ALBISTEAK BUELTATU

Jasangarritasun handiagoa sektore aeronautikorako
Soberako materiala berreskuratzeko nahiz berrerabiltzeko gai izango den makina bat

Tekniker zentro teknologikoa buru da RECYCOMP izeneko proiektuan, zeinaren helburua baiten industria-prozesuetan sobera geratzen den materiala berrerabiltzeko makineriaren garapenean aurrera egitea.

Europar Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak, hainbat programaren eta egitasmoren bidez, birziklapenaren, ekonomia zirkularraren eta ingurumenaren arloko politikak bultzatzen dituzte, eta industriak ere urrats bat eman behar du norabide berean. Hala, birziklatutako materialen merkatuan eskaria sor dadin, lehentasunezkoa da industria-materialak berrerabiltzeko ekoizpen-prozesu eta -bitarteko ekonomikoki errentagarriak sortzea.

Testuinguru horretan, RECYCOMP proiektuak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Tekniker euskal zentro teknologikoak gidatzen duenak, prozesu eta bitarteko jasangarrien garapenean aurrera egiteko asmoa dauka. Zehazki, aurreinpregnatutako norabide bakarreko karbono-zuntzezko materialaren (PREPREG) soberakinen arloan. Material hori piezak fabrikatzean sortzen da, ijezketa automatikoko edo eskuzko ijezketetako prozesuetan (hala nola, sektore aeronautikoan), eta soberakinak isuri edo erraustu egiten dira, jarduera horiek ingurumenean sorrarazten dituzten arazoekin.

Egitasmoa Clean Sky 2 deialdi europarrean kokatuta dago, eta 2023aren erdialdean amaituko da. Bada, proiektuak aurrera egingo du material birziklatuaren jokaeraren analisian eta kontrolean, ondoren industria aeronautikorako osagai funtzionalak fabrikatzeko orduan erabil dadin.

Horri begira, Teknikerrek askotariko teknologietan dauzkan ezagutzak erantsiko ditu, proiektuaren helburua lortzeko; hau da, PREPREGaren soberako materiala berreskuratzeko nahiz berrerabiltzeko gai izango den makina bat diseinatu eta garatzeko. Teknologia horien barruan, makineria bereziaren garapena, mekatronika, automatizazioa, robotika eta ikuspen artifiziala sartzen dira.

Gero, zentroak entsegu mekanikoak egingo ditu, birziklatutako materialaren jokaera probetetan egiaztatzeko; izan ere, probeta horiekin entsegu mekanikoak egingo dira, erresistentzia baloratzeko (birziklatu gabeko materialarekin lortzen den erresistentziarekin alderatuko da). Ondoren, kritikoak ez diren osagaiak fabrikatzeko erabil litezke material horiek; besteak beste, hegazkinaren barrualdeko osagaiak egiteko (eserlekuen, maletategien eta abarren zatiak).

RECYCOMP proiektuak 2022ko irailerako eduki nahi du prototipoa prest, eta Leonardo Aircraft Division fabrikatzaile eta egitasmoaren Topic Manager-aren instalazioan instalatuko da gero, Napolin (Italia).

RECYCOMP project has received funding from the Clean Sky 2 Joint Undertaking under the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement No 886967.

Informazio gehiago HEMEN.