ALBISTEAK BUELTATU

Teknikerrek fabrikazio adimenduan garatu dituen azken soluzioak aurkeztu ditu Transfiere foro europarrean
Zentroa hizlari eta erakusketari aritu zen FEDITek antolatutako ekitaldian

Teknikerrek balorazio ona egin dio Transfiere - Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Europako Foroan izandako bizipenari (Malagan egin zen, otsailaren 16an eta 17an).

Transfiere – Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Europako Foroaren hamaikagarren edizioan, jende askok hartu zuen parte; otsailaren 16an eta 17an egin zen, FYCMA azoka- eta biltzar-jauregian (Malaga).

Gaurko pandemiak ez zuen eragotzi ekitaldia aurrez aurreko formatuan egitea, eta ikerketan zein ezagutzaren transferentzian garrantzitsuak diren agente publiko eta pribatu nagusiak elkartu ziren bertan, B2B harremanak ezartzeko, networking-a egiteko, partner berriak aurkitzeko, aliantza estrategikoak eta sinergiak egiteko eta produktu, zerbitzu nahiz proiektu berritzaileak ezagutzera emateko.

Teknikerrek balorazio ona egin dio foroan izandako bizipenari, non hizlari eta erakusketari aritu baitzen. 

Batetik, zentro teknologikoak mahai-inguru batean hartu zuen parte; Áureo Díaz Carrasco FEDITeko zuzendariak moderatu zuen mahai-ingurua, eta José Miguel Landeta Teknikerren Teknologiaren Transferentzia Ataleko zuzendariak «Fabrikazio adimenduneko teknologia robotikoen Cervera Sarea» izeneko hitzaldia eman zuen. 

Tekniker 2021etik buru da elkarlaneko sare horretan, zeinaren helburua baita fabrikazio industrialean teknologia robotikoen garapena eta aplikazioa sustatzeko behar diren tresnak eta azpiegiturak dauzkaten zentro teknologikoen artean sinergiak sor daitezen bultzatzea. 

Halaber, FEDITek, topaketaren antolaketa-batzordeko kideak, erakusketari gisa hartu zuen parte, zentro teknologiko askoren ordezkaritzarekin (horien artean, Tekniker zegoen). Bada, zentro teknologikoek beren gaitasun eta prototipoak erakutsi zituzten, ekonomiaren, enpresaren eta berrikuntza teknologikoaren arloetan duten ikusgaitasuna handitzeko.

Teknikerrek, zehazki, hainbat teknologia erakutsi zituen; hala nola, fabrikazio gehigarria, plasma bidezko elektrooxidazioa (PEO), laser bidezko teknologia eta mikro nahiz nanofabrikazioa, zeinak sektore estrategikoetan (besteak beste, aeronautikoan edo osasunekoan) aplika daitezkeen.