TEKNOLOGIARA BUELTATU
image1 image2 image2

Adimen artifiziala, platanoen heltze-prozesua optimizatzeko
'Analista birtual' batek merkatuko platanorik onena lortzea ahalbidetzen du

Tekniker zentro teknologikoak eFOOD 4.0 proiektua garatu du, Deep Learning erako eredu bat, platanoak karakterizatzea eta platanoek balio-katean duten heltze-prozesua optimizatzea ahalbidetzen duena.

Sare neuronaletan oinarritutako irudien prozesaketa adimen artifizialeko tekniketako bat da, eta, besteak beste, elikagaien sektorerako soluzioak garatzen laguntzen du. Soluzio horiek ekoizpen- eta prozesaketa-katean akatsak identifikatzea ahalbidetzen diete enpresei, baita produktuen kalitatea modu objektiboan eta prozesuaren gaineko ezagutza-maila handiagoarekin hobetzea ere.

Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, ezagutza handia dauka adimen artifizialeko tekniken erabileran (hala nola, Deep Learning erakoetan); zehazki, objektuak eta haien ezaugarriak detektatu eta identifikatzeko ikuspen-aplikazioetarako CNN tekniken (sare neuronal konboluzionalen) arloan.

Deep Learning-eko eredu bat da, datuak aztertuz irudietan ezaugarriak edo akatsak hautematea ahalbidetzen duena.

Platanoen ezaugarrien identifikaziotik abiatuta sortu da 'analista birtual' hori, EUROBANAN LOGÍSTICA NORTEREN eta UVESCO TALDEAREN instalazioetan ateratako 2.000 argazki baino gehiagotan oinarrituta.

Tekniker arduratu da adimen artifizialeko eredua 'entrenatu' eta soluzioa UVESCO TALDEAREN instalazioetan martxan jartzeaz.

Emaitzarekin, platanoen heltze-prozesua optimiza daiteke, urteko edozein sasoitan kalitate oneneko produktua eskaintzeko, heltzeko baldintza optimizatuak aplikatuz. Ondorioz, eraginkortasunean irabazten da, eta elikagai-xahuketa murrizten.

Halaber, eFOOD 4.0 proiektuaren barruan, platanoaren heltze-egoera balio-kate osoan zehazteko prozesua automatizatzeko lan egin da. Balio-katea EUROBANAN LOGÍSTICA NORTEREN heltze-ganberetan hasten da, biltegiratze logistikotik eta banaketatik igarotzen da, eta UVESCO TALDEAREN dendetako salmentan bukatzen da, amaierako kontsumitzailearengana iritsitakoan.

Horrela, 'analista birtualak' produktuaren kudeaketaren inguruan erabakiak hartzen laguntzen dio heltze-maisuari, platanoen egoera denbora errealean monitorizatuz eta platanoaren bilakaeraren gainean balioespenak egitea ahalbidetuz.

4.0 teknologiak sartuta (hala nola, sentsoreak, ikuspen artifiziala eta eredu prediktiboak), platanoen heltze-prozesua objektiboki eta hobeto monitoriza daiteke, eta prozesu guztiaren gaineko ezagutza handiagoa lortu.

EUROBANAN LOGÍSTICA NORTEK eta UVESCO TALDEAK, hainbat parametro (kolorea edo ezaugarriak eta gabeziak) aztertuz, kalitate oneneko platanoak eskain diezazkiekete amaierako kontsumitzaileei urte osoan.

e-FOOD 4.0 proiektuan, besteak beste eta Teknikerrez gain, EUROBANAN LOGÍSTICA NORTEK eta UVESCO TALDEAK hartzen dute parte, eta Hazitek 2019-2020 programak finantzatu du.