ALBISTEAK BUELTATU

Teknikerrek eskaner poligonal bat eskuratu du fabrikazio-prozesuetan produktibitatea areagotzeko
Laser-teknologia berritzaileak ohiko eskanerrek baino azkarrago jarduten du

Teknikerrek denbora aurrezten duen eta industria-prozesuen produktibitatea hobetzen duen soluzio berritzaile bat dauka, besteak beste testurizazioan, mikrozulaketan, ebaketan eta mekanizazioan erabil daitekeena.

Merkatuan, gaur egun, optika finkoko laser-buruak eta fabrikazio-prozesuetan erabiltzen diren eskanerrak daude. Azken horien artean, galvanometriko deiturikoak dira ohikoenak.

Sistema horiek (adibidez, laser-markaketa) industrian oro har erabiltzen diren arren, produktibitate handiko prozesuetan eta/edo balio erantsi gutxiko produktuen gainean ez dira oso bideragarriak.

Zentzu horretan, eskaner poligonalak dira merkatuko soluzio berritzaileenetako bat, azkarrago jarduten baitute eta, ondorioz, egikaritze-denborak aurrezten eta produktibitate handiagoa lortzen baitituzte. Horregatik, Teknikerrek eskaner berritzaile horietako bat eskuratu du, eta ekipamendu berezi hori, Espainian bakarra, eskakizun horiek eskatzen dituzten teknologien aplikazioan aurrera egiten lagunduko du.

Eskaneatzeko teknologia horretan, laser-spotak ispilu poligonal batean egiten du errebotea, islapenaren bidez. Ispilu horren biraketari esker, laserrak lerro bat marrazten du, eta laginaren mugimenduak lerroarekin perpendikular egiten du prozesua.

Sistema horren berezitasun nagusia argi-izpia gidatzeko moduan datza. Ispiluak oso abiadura handian biratu daitezkeenez, laginaren eta izpiaren arteko mugimendu erlatiboa 100 metro segundokoa izatera irits daiteke.

Esate baterako, 1m2-ko azalera baten laser-testurizazioa bost minututik beherako denboran egin daiteke; ohiko sistemekin, berriz, ordubete baino gehiago behar izaten da. Hortaz, laser-prozesaketa bideragarria izan daiteke balio erantsi gutxiko produktuetan.

Fabrikaziorako sistema hori eskuratuta, Teknikerrek zerbitzu bateratuak, aurreserieak, ekoizpen-prozesuko instalazioa edo prozesu berritzaile berrien garapena eskain diezazkioke industriari, Laser Manufacturing Lab in Tekniker laborategiaren bidez.

Ekipamenduak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioa jaso du.