Elkarrizketa

Lankidetza, ezinbestekoa maila teknologiko handiko produktu eta zerbitzuetan aurrera egiteko

ELKARRIZKETA

Javier González Barajas, ONAko zuzendari nagusia

ONA Electroerosión elektrohigadura-makinak fabrikatzen dituen enpresa garrantzitsuenetako bat da mundu-mailan, eta aditua da elektrohigadura-teknologien garapenean. Elkarrizketa honetan, Javier González Barajas ONAko zuzendari nagusiarekin hitz egin dugu, eta Teknikerrekin partner teknologiko gisa duen lankidetzari buruz nahiz zentro teknologikoak enpresari ekartzen dizkion onurei buruz mintzatu da gurekin.

Testuinguru zaila bizi dugun arren, etorkizuna ona izango dela ematen du, BIEMH azokaren hurrengo edizioari begira. ONAk nola egiten dio aurre azokari?

Azken bi urteetako inguruabarrak direla-eta, bezeroekin genuen zuzeneko harremana asko mugatu da. Horrenbestez, BIEMHera joateak ilusio handia egiten digu. Egia da denbora honetan tresna digitalekin bizitzen ikasi dugula eta, horri esker, ez dugula bezeroekiko ohiko hurbiltasuna galdu, baina bitarteko digitalek kontaktu pertsonala ordezkatu ezin dutela ikusi dugu: biak dira garrantzitsuak, eta elkar osatzen dute.

Teknikerren pabiloi berean zaudete, hots, makina-erremintan zuen partner teknologikoa denarekin. Zein izan dira lankidetza horren jardun-ildo nagusiak?

Lankidetzaren inguruan dugun ideia nagusiak sistema mekaniko aurreratuen garapenean ditu erroak; zehazki, gure makinek tenperatura-aldagaien aurrean duten portaera mekanikoa hobetu nahi dugu. Gainera, iragazpen-sistemak hobetzeko garapenak egiten ari gara, eta, besteak beste, zerbitzuen, metrologiaren, analisien edota egitura mekanizatuen beste lerro batzuk ere zabalik dauzkagu. 

Batetik, EGONKOR proiektuarekin, makina egonkorragoak diseinatu nahi ditugu, eta, FILUSONIC proiektuarekin, zeina ultrasoinuen bidez lagundutako iragazpen-sistema bat diseinatzen ari baita, iragazpena hobetu nahi dugu sarketa-bidezko elektrohigadura-makinetan. 

Hurrengo proiektuetan, ezohiko mekanizazio-prozesuak garatzen jarraituko dugu, elektrohigadura estandarra kenduta. Fabrikazio gehigarritik hasi eta fasthole makinak hobetu arte.

Zure ustez, Teknikerrekin duzuen bezalako lankidetzek zer ekarpen egiten diote Euskadiko industria-ehundurari? Eta makina-erremintari dagokionez?

ONA oso ETE aktiboa da, eta, zentroen euskal sarearen laguntzarik gabe, ezingo zukeen lortu duena. Bada, sare horretan, Tekniker dago. Profesional bikainak dauzkagu inguruan, eta, haiei esker, mundu-mailan lehiatzen jarrai dezakegu, baita Japoniako edo Suitzako talde handiekin ere. Lankidetza ezinbestekoa da gure produktuen lehia-gaitasuna mundu-mailan mantenduko duten maila teknologiko handiko produktu eta zerbitzuetan aurrera egiteko.