TEKNOLOGIARA BUELTATU

Made in Euskadi abangoardiako teknologia munduko neutroi-iturri ahaltsuenerako
Teknikerrek instalazio zientifikoaren sistema kritiko bat diseinatzen eta fabrikatzen ari da

Tekniker zentro teknologikoak erantzuna eman nahi die Espalazio bidezko Neutroien Iturri Europarrak, hau da, Lunden (Suedia) eraikitzen ari diren ikerketako instalazio zientifikoak eskatzen dituen doitasun eta mekanika eskakizun handiei.

Espalazio bidezko Neutroien Iturri Europarra (ESS, ingeleseko izenaren siglak) diziplina anitzeko ikerketa-instalazio handi bat da, eta 2025erako aurreikusita dagoen eraikina amaitutakoan, munduko neutroi-iturririk ahaltsuena bihurtuko da gizartearen erronka garrantzitsuenetako batzuei aurre egiteko helburuarekin. 

Tekniker zentro teknologikoa aktiboki parte hartzen ari da haren diseinuan eta doikuntzan. Abangoardiako teknologiaren hornitzaile gisa, erantzuna eman nahi die Hutsune Handiko (UV) muturreko baldintzetan jarduteko eta materialei, energiari, osasunari edo ingurumenari buruzko ikerketetan aurrerapen disruptoreak ahalbidetzeko instalazio zientifikoak eskatzen dituen goi mailako doitasun- eta mekanika-eskakizunei.

Zehazki, Diseinu, Fabrikazio eta Muntaketa zentroko eta Automatizazio eta Mekanika zentroko unitateak arduratzen dira neutroi-iturriaren bihotzean instalatuko diren 15 tresna zientifikoetako batek behar bezala funtzionatzeko sistema kritikoa diseinatzeaz eta muntatzeaz. 

MIRACLES izeneko linea 162,5 metro luzeko tresna izango da, ESSko handienetako bat, eta aurrekaririk gabeko energia-bereizmena eskainiko du, endekapenezko gaixotasunak, farmakologia, magnetismoa, polimeroak, hidrogenoa eta antzeko material energetikoak aztertzeko aplikazio posibleekin. 

 

ESS-Bilbao

MIRACLESen diseinua eta fabrikazioa ESS-Bilbaoren ardura da, hau da, Europako ikerketa-azpiegituraren partzuergo gisa funtzionatzen duen neutroi-iturriaren bazkide nagusietako baten ardura (European Research Infrastructure Consortium, ERIC). 

Tekniker, AERNNOVA fabrikatzailearen ikuskaritzapean, ekipamendu horren osagai nagusietako bat baliozkotzen eta eraikitzen ari da: chopper izeneko sistema bat. Sistema horretan, karbonozko eta aluminiozko hainbat diskok, Hutsune Handiko (UV) baldintzetan, abiadura handietan biratu behar dute, elkarren artean sinkronizatuta, instalazio zientifikoaren potentzial guztia garatzeko. 

ESSko ia tresna guztiek horrelako sistema bat izango dute, eskatutako maila energetikoa hautatu eta neutroien scattering edo dispertsio-esperimentuak modu optimizatuan egin ahal izateko.

Egin beharreko probak egin ondoren, euskal zentro teknologikoak diseinatu eta muntatutako sistema Lundeko (Suedia) ESSn instalatuko da, mendebaldeko sektorean kokatuta. 

Proiektu hori 2024ko maiatzerako aurreikusita dago eta, proiektu horren bidez, Teknikerrek espero du instrumentazio zientifikoaren arloan duen ezagutza handitzea eta merkatuan hornitzaile alternatibo gisa kokatzea sistema horien horniduran, gaur egun 2 edo 3 konpainiak bakarrik fabrikatzen baitituzte mundu osoan.