Elkarrizketa

Adimen artifiziala, logistikaren sektorean prozesuak hobetzeko

ELKARRIZKETA

Mikel Altuna, ULMA Handling Systems-eko aliantzen kudeaketarako eta produktuen garapenerako zuzendaria

ULMA Handling Systems ULMA taldeko negozio-unitate estrategikoetako bat da. 30 urtetik gorako eskarmentua dauka sektore-sorta zabal bati ingeniaritza intralogistikako soluzio bereziak eskaintzen (hala nola, elikagaien eta edarien sektorean, burdingintzan eta brikolajean, operadore logistikoen arloan, farmazian, supermerkatuetan eta txikizkako salmentan, modan eta industrian oro har), eta erreferentziazko bazkide bihurtu da berrikuntzaren alde egiteari uzten ez dion eremu batean. Mikel Altunak, ULMA Handling Systems-eko aliantzen kudeaketarako eta produktuen garapenerako zuzendariak, Teknikerrekin duten lankidetzari buruz hitz egin digu, baita adimen artifizialak beren produktuetan duen garrantziari buruz ere.

Adimen artifizialeko zein teknologia aplikatu dira PICK-PLACE egitasmoan?

Deep Learning edo ikaskuntza sakona deritzona izan da funtsezko teknologia, etiketatutako irudietatik abiatuta ereduak sortzen laguntzen duen teknologia bat.

Zein arazo mota konpontzen saiatzen dira sistema horiek? Adimen artifizialak nola lagundu du problematika horri irtenbidea topatzen?

Teknologia hori ereduak sortzeko aplikatu da: eredu horiei esker, pieza bati heltzeko punturik onena zein den zehaztu daiteke, aurretiko konfiguraziorik egin beharrik gabe.

Robotak informazio hori erabiltzen du piezari heltzeko dagoen mugimendu-ibilbide egokiena taxutzeko.

Soluzio horrek logistikaren sektorean picking problematika jorratzea ahalbidetzen du; izan ere, erreferente ezberdinen kopurua hain da handia, ezen bideraezina baita bakoitzaren ad hoc konfigurazioa egitea.

Halaber, robotaren inguruan pertsonak identifikatzeko erabili da teknika hori. Zehazki, elkarlana egon litekeen egoeretarako. Hala, robotaren ibilbidea alda daiteke, eta talkak edo nahi ez diren geldialdiak saihestu, pertsona bat dagoenean.

Zergatik fidatu zarete Teknikerrekin teknologia horiek garatu eta aplikatzeko orduan?

ULMA Handling Systems-ek urte asko daramatza I+G proiektuak garatzeko orduan Teknikerrengan konfiantza izaten. Lankidetza horri esker, produktu berritzaileak atera ahal izan ditugu merkatura, eta toki lehiakorra eskuratu dugu horrela.

Ibilbide luze honen ondorioz, harremana egonkortu egin denez, Teknikerrek lehen eskutik ezagutzen ditu gure sektoreko behar eta erronka teknologikoak.

Gainera, Teknikerreko robotika aurreratuaren arloko lan-ildoak eta ULMA Handling Systems-en profilatuta daukagun roadmap teknologikoa oso lerrokatuta daude.

Sortu dugun lankidetza-ingurunean, oso modu eraginkor eta arinean egin eta gauzatu ditzakegu proiektuak.

Nola baloratzen duzu Teknikerrek adimen artifizialeko soluzioak garatzen duen gaitasuna?

PICK-PLACE proiektuan eskuratutako emaitzek hasiera bateko espektatibak gainditu dituzte. Kontzeptua bera probatzeko eta teknologia baliozkotzeko ariketa modura planteatu genuen proiektua, eta, amaierako emaitzari esker, askoz ere erronka handiagoak planteatu ahal izan ditugu gure soluzioen hurrengo bilakaeretarako.

Adimen artifizialaren aplikazioei dagokienez, zein uste duzu izan daitezkeela elkarrekin jorratzeko hurrengo erronkak?

Barne-logistikaren munduan, urteak daramatzagu produktuak nahiz soluzioak merkatuko eskaera berrietara egokitzen. Gure kasuan, bistakoa da kontsumo-ohiturak nabarmen aldatzen ari direnez gure bezeroen premiak ere aldatzen ari direla, eta, azken finean, bezeroak dira etxetik egiten ditugun eskaeren jomuga.

Stockean unitate gutxi dauzkaten produktuen katalogo zabalak eduki behar ditugu, eta oso unitate gutxiko eskaerak prestatu behar ditugu, oso produktu heterogeneoekin, denbora errekorrean eta kostu baxuan. Horrek guzti horrek konplexuagoa bihurtzen du guztia, eta gure sistemek konplexutasun horri egin behar diote aurre.

Zentzu horretan, adimen artifiziala teknologia giltzarria da agertoki berrietara egokituko diren produktuak sortzeko.

Horren adibide argia da PICK-PLACE proiektua. Sistemara sartzen ditugun produktu berriak automatikoki eta modu bateratuan manipulatu ahal izatea, produktu horien ezaugarri morfologikoen gaineko aurretiko informaziorik eduki gabe, sekulako aurrerapausoa da, eta produktuen katalogoa dinamismo handiz kudeatzeko soluzioak sortzeko atea irekitzen digu horrek.