ALBISTEAK BUELTATU

Teknikerrek aurrerapausoak eman ditu nerbio periferikoko lesioak lehengoratzeko inplanteen garapenean
ACS Biomaterials Science and Engineering zientzia-aldizkariak proiektuaren emaitzak ziurtatu ditu

Teknikerrek aurrerapausoak eman ditu nerbio periferikoko lesioak lehengoratzeko inplanteen garapenean, eta emaitzak ACS Biomaterials Science and Engineering zientzia-aldizkari amerikarrean argitaratu dituzte.

Oro har, istripu traumatikoek eragiten dituzte nerbio periferikoko lesioak, eta eragin nabarmena izaten dute pertsonen bizi-kalitatean, kontrol motorra galtzea eta zentzumen-funtzioak asaldatzea ere eragin dezaketelako.

Medikuntza birsortzaileak nerbio-sistema periferikoan lesioak izan dituzten pazienteei ebakuntza egiteko aukerak eskaintzen ditu. Besteak beste, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea den Tekniker euskal zentro teknologikoaren aurrerapenak daude hor. Bada, zentro teknologikoak NEURIMP proiektu europarraren esparruan egin ditu aurrerakuntzok, eta animaliekin egindako entsegu preklinikoetan lorturiko emaitza arrakastatsuak ACS Biomaterials Science and Engineering zientzia-aldizkari amerikar ezagunean argitaratu dira.

Soluzioak bestelako aukera bat ematen du, istripu traumatikoak izan dituzten pazienteei inplante autologoak jarri behar ez izateko.

Beraz, inplante horiek ordezkatzeko, Teknikerreko ikertzaileek belaunaldi berriko material biobateragarri eta biodegradagarriak eta fabrikazioko teknologia eskalagarriak konbinatu dituzte, nerbio periferikoaren funtzionamendua lehengoratzea lortzen duten inplante aurreratuak garatzeko.

Zentro teknologikoak, proiektua koordinatzeaz gainera, zentroaren espezializazio-arloetan (gainazalen ingeniaritzan eta fabrikazio aurreratuan) integratutako teknologiak garatu ditu; hala nola, eskala mikrometrikoan garatu du polimeroen prozesaketa, inplantearen egitura tubularra (mikrokanalez osaturikoa) optimizatzeko xedez, jatorrizko nerbioaren geometria mimetizatuz.

Euskal zentroak, era berean, partzuergoko beste erakunde batzuek sintetizatutako polimero sintetikoekin eta naturalekin egin du lan, baita bien arteko nahasketekin ere, eta material berrien ezaugarri biofisikoetara egokitu ditu mikrofabrikazioko teknologiak.

Teknikerren teknologia berritzailearen bideragarritasuna eta eraginkortasuna baliozkotzeko, entsegu preklinikoak egin dira animaliekin (zehazki, arratoiekin). Hala, nerbio ziatikorako inplanteak jarri zizkieten, eta inplante komertzialekin baino emaitza hobeak lortu zituzten.

Aurrerapenak bitarteko espezializatuetan argitaratuz, aitortza egiten zaio Teknikerren egiten ari den ikerketaren kalitateari, eta medikuntza birsortzailearen eremurako soluzioen garapena sustatzen da.

This project has received funding from the European Community's Seventh Framework Programme (FP7-NMP-2013-SME-7) under grant agreement no 604450.

Informazio gehiago HEMEN.