietateak zein diren eta teknologia aplikatzen duten sektoreak zein diren azaltzen da.